Irungo Udalak urrats erabakigarriak eman ditu aste honetan hiriko osasun-sarea hobetzeko eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko. Apirilaren 24ko ohiko osoko bilkuran, Udalbatzak hasierako onarpena eman dio Oinaurre eremuan (6.2.01 azpisektorea) dauden udal-jabetzako lurzatiak Euskadiko Autonomia Erkidegoari doan uzteko, bertan osasun-zentro berri bat eraikitzeko helburuarekin. Bestetik, atzo Tokiko Gobernu Batzordeak Elizatxo etorbideko 3. zenbakian dagoen lokal baten lagapena ere onartu zion Osakidetzari, aldi baterako pediatria-zerbitzua eskaintzeko
Oinaurren osasun-zentro berria eraiki ahal izateko, elkarren mugakide diren bi azalera handi lagako dira: alde batetik, 1.000 metro karratutik gorako asistentziazko lurzatia, eta bestetik, ia 6.200 metro karratuko hezkuntza-ekipamendurako orubea. Lagapen honi esker, eremu horretako bizilagunek lehen mailako arreta hurbilago eta modernoagoa izango dute etorkizun hurbilean.
Aldi baterako pediatria-zerbitzua
Bestalde, eta premiazkoagoa den behar bati erantzunez, Udalak Elizatxo etorbideko 3. zenbakian dagoen lokal baten lagapena ere onartu dio Osakidetzari. Kasu honetan, aldi baterako pediatria-zerbitzua eskaintzeko erabiliko da espazioa. Lokala IRUNVIren eraikin bateko etxabean dago, Irun erdialdeko anbulatoriotik oso gertu, eta 2024tik jendea bizi den babes ofizialeko 42 etxebizitzaren azpian kokatzen da.
Elizatxoko instalazio berri honek 542 metro karratu erabilgarri ditu eta irisgarritasun unibertsala bermatzen du Euskal Herria etorbidetik. Lokala espazio garden gisa diseinatuta dago, lau metroko altuerarekin, eta zarataren zein bibrazioen aurkako isolamendu egokia du, egungo araudia betez. Neurri honekin, Udalak eta Osakidetzak hiriguneko pediatria-arreta bermatu eta erraztu nahi dute instalazio berriak prestatu bitartean.



