AITZIBER ZAPIRAIN, Antxeta Irratiko koordinatzailea: “Uste baino entzule gehiago ditugula konturatu gara”

Hamabosgarren urteurrena bete du Antxeta Irratiak 2016an. Uda pasata, ordea, ospakizunak alde batera utzi eta 2016-2017 ikasturteko lanari ekin dio buru-belarri. Berritasunekin dator Antxeta, bai programazioan, baita arlo ezberdinetan garatu ohi dituen proiektuetan ere. Gainera, frekuentzia legala du jada Gipuzkoan (105.8 FM), eta Oarsoaldean, Donostialdean eta Buruntzaldean ere entzun daiteke.
Duela lau urte Eusko Jaurlaritzak zabaldutako irrati lizentzien lehiaketan, Donostialdean emititzeko baimena lortu zuen Antxetak, baina bertan behera utzi zuen lehiaketa garaiko lehendakaritzak, baita ondorengoak ere. Epaitegietara jo zuen Antxetak, eta Espainiako Auzitegi Gorenak irratiaren aldeko epaia eman zuen. Gai horien guztien inguruan aritu da Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzailea.SONY DSC
Zein balorazio egin duzue hamabosgarren urteurreneko ospakizunen inguruan?

Ezin izan genuen urteurrena guk nahi adina garatu, hainbat faktore tarteko. Baina azkenean, balio izan digu ikusteko irratia noraino iristen den, eta gure lau lan ildoak zenbateraino garatuak ditugun (euskara, berdintasuna, aniztasuna eta eskualdearen kohesioa). Lauak landu genituen kanpainan zehar, eta oso pozik gelditu ginen, adibidez, topaketa gastronomikoekin. Oso parte hartzaileak izan ziren.

“Guk antolatzen ditugun ekimenetara jendea erakartzea falta zaigu”
Noraino heltzen da irratia? Zein ondorio atera duzue?

Guk uste baino entzule gehiago ditugula konturatu gara. Eskualdeko udal hauteskundeak oso gertutik eta kaletik jarraitu izanak lagundu digu entzuleak erakartzen. Jendeak badu bere eremuko informazioaren gosea, eta hori da, hain zuzen ere, guk jasotzen duguna. Askotan iruditzen zaigu oso txikiak garela, eta gure buruari galdetzen diogu ea nork entzungo ote gaituen. Baina pixkanaka ikusten dugu baietz, entzuleak baditugula eskualde osoan.

Gero, egia da hitzorduak antolatzerako momentuan, falta zaigula gure entzuleak zuzenago gonbidatzea, guk antolatzen ditugun hitzorduetara erakartzea. Kontuan hartu behar da jendeari gero eta gehiago kostatzen zaiola mahai-inguruetara, hitzaldietara edo bestelako jardueretara gerturatzea. Gogoeta egin behar dugu horren inguruan.

Ikasturte berriari ekin diozue. Zein berrikuntza dago programazioan?

Zorioneko gaude, besteak beste, berdintasunaren arloan erreferente izan diren bi emankizun itzuli direlako. Gonekin Ero Bero bi astean behin izango da, astearte gauetan, 22:00etan. Amapola Morea ere bueltatuko da, eta asteazkenetan 22:00etan izango da, bi astean behin. Punk musikari buruzko Bidasoa Attak emankizuna ostegunetan 22:00etan izango da, bi astean behin. Horiek izango dira berrikuntzak. Kolaborazioak egingo dituzten kronikalari berriak ere baditugu, kulturgintzan, musikagintzan, iritzia ematen etab.

Euskal Irratietan, orokorrean, laguntzaileen sarea dezente handitu dugu aurten, eta nahi gabe izan da ia. Jendearen atzetik ibili ohi gara normalean. Baina batzuk gosez bueltatzen dira, mikrofonoaren edo espazio honen gosez. Bere adikzio puntua du irratiak, eta hori oso pozgarria da.

Web gunea berritu duzue. Aurrera pauso bat da interneteko presentziari dagokionez?

Antxetamedia.eus-era pasa gara. Berritu egin dugu, aurrekoa nahiko zaharkituta zegoelako, bai irudi aldetik, baita barne egiturari dagokionez ere. Gisa elkarteak egin digu, eta uste dut freskoa, txukuna eta dinamikoa dela. Egunero elikatuko dugula azpimarratu beharra dago.

Hala ere, nire buruari beti galdetzen diot ea non dagoen muga. Gu irrati bat gara, eta alde horretatik, ez naiz eduki guztiak sarean eskegitzearen aldekoa. Uste dut web guneak jendea irratia entzutera erakarri behar duela. Aldi berean, egia da, gaur egungo dinamikan, ematen duela interneten jartzen ez dena ez dela existitzen. Hausnarketa bat egin beharra dago web gunearen eta sare sozialen erabilerari buruz.

“Eskualdeko hedabide euskaldun bakoitzak bere esparrua eta lan ereduak ditu, baina horrek ez du esan nahi elkarlan bat egon ezin denik”
Eguneroko jardunaz gainera, eragile zarete arlo askotan. Zer duzue aurten esku artean?

Hainbat proiektu ditugu urtea amaitu baino lehen bukatzeko, gai ezberdinen inguruan: berdintasuna, etorkinak, memoria historikoa, eta lankidetza eskualdeko beste hedabideekin.

Proiektu komuna aurkeztuko dugu Antxeta Irratiak, Irunero aldizkariak, Txingudi Online hedabide digitalak eta Oarsobidasoko Hitzak. Zorionez, euskal hedabide bat baino gehiago dago eskualdean. Bakoitzak bere esparrua eta lan ereduak ditu, baina horrek ez du esan nahi elkarlan bat egon ezin denik. Gure ideia da hilabetean behin elkarrizketa edo mahai inguru bat egitea elkarrekin. Apustua da denontzat, Euskal Herrian ez baitaude halako ekimen asko.

Nola uste duzu hartuko duela jendeak?

Elkarrizketatuak ohituta daude kazetari bakar baten galderak erantzutera. Elkarrizketa horietan hiru edo lau kazetari egongo dira, bakoitza bere estiloarekin eta lan egiteko moduarekin. Berritasunak beti dira ongi etorriak, eta gaur egun, hedabideok, kontsumituak izaten segitzeko freskotasuna eskaini behar dugu. Monotoniaz aspertu egiten da jendea.

Frekuentzia legala lortu duzue behingoz Gipuzkoan, eta Antxeta Irratia Bidasotik Buruntzaldera entzun daiteke orain. Aukera ederra zabaltzen du, ezta?

Bai, hasteko, irrati euskaldun bat gehiago egongo delako dialean. Zoritxarrez ez baitira asko. Euskarazkoa izateaz gain, Antxeta irrati komunitarioa da, eta horrek esan nahi du komunitatearekin lan egingo dugula. Prozesu polit bat irekitzen zaigu, baina argi dugu pazientzia handia beharko dugula. Behe Bidasoan lortu duguna, hamabost urteko ibilbidean egin dugu. Beraz, eremu zabal horretan poliki-poliki joan beharko dugu. Momentuz, Ipar Euskal Herriko informazioaren bozgorailu izango gara Hegoaldean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude