Irungo Elkarte onena izan da, 50.urteurrenean
Santiagotarrak Kirol Elkartea izan da protagonista 2016ko Irungo Kirolaren Sarietan. Elkarte onenaren saria jaso du. Gainera, klubeko Olatz Zabalak eta Ander Elosegik jaso dituzte kirolari onenen sariak, emakumezkoen eta gizonezkoen atalean, hurrenez hurren. Zabaltza plazan egin zuten sari banaketa, irailaren 18an, Mugikortasunaren Astearen baitan prestatu zuten Igande Sasoi bereziari amaiera emateko. Ekitaldi laburra eta xumea izan zen. Jende dezente bildu zen, hala ere, Zabaltza plazan. Goiz osoan zehar kirol jarduerak eskaini zituzten hiriko elkarteek Colon ibilbidean. 13:00ean, sarituak banaka deitu zituzten, pista argi batzuk emanez. 
Olatz Zabala izan zen kioskora igotzen lehena. Santiagotarrak Kirol Elkarteko presidente gisa ere igo zitekeen, baina nahikoa merezimendu egin du piraguista gisa, saritua izateko. Bigarren izan da Ibaietako eta Zeharkaldietako Espainiako Kopan K1ean, Bidasoako Nazioarteko Jaitsieraren 50.edizioa irabazi du K1ean, eta Sellako Nazioarteko Jaitsiera famatuan ere, garaipena lortu du, K2an. Gizonezko kirolari onenaren saria Ander Elosegi ur bizietako palistak jaso du. Burumakur amaitu zuen Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetako finala, dominen lehiatik kanpo geratu baitzen. Hala ere, azpimarratzeko modukoa da osatu duen ibilbidea. Hiru aldiz izan da finalista Olinpiar Jokoetan, Pekinen, Londresen eta Rion. Nabarmendu, eta berean, brontzezko domina jantzi duela aurten Eslovakian jokatutako Europako Txapelketan.
Santiagotarrak Kirol Elkarteko piraguistak dira Zabala eta Elosegi, eta haien kluba izendatu dute, hain zuzen, urteko elkarte hoberen. 50.urteurrena ospatzen ari da aurten, eta aitorpena jasotzea “amaiera bikaina” emateko modua izan dela baieztatu du Olatz Zabalak. Antxon Arellano presidenteordeak jaso du oroigarria, baina Zabalak hartu du hitza: “Eskerrik asko bozka eman diguzuenoi”. Irungo kirol elkarteek erabaki dute botoen bidez, urteko kirolari eta klub onenak zeintzuk izan diren. Hori baloratu du, bereziki Olatz Zabalak. Ondoren, elkarteko hainbat neska-mutil hurbildu dira kioskoko eskaileretara, Queen taldearen “We are the champions” abestiaren erritmoan, argazkia ateratzeko.
Emakumezko Kirolari Onena: Olatz Zabala.
Gizonezko Kirolari Onena: Ander Elosegi.
Kirol Elkarte Onena: Santiagotarrak K.E.