Dantza Hirian jaialdiaren XIV. edizioa egingo da San Juan plazan ostegunean, irailaren 13an. Lurraldeko zenbait udalerritako hiri-paisaietan antolatutako dantza-jaialdi bat da. Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Irungo saioan bi konpainiak hartuko dute parte, eta bakoitzak 15 minutuko emanaldia eskainiko du. 19:00etan, Riart konpainiak Dérive obra eskainiko du. 19:15etan, Raquel Jara – Cris Marín konpainiak Mur obra eskainiko du.
Riart eta Dérive
Iruñean sortutako dantza berritzaileko kolektibo honek dantza urbanoak eta garaikideak eta parkourra uztartzen ditu. Zinema-dantza, ikerketa eta emanaldiak dituzte ardatz, eta sektorean nabarmentzeko xedea dute. Rafa Arenas da sortzailea, eta beste konpainia batzuetan aritu da aldez aurretik, hala nola Dinamo Danza eta Ertza.
Sinopsia: Bi norbanakok lotura sozialetatik ihes egin nahi dute. Boterearen eta sumisioaren estereotipoetatik libratzeko barne borroka batean murgilduta, aurre egingo diote nork bere barruan dituen alderdi ezkutuen beldurrari. Eraiki dugun pertsonaia bat, onartu nahi ez dugun horretatik babesteko, denboraren poderioz metatutako etsipen sozialak, gure izaterik gordeena. Bidaia bisual honetan, ikusleak bikote baten presentzia sentituko du espazioan, eta zenbait diziplinaren nahasketak gorputz anizkoitz bati dei egingo dio, gizatasunaren muinaren bila.
Raquel Jara – Cris Marín eta Mur
Cris Marín dantza urbanoetako dantzaria da eta prestakuntza jaso du Espainian zein nazioartean. Dantza urbano eta modernoko unibertsitate-adituaren titulua eskuratu zuen Camilo José Cela Unibertsitatean eta WOSAP Dance Studio akademian.
Raquel Jara dantza urbanoetan oinarritutako dantza garaikideko dantzaria da, Kanariar Uharteetako Victoria antzokian eta Iruñeko Faktoria Choreographyc Centerren ikasi zuen, eta gaur egun Carmen Wernerren Provisional Danza konpainiako dantzaria da.
Sinopsia: Bi gorputz aurrez aurre eta, haien atzean, denbora luzean haiekin izan den pisu bat; inork eustearen beldur diren bi gorputz baina, elkarrekin topo egitean, elkarren sostengu izatea onartuko dute, zama arinduko da, amore emango dute eta euskarri bat bilatuko dute aurrera egiteko. Konexio estu batek lotuta mantentzen ditu urrun egonagatik ere, eta hurbiltzen direnean, energia-motor bat sortzen da, dantza egiten duten espazioa mugitzeko gai dena; gorputzek elkarri eusten diote mugitzean, libertatea aurkitzeko egiten dute dantza eta, elkarrekin, hegan egiteko gauza sentitzen dira.