Mondragon Unibertsitatearen egoitza hartuko du eraikinak
Barrualdea atontzen ari dira Palmera-Montero gizarte zentroan. Aurreikuspenen arabera, udarako egongo da martxan. Hiriko hamaika elkarteren egoitzak hartuko ditu ekipamendu publikoak. Gainera, balio anitzeko aretoak eta erakusketa gelak izango ditu. Bestalde, erabilera komertzialerako lokalak egongo dira, dagoeneko irekita dagoen supermerkatuarena, esaterako. Aparkalekuak ere martxan daude. Polemika sortu duen erabilera, ordea, Mondragon Unibertsitatearen egoitzarena da. 1.800m² izango ditu unibertsitateak eraikinean.
Dunboako anbulatorioaren pareko lanek forma hartu dute, eta eraikinaren erabileraren berri ere izaten ari dira, pixkanaka, herritarrak. Esaterako, lurpean dauden aparkalekuak erabiltzen ari dira, jada, inguruko bizilagunak. Martxoan, bertan kokatutako BM supermerkatuak ateak ireki zituen. 2.105m²ko azalera hartzen du, eta bezeroentzako aparkaleku propioa du.. Erabilera komertzialerako lokal gehiago ere badaude, maizter berrien zain. Gainerako ekipamendua atontzeko azken lanetan ari dira beharginak, eta udalaren aurreikuspenen arabera, udarako egongo da prest.
Espazioaren erdia kudeatuko du Irungo Udalak, 3.607m², guztira. Hamaika elkarte izango dira, printzipioz, ekipamenduaren erabiltzaile nagusi. Bigarren solairuan, sei bulego txiki (18-21m² artekoak), bulego ertain bat (28m²) eta lau handi (33-45m²) egongo dira. Lehen solairuan, balio anitzeko eta erabilera partekatuko areto komunak egongo dira, erabiltzaile diren elkarteen esku. Beheko solairuan erakusketa gela eta auzoko bizilagunen jardueretarako aretoak egongo dira.
Ekipamendu publikoaren erabiltzaile izango diren elkarteen izenik ez du eman, oraingoz, Irungo Udalak. Horiek zehazteko lanean ari direla azaldu du Pedro Alegre Hiritarren Informazioa eta Parte Hartzea arloko ordezkariak. Erabilera Planaren irizpideak jarraitu dituztela baieztatu du. Besteak beste: lekualdatzen diren elkarteek gutxienez bost urteko ibilbidea izatea, publikoarekiko arreta lantzen duten elkarteak eta arlo sozialarekin, kulturalarekin eta parte hartzearekin harremana dutenak lehenestea, eta haien jarduera espaziorako egokia ote den kontuan hartzea.
“Palmera-Monterora lekualdatzen diren elkarteek libratzen dituzten udal espzioak beste batzuei eskainiko dizkiegu”
Pedro Alegre, Hiritarren Informazioa eta Parte Hartzea arloko ordezkaria
Irunen azken urteotan lokalak eskatu dituzten elkarteen kopurua handia da. Pedro Alegrek adierazi du eskaeraren zati bati erantzun ahal izango diola udalak: “Palmera-Monterora lekualdatzen diren elkarteek libratzen dituzten udal espazioak beste entitate batzuei eskainiko dizkiegu”. Gaur egun, elkarte ezberdinei utzitako 50 bat lokal edo pisu ditu udalak.
Mondragon Unibertsitatearen egoitza ere hartuko du
Palmera-Montero ekipamendu publikoko 1.800m² utziko ditu Irungo Udalak Mondragon Unibertsitatearen esku. Irungo Ducoreau eraikinetik Palmera-Monterora lekualdatuko dute unibertsitatearen egoitza. Si Se Puede Irun Ahal Dugu Podemos-eko udal taldeak gogor salatu du erabakia, udalak lurzoru publikoa unibertsitate pribatuari “oparitu” diola iritzita. “Diru publikoa erabili da eraikin bat egiteko, eta eraikin horrek erabilera pribatuak izango ditu”, azpimarratu du Irun Ahal Duguko Miren Etxebestek.
“Diru publikoa erabili da eraikin bat egiteko, eta eraikin horrek erabilera pribatuak edukiko ditu”
Miren Etxebeste, Irun Ahal Duguko kidea
Change.org web gunean 800 sinadura bildu ditu Irun Ahal Duguk, unibertsitateak gizarte zentroan lekua edukitzearen aurka. Eztabaida sortu nahi izan dutela onartu du Etxebestek: “Jendeak hitz egin dezan, eta udalaren politikak eta proiektuak zalantzan jar ditzan nahi dugu”. Miguel Ángel Páez alkateordeak sinadura bilketa “errespetagarria” dela adierazi du, baina zalantzan jarri du haren balioa: “Change.org plataforma ezagutzen dut, eta Azerbaijandik Paraguayrainoko sinadurak biltzen ditu. Jakin nahi nuke zenbat irundarrek sinatu duten”.
“Mondragon Unibertsitateak 300 ikasle ditu Irunen, eta unibertsitatearekin kolaboratzen duten 250 enpresa daude”
Miguel Ángel Páez, alkateordea
Udal gobernuak erabakia defendatu du, Mondragon Unibertsitatea Irunen edukitzea “estrategikoa” dela argudiatuta. “Egia da unibertsitate pribatua dela, baina onura publikoko erakunde gisa onartua dago”, gogorarazi du Miguel Ángel Páez alkateordeak. “300 ikasle ditu Irunen, eta unibertsitatearekin kolaboratzen duten 250 enpresa daude. Hiriko sare asoziatiboa, enpresariala eta ekonomikoa ehuntzen laguntzen du”. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, eta Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (Leinn) graduak eskaintzen ditu Mondragon Unibertsitateak Bidasoko kanpusean. 300 ikasleek Palmera-Monteron ekingo diote hurrengo ikasturteari.