Irungo Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, ‘Euskaraz barra-barra‘ proiektura batu da. Guztira, 87 dendak bat egin dute euskara hirian sustatzeko eta ikusarazteko ekimenen honekin. Programak helburu bikoitza du: Euskararen erabilera sustatzea bilatzen du, ostalaritzan eta zerbitzuetan; eta, bestetik, bezeroei euskaraz artatuak izateko aukera ematen dieten saltoki eta zerbitzuak ikusaraztea.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Frantziako Gobernuko Euskararen Entitate Publikoak bultzatzen dute, eta Irungo Udala bertara batu da euskara sustatzeko asmoarekin. Egitasmoa aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Josu Iguiñiz Irungo Udaleko Euskarako ordezkariak eta Nuria Alzaga Ekonomia Sustapeneko ordezkariak, Joseba Lopetegi Sargia taberna, Amaia Txapartegi Bidasoa altzari denda eta Gorka Olaizola Olaizola higiezinen agentzeiako merkataritzako sektoreko kideekin batera, programaren xehetasunak partekatu dituzte.
Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak adierazi duenez, “egunero milaka harreman daude merkatari eta ostalarien eta euren bezeroen artean, eta hizkuntza da elkarri ulertzeko gakoa. Euskara ordezkariak azaldu du hiritar euskaldun askori “zalantzak” suertatzen zaizkie euskara erabiltzea erabakitzeko ordua. Egoera honen aurrean euskara ordezkariak azaldu du, “dinamikak aldatu eta euskararen erabilera bultzatu nahi dugu harreman horietan”.
Bestalde, Nuria Alzaga Ekonomia Sustapeneko ordezkariak gogorarazi duenez, “tokiko merkataritza hurbiltasunean oinarritzen da, ezagutzan eta entzutean, eta hizkuntza ere zaintza horren parte da”. Alzagak azpimarratu du, euskaraz arreta ematea ez da hizkuntzaren kontua soilik, konfiantza sortzeko eta jendea etxean sentiarazteko modu bat ere bada: “horrek egiten du indartsu eta desberdin gure merkataritza-sektorea”.
Hiriko merkataritzako eta zerbitzuetako langileak pozik agertu dira hirian kanpaina hau abiatu behar zela jakin dutenean, haiek ere horren beharra ikusten baitute. Sargia Tabernako Joseba Lopetegik azpimarratu du nolako garrantzia duen berezoari lehen hitza euskaraz egitea. “Hitz gutxi batzuk badira ere, agurra edo prezioak, ohitura aldatzen laguntzeko nahikoa dira”, adierazi du Lopetegi ostalariak. Berarekin iritzia partekatzen du Olaizola higienezinen agentziako Gorka Olaizolak, esnaez, “askotan harritu egiten gara, guk uste baino bezero gehiago euskara dakitelako, horregatik, gure lehen hitzak euskaraz egiten saiatzen gara beti”. Bidasoa Altzari dendako Amaia Txapartegik gaineratu du bezero asko oraindik harritu egiten direla Irunen ere euskaraz egiten dela jakiterakoan, beraz, “hori aldatzeko garaia da” adierazi du.
Parte-hartzeko konpromisoa
Ekimenean parte hartu ahal izateko, dendek eta zerbitzuek 2 baldintza zehatz bete behar dituzte. Batetik, gutxienez euskara ulertzen duen langile bat egon behar da bertan une oro, denda irekita dagoen bitartean, bezeroek euskara erabiltzeko aukera eduki dezaten. Bestetik, ‘Euskaraz barra-barra’ pegatina leku ikusgarri batean jarri behar dute, bezeroek erraz ikusi eta identifikatzeko moduan.
Gainera, Iungo Udalak, bestalde, hainbat zerbitzu eta laguntza eskainiko dizkie proiektuko parte-hartzaileei, Euskara Arloaren eskutik. Adibidez, errotulazioa euskaraz jartzeko dirulaguntzak edo doako itzulpen-zerbitzua, bezeroentzako kartelak eta euskarriak gaztelaniatik euskarara itzultzeko. Prentsaurrekoan gogoratu denez, Euskara zerbitzuak beste aukera hauek ere eskaintzen ditu: Merkataritza- eta ostalaritza-arloetako hiztegi espezifikoak, sektore horietarako euskara ikastaro berezituak eta aholkularitza linguistikoko zerbitzu pertsonalizatua.
Aurreko azterketa
Azaroaren 12tik abenduaren 15era bitartean, datuak bildu dira 175 establezimendutan. Horien artean, 116k ‘Euskaraz barra-barra’ proiektuan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzte, hots, gutxienez euskaraz ulertzen duen langile bat dute une oro, denda irekitzen denetik ixten denera arte. Zehazki, 142 establezimenduk badaukate euskaraz ulertzen duen langileren bat, baina 26k ez dute bermatzen irekita dauden ordu guztietan daudenik.
Baldintzak betetzen dituzten 116 establezimenduei programan sartzeko proposatu zaie, eta 87k baietz esan dute; hala, programan sartzeko aukera duten denda eta zerbitzuen % 75 atxiki da programara.
Baldintzak betetzen al dituzten jakiteko, bezeroekin lan egiten duten langileen hizkuntza-gaitasunei buruz galdetu egin da. Hauek izan dira lortutako emaitzak: 175 establezimendu horietan, 664 pertsonak lan egiten dute bezeroen aurrean; horien artean, 355 (% 53,5) euskaraz hitz egiteko gai da, 140 (% 21) ez da gai euskaraz berba egiteko baina ulertzen du, eta 169 (% 25,5) ez du euskaraz hitzik egiten ezta ulertzen ere.
Elkarrizketatuak izan diren 175 pertsonen balorazioa kontuan izanik, Udalak martxan jarritako kanpaina honen balorazioa ona izan da, eta azpimarratu du bezero euskaldunen gogobetetasuna hobetuko duela.
Datozen hilabeteen zehar, proiektuan parte hartuko duten establezimenduei bisita eta jarraipena egingo zaie, bermatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela eta proiektuaren lehenengo balorazioa egiteko elkarrekin.



