Gaur goizean M8 Bidasoaldeko Asanblada Feministako kideek Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzen beri eman dute. Urdanibia plazako Etxekoandre eskulturaren alboan manifestua irakurtzeaz gainera, martxoaren 8an egingo diren ekintzen berri eman dute.
M8 Bidasoaldeko Asanblada Feministak martxoaren 8 honetan, historia markatu duten emakumeen borroka nekaezina gogoratu nahi izan dute, eta berdintasunarekiko eta guztien eskubideekiko konpromisoa berresten dute.
Hala ere, erronkek bere horretan jarraitzen dutela adierazi dute, soldata-arrakaletik modu guztietako indarkeria matxistaraino. Hesiak botatzeko, estereotipoei aurre egiteko eta mundu bat eraikitzeko garaia dela adierazi dute, “non emakume bakoitzak bere ametsak beldurrik eta mugarik gabe bilatzeko askatasuna izango duen”. Horregatik, hezkuntza- eta lan-aukeretara bidezko sarbidea izatea eskatu dute, bai eta edozein diskriminazio-mota desagerraraztea ere. “Genero-berdintasuna sustatzen duten politika inklusiboen eta guztientzako segurtasun-bermeen alde egiten dugu”, adierazi dute asanbladako kideek.
Horrela, M8 Bidasoaldeko Asanblada Feministatik martxoaren 8 honetan, ahotsak batzeko deia egin dute, “berdintasuna arau izango den etorkizuna eraikitzeko, ez salbuespena”. Elkarrekin, emakume bakoitza loratu ahal izango den mundu baterantz goazela azaldu dute, non emakumeek beren potentzial guztia garatu ahal izango duten, jendartearen esparru guztietan. Horretarako finantziazioa behar dela adierazi dute: “eskubideak finantzatzea berdintasuna bizkortzea delako!”.
Martxoaren 8ko mobilizazioa
Horregatik, martxoaren 8an, emakumeen eskubideen alde borrokatzeko nazioarteko egunean, herritar guztiei dei egin diete aldarrikapen egun honetarako antolatu duten manifestazioan parte har dezaten. Manifestazioak bi zutabe desberdin izango ditu. Bata Hondarribiko Martxoaren 8ko plazatik irtengo da 17:30ean eta, bestea, berriz, 17:45ean Hendaiako Gaztelu Zahar aparkalekutik. 18:15ean Santiagoko Nazioarteko Zubian Hendaiako zutabearekin elkartuko dira eta 18:30ean Mendeluko biribilgunean Hondarribiko zutabearekin. Azkenik, 19:00etan Zabaltza plazan bi zutabeak elkartuko dira eta denak batera Irungo San Juan plazaraino joango dira ekintza amaitzeko. Deialdi honen bitartez, berdintasuna eskubide bat baino gehiago, premia eta helburu bat dela aldarrikatu dute, denok batzen gaituena.
Manifestaziorako prestaketak
Era berean, martxoaren 8rako prestatzeko, bihar Zabaltza plazan postua jarriko dute manifestaziorako merchandising saltzeko. Horretarako, bai txapak, bai zapiak eta bai pinak izango dituzte salgai.