Ohitura jasangarrien bila

Zonbiek hartu dute Irungo erdigunea irailaren 16tik 22ra. Europako Mugikortasunaren Astearekin bat egiteko Irungo Udalak antolatu duen egitarauko protagonista izan dira. Mugitu! Ez izan zonbi izan da aurtengo leloa. “Autoak alde batera uztearen eta mugikortasun iraunkorraren alde egitearen garrantzia zabaldu nahi izan dugu”, adierazi du Cristina Laborda Irungo Udaleko Mugikortasun ordezkariak. Aste osoko egitaraua proposatu du udalak horretarako, gaiarekin lotura zuten jarduerak barne hartuta.

SONY DSC

Ttipi-ttapa ekimeneko edadetuek eman diote irteera Mugikortasunaren Asteari ostegunean, irailaren 17an. Bizilagun askorentzat eredu izan daitezke, astero gelditzen baitira goizeko ibilaldia egiteko. Mugikortasuna eta ariketa fisikoa estu lotuta daude, oinez edo bizikletan mugitzea autoaren alternatiba baitira. Eta jarduera fisikoak, eragin zuzena du osasunean. “Egiaztatuta dago egunean zehar ariketa egiteak onura handia dakarrela”, nabarmendu du Iñaki Iturrioz udaleko kirol teknikariak. Zabaltza plazan izan da larunbatean, kirolaren eta osasunaren inguruko informazio gunean. Bizitza aktiboa egiteko aholkuak eman ditu bertan: “Lanera edo eskolara oinez joateak eragina izan dezake. Helburu egingarria da, eta osasungarria”.
Errepidean, Colon ibilbidearen erdian, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako aktibitateak proposatu ditu Ekin Kirola eta Bizitza Aktiboa enpresak. Aritz Olagoi arduradunak azaldu du helburua: “Irudikatu nahi duguna da kalea ere izan daitekeela jarduera fisikorako eremu. Irungo Colon ibilbidean gaude. Hemen, egunerokoan autoak ibiltzen dira, eta gaur errepidean bertan jarduera fisikoak proposatu ditugu”. Gimnasioko ariketak edo akrosport-a egin ahal izan dituzte haurrek. Ipso Facto taldeko aktoreek irudikatutako zonbiekin jolasean ere aritu dira.
Belaunaldi gazteak kontzientziatzeko lanari garrantzia eman dio Udalak, baina Iñaki Iturriozek gogoratu du mezua gizarte guztiari zabaldu beharra dagoela: “Gazteak sentsibilizatzeak ez du ezertarako balio, gero etxean edo eskolan beste ohitura batzuk ikusten baldin badituzte”. Autoan mugitzea ezinbesteko duten helduentzat, aukera jasangarriagoak ere badaude. Nissan Gaursak bi auto elektriko aurkeztu ditu Zabaltza plazan bertan. “% 100 elektrikoak diren autoek ez dute ezertxo ere kutsatzen. Gainera, zaratarik ez dute ateratzen. Asko aurreztu daiteke, erregairik eta azterketarik ez dutelako behar”, azaldu du Nissan Gaursako Elena Alberdik.

SONY DSC
Mugikortasuna, kirolari lotuta
Kirola egiteko aukera gehiago izan dira Mugikortasunaren Astean zehar. Larunbat iluntzean Gaueko Herri Lasterketa irten da San Juan plazatik. 400 korrikalari inguru aritu dira Irungo erdigunean korrika. Igande goizean, bizikleta martxa egin dute, Zabaltza plazan hasita. Hileroko igande sasoi ekimena ere hartu du Colon pasealekuko errepideak. Zabaltzan bertan, flashmob-a egin dute Pauso-K, Dance Studio, Toxic, Tatiana eta My Dance taldeetako dantzariek. Michael Jackson-en Thriller abestia dantzatu dute, zonbiz mozorrotuta.
Igande eguerditik aurrera, Sargia izan da jardueren erdigune. Girabira ekimenaren laugarren saioa hartu du parkeak. EzMugak eta Txikis del Bidasoa elkarteek hilean behin antolatu dute Girabira udan zehar. Kultur adierazpide bat hautatu dute bakoitzean. Oraingoan, grafitia eta hip-hop kultura. Iñaki Oiartzabalek gidatutako tailerrak arrakasta izan duela azaldu du EzMugak elkarteko Carlos Sanchezek: “Hirian edo kaleetan egiten diren esku hartzeak eta horretarako teknikak aurkeztu dizkigu. Atal teorikoa eta praktikoa izan dira”. Break dance dantzaren eta rap musikaren laguntza izan du grafitiak. “Tokiko sortzaileen lana zabaldu nahi izan dugu oraingoan ere”, adierazi du Sanchezek. My Dance Studio, Xabi Bboy, Afrodelicious, Soma Sound Sistem, M.Trucco, Natsu Monk, Little Lion, Mai Beloki eta Dynasti aritu dira Sargian.

Eskolara oinez ekimenarekin amaitu da 2015eko Mugikortasunaren Astea. Asteartean, irailaren 22an, planifikatutako eta seinaleztatutako ibilbideak jarraitu dituzte haurrek taldeka, ikastetxera joateko. Zonbien laguntza izan dute aurten. Irungo Mugikortasunaren Astearen azalpen adierazgarria egin du EzMugak elkarteko Carlos Sanchezek: “Hamaika jarduera egon dira. Irundik ez ateratzeko moduko astea izan da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude