400 eskaera baino gehiago jaso ditu jada Irungo Udalak migratzaileen ezohiko erregularizazio-prozesuan

Irungo Udala laguntza ematen ari da migratzaileentzako ezohiko erregularizazio-prozesuan, zeinaren eskaerak egiteko epea joan den apirilaren 16an ireki zen. Irunen, orain arte, 400 eskaera baino gehiago kudeatu dira guztira, eta gaur egun Txingudiko Elkarte Feminista da akreditatutako erakunde bakarra, beste elkarte bat baimenaren zain dagoen bitartean.

Eskaeren gorakada aurreikusita, Udalak azterketa sakona egin du egungo egoera eta pertsona-kopurua baloratzeko, baliabideak modu eraginkorrenean banatu eta herritarren beharrei ahalik eta arinen erantzun ahal izateko.

Onartu berri den dekretuak baldintza zehatzak ezartzen ditu erregularizazioa lortu ahal izateko. Besteak beste, eskatzaileek egiaztatu behar dute Espainiako Estatuan bizitzen ari direla 2026ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, eta eskaera egiten den unean gutxienez bost hilabetez jarraian egon direla bertan. Horrez gain, ezinbestekoa da aurrekari penalik ez izatea ziurtatzea prozesuarekin aurrera egiteko.

Eskaerak aurkezteko prozesua

Garrantzitsua da zehaztea udalerriek ez dutela erregularizazioa bera izapidetzen; haien eginkizuna migratzaileen kalteberatasun-balorazioa egitea da soilik. Kalteberatasun-ziurtagiri hori udal bakoitzeko gizarte-zerbitzuek edo Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak akreditatutako erakundeek bakarrik eman dezakete.

Irungo Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun arloak koordinazio-bilerak egin ditu aipatutako elkarteekin, prozedurak eta irizpideak argitzeko eta izapidetzean zorroztasuna bermatzeko. Kalteberatasun-ziurtagiria emateko irizpidea unibertsala izango da: errolda edo errolda soziala duten pertsonei, edota gizarte-zerbitzuetan erreferentziazko teknikari bat esleituta dutenei emango zaie, Euskadiko gainontzeko udalerriekin bat eginez.

Azkenik, Udalak zerbitzua indartu du langile bat gehiago kontratatuz, prozesu osoa arintasunez eta berme juridiko guztiekin gauzatu dadin. Izapideari buruzko informazio osoa Ministerioaren webgunean kontsulta daiteke, eta kalteberatasun-ziurtagiria eskatzeko hitzordua aurrez aurre HAZ bulegoetan edo bienestarsocial@irun.org posta elektronikoaren bidez kudeatu behar da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude