Memoria Historikorako Bulegoak hiriko ikastetxeekin lanean jarraitzen du

Asteazken honetan, Irungo Udalak, Memoria Historikorako Bulegoaren eta Santi Jiménez ordezkariaren bidez, Departamentuak iaz ikastetxeekin elkarlanean hasitako lanaren eta proiektu aitzindariaren berri eman du.

“Helburua ikastetxeetan memoria historikoa lantzea zen. Ekimena berria zen, eta oso harrera ona izan zuen: berrehun bat ikaslek parte hartu zuten. Bada, 2023rako, iazko eskaintza zabaldu nahi izan dugu, eta jarraipena eman, bi proiektu oso berritzaileren bidez”, azaldu du ordezkariak.

Batetik, DBHko 4. mailako ikasleek 1936ko gerrari eta frankismoaren garaiko (1936tik 1945era bitarteko) Iruni buruzko escape street batean parte hartuko dute; zehazki, Txingudiko eta Eguzkitzakoek: guztira, 181 lagunek. Memoria Historikorako Zerbitzuak ibilbide bat sortu du haientzat hirian barrena, hainbat geldialdiz osatutakoa eta ikasleek arrastoei jarraikiz osatu beharrekoa.

Bestetik, Pio Baroja BHIko Batxilergoko ikasleek escape room batean parte hartuko dute. Arrastoei jarraikiz eta igarkizunak asmatuz ihes egiteko jolas klasikoa izango da, deportazioari buruzkoa kasu honetan, eta 250 bat ikaslek jokatu ahalko dute.

Horrela, nazien kontzentrazio esparruetara eraman zituzten irundarren bizimodu latza ikusiko dute: esparrurako iritsiera, esparruaren barruko baldintza penagarriak, horrelako “heriotza esparruetan” sartzen ziren biktimen bukaera posibleak… Enigmak argituz, ikasleek didaktikoki jorratuko dituzte eduki horiek eta beste batzuk, esparru nazietara deportatutakoen historiaren inguruan betiere, Departamentuak joan den urtean egin zuen ikerketa lanaren ildotik. Hain zuzen ere, deportatuentzako omenaldi bat, erakusketa bat eta Carlos Hernándezek eman zuen hitzaldi bat antolatu zituen Departamentuak.

Bi saioak martxoan izango dira: escape street jokoa, hilaren 20tik 24ra bitartean, eta escape room jokoa, hilaren 27ko astean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude