
Raquel Garciak 25 urterekin bere enpresa propioa martxan jartzea erabaki zuen bere interesen aldeko apustua egiteko. Irungo El Pilar eta Pio Baroja ikastetxeetan ikasi ostean, Donostian diseinu grafiko eta web diseinuaren inguruko goi mailako gradu bat egin zuen. Restta Estudio izenaren atzean enpresa zein eskakizun pertsonalei erantzuteko zerbitzu eskaintza zabala bildu du Raquel ekintzaile gazteak.
Nolatan erabaki zenuen zure proiektua zure lanbide bihurtzea?
Beste enpresa batean lanean ari nintzen eta enpresak niri interesatzen zitzaidan bidea jarraitzen ez zuenez, nire kontu probatzea erabaki nuen. Gauzak nola aterako ziren jakin gabe hasi nintzen eta, momentuz behintzat, proiektua aurrera ateratzeko moldatzen ari naiz.
Sektoreko berrikuntzak ezagutzeko etengabeko formatzen jarraitzea garrantzitsu da?
Bai, izan ere, orain master bat egiten hasi naiz nire bezeroei zerbitzu gehiago eskaini ahal izateko. Era honetan, nire marka propioa sustatzeko aukera izango dut.
Beldurra eman zizun bakarrik lanean hasteko erabakia hartzea?
Ez, egia esan, betidanik nahiko argi izan dut nire kontu lan egin nahi nuela. Orain, etorkizunari begira, berriz, proiektuaren bideragarritasunak egonezintasun gehiago sortzen dizkit, nahiz eta ahal den bitartean lanean jarraitzeko asmoa dudan.
Nondik dator Restta Estudio izena?
Denbora asko eman nuen enpresarentzako izen egokia bilatzen. Nire izena Raquel da eta jendeak Raqueta deitzen nauenez, hortik, “-ta” atzizkia atera nuen. Bestetik, “Res-“ aurrizkiarekin “responsive” hitzari erreferentzia egin nahi izan nion, ingelesez egokitzapenezko diseinua esan nahi duena, horrela, bezero guztien beharretara egokitzeko prest nagoela adierazteko.
Bidasoa Bizirik elkartearen babesa lagungarria izan zaizu?
Bai, ez nekien zer egin behar nuen autonomo izateko. Bertan eman beharreko pausu guztiak azaldu zizkidaten eta asko lagundu naute. Gainera, astero ikastaro ezberdinak eskeintzen dizkizute eta jende berria ezagutzeko aukera duzu.
Zein zerbitzu eskeintzen dituzu?
Nire zerbitzuak bi multzotan banatzen ditut. Batetik, diseinu grafikoko zerbi-tzuak eta, bestetik, web diseinuari dagozkionak. Web diseinu zerbitzuaren bitartez nire bezeroen informazioa interneten ipintzeko modurik egokiena bilatzen dut. Diseinu grafikoari dagokionez, material korporatiboaren diseinuan zentratzen naiz, baina, erakusleihoen apainketan edo rotulaziorako diseinuekin ere lan egin dezakegu.
Non ikus daitezke orain arte zuk egindako lana?
Nire webgunean zerbitzu guztiak azaltzen ditut. Hortaz gain, sare sozialen bitartez nire lan guztiak partekatzen ahalegintzen naiz jendearengana iristeko.
Duela gutxi Txingudi Onlinen webgunea berritu duzu. Zer egin duzu zehazki?
Asko gustatu zitzaidan, izan ere, blog bat berritzen nuen lehen aldia zelako. Gainera, diseinu proposamen ezberdinak aurkezteko aukera eman zidan enpresak eta asko gustatu zitzaizkion nire proposamenak. Egia esan, oso pozik nago lortutako emaitzarekin.

Eskualdean sektore berean lan egiten duten enpresa asko daude?
Hasi baino lehen enpresa gutxi batzuk ezagutzen nituen, baina, nire proiektuari ekin nionean leku guztietan diseinu grafikoko enpresak aurkitu nituen. Hala ere, inguruan gutxi dira diseinu grafiko eta web diseinu zerbitzuak elkarrekin eskaintzen dituzten enpresak. Hala ere, guztiontzako lan nahikoa dagoela pen-tsatzen dut.
Zeintzuk dira zure bezero potentzialak?
Tamaina txikiko enpresak edo blogak, batez ere. Teknologia berri eta sare sozialekin lan egiteko ohiturarik ez duen jendearengana iristea gustatuko litzaidake. Modu honetan, haien esperientzia eta edukiak online partekatzen lagundu nahiko nituzke.
Etorkizunean zerbitzu gehiago eskaini nahiko zenituzke?
Bai, web posizionamentuaren ingurua lan egitea gustatuko litzaidake eta helburu hori lortzeko nire formakuntza zabaltzeko lanean ari naiz orain. Orain arte oinarrizko ezagutzak neuzkan gaiaren inguruan, baina, oso gai garrantzitsua dela uste dut.
Zeintzuk dira etorkizunari begira dauzkazun erronkak?
Hontaz bizi ahal izatea gustatuko litzaidake. Gainera, bezero batzuen sare sozialak kudeatzea gustatuko litzaidake, izan ere, lan hori egiteko prest egongo litzatekeen jendea dut inguruan.