KOLDO ELORZ, Asistencia Familiar 24 enpresako kudeatzailea: “Neurrira egindako jantzien modukoa da kasu bakoitza”

Uztailean zabaldu zituen ateak Asistencia Familiar 24 frankiziak Irunen duen bulegoak. Mendeko diren pertsonei zuzendutako zerbitzuak eskaintzen ditu. Koldo Elorz Azpiroz da kudeatzailea, eta gizarteratze lanean dabil. Hala ere, azpimarratu du ahoz-ahokoa dela, haientzat, propagandarik onena: “Ondo egindako zerbitzuaren, edo jasotako tratuarekin pozik dagoen familiaren ondorioz heltzen dena, hori da balio gehien duena”. Enpresaren inguruko xehetasunak eman ditu, dena den.SONY DSC
Zein da Asistencia Familiar 24ren lan eremua?

Mendeko diren pertsonen arreta zerbitzua kalitatezkoa izan zedin zen nire asmoa. Estatu mailako frankizia ezberdinak aztertu nituen, eta Astistencia Familiar 24 zen segurtasun gehien ematen zidana, nire ideia Behe Bidasoan aurrera eramateko. Haiekin harremanetan jarri nintzen, eta azkar jarri ginen ados.

Ezagutzen zenuen sektorea?

Gobernuz Kanpoko Erakundeetan ibili izan naiz gaztetatik. Gero, Larrialdiak anbulantzia enpresan lan egin dut urtetan, oinarrizko bizi euskarriko anbulantzia baten gidari. Hor argi ikusi nuen, mendeko pertsonei eskaintzen zaien zerbitzua nahiko eskasa dela. Etxebizitza batzuetara goizaldean iristen ginen, eta zaintzaileek edo askotan familiek, ez zuten jakiten zein botika hartzen zuen pertsonak, edo ez zituzten azken mediku txostenak eskura. Uste dut beste formazio maila bat behar dela.

“Familia bakoitzak behar, ordutegi, baldintza eta aurrekontu ezberdinak ditu”
Zerbitzu eskaintza zabala du enpresak, bezeroaren beharren araberakoa, ezta?

Neurrira egindako jantzien modukoa da kasu bakoitza. Familia bakoitzak behar, ordutegi, baldintza eta aurrekontu ezberdinak ditu. Kasu bakoitzera egokitu beharra dugu, eta zerbitzuak asko izan daitezke: etxebizitzen garbiketa, adinekoen zaintza, laguntza ospitaleetan, anbulatorioetan edo anbulantzietan… Oso-oso zabala da.

Langileen formazioan sakondu beharko duzue horretarako.

Lanbiden formazioa eskaini nahi dugu, 2017tik aurrera profesionaltasun txartela eskatuko dietelako sektoreko langile guztiei. Estatuko beste lekuetan horretan hasi da Asistencia Familiar 24 enpresa, eta ez du arazorik eduki.

Tratuak pertsonalizatua, enpatikoa eta goxoa behar du izan”
Zenbat langile dituzue, eta zein da langile horien profil nagusia?

14 langile ditugu kontratatuta, eta 140 pertsonako lan poltsa dugu. Lan elkarrizketak egiten ditugunean, bilatzen duguna da pertsona horiek enpatia edukitzea, argi eduki dezatela pertsona bat zainduko dutela. Hori da garrantzitsuena. Tratuak pertsonalizatua, enpatikoa eta goxoa behar du izan.

Alderantziz ere bai. Familiak ulertu beharko du langilea pertsona dela.

Inolako zalantzarik gabe. Aita edo ama zaintzen ari den langilea pertsona da, eta bere betebeharrak eta eskubideak ditu. Lan handia egiten du, eta aitortu behar zaio.

Urtetan erregularizatu gabe egon den lana da, eta oraindik ere ikuspegi hori du jende askok.

Bai, askok uste dute langile horiek nominarik edo asegururik gabe joan daitezkeela. Baina zorionez, pixkanaka, langileen urtetako lanak lortuko du halako egoerak baztertzea. Asistencia Familiar 24n argi dugu langileek lan baldintza duin batzuk eduki behar dituztela.

Argi dago gero eta eskaera handiagoa izango dutela zerbitzu horiek.

Bai, populazioa ziztu bizian zahartuz doa. Gainera, lehen, adineko gurasoak etxean zaindu ohi genituen. Gaur egun, dugun bizimoduagatik eta emakumezkoak lan munduan sartzea lortzen ari direlako, gurasoak lehenago gelditzen dira bakarrik. Horregatik behar dira halako zerbitzuak, gero eta gehiago. Administrazioa ez da heltzen behar guztiak estaltzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude