
Irungo Txingudi Errugbi Klubak mugarri historikoa ospatu du egunotan: Helene Tristan emakumezkoen talde nagusiko jokalariak Gazteriaren Joko Olinpikoak jokatuko ditu Dakarren (Senegal). Barbara Plá hautatzaileak 18 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin lehiatzeko aukeratu dituen hamabi jokalarien artean sartu du jokalaria, azken hilabeteetako bilakaera bikaina eta forma-egoera sendoa aintzat hartuta.
Tristan Plaiaundiko instalazioetan hasi zen errugbian, eta Txingudiko harrobiko kategoria guztietatik igaro zen (10 urtez azpikotik 16 urtez azpikora bitartean). Garai hartan Euskadiko Selekzioarekin parte hartu eta zazpiko modalitatean estatuko hirugarren postua eskuratu zuen. Ondoren, Bidasoaz gaindiko bidea hartu eta Entente de la Nivelle taldean jokatu zuen —Frantziako txapeldun bilakatu zen hamarreko errugbian eta Akitania Berriarekin VI Nations txapelketan aritu zen—. 2025/26 denboraldian Ordiziako Errendimendu Handiko Zentroko kide izateko hautatu zuten, eta 2026/27 ikasturte honetan Txingudira itzuli da, 2025ean jasandako belauneko lesio larria atzean utzi eta senior mailan lidergo sendoa erakutsiz.
Txapelketa olinpikoa
Txapelketa olinpikoaren hasiera oso berezia izango da jokalariarentzat, lehen jardunaldian bertan beteko baititu 17 urte. Astelehenean hasiko da lehia: Espainiak Txekiar Errepublikaren (13:14) eta Madagaskarren (15:10) aurka jokatuko du, eta asteartean lehen fasea itxiko du Estatu Batuen aurkako partidan (11:46). Emaitzen arabera, hirugarren egunean dominak eta sailkapena erabakiko dira. Lorpenaren aurrean, Iñigo Aizpurua harrobiko arduradun ohiak eta Onintza Burgera taldekideak Tristanen jokorako ikuspegia, kemena eta taldekideak laguntzeko gaitasuna txalotu dituzte.
Beñat Bereau Euskadiko selekzioarekin
Tristanen deialdiarekin batera, Irungo klubak beste albiste pozgarri bat izan du: Beñat Bereau 18 urtez azpiko Euskadiko selekzioarekin lehiatuko da larunbatean Zarautzen Gaztela eta Leonen aurka. Bestalde, asteburuan Txingudiko Eskolako taldeak bakarrik arituko dira lehian: 14 urtez azpikoek (Atletico San Sebastianekin batera) larunbatean lagunartekoak jokatuko dituzte Aieten Ordizia eta La Unicaren aurka, eta 10 zein 12 urtez azpiko taldeek igande goizean Hernanin jokatuko dute Eibar, Arrasate, Errioxa eta etxeko taldearen kontra.



