AITOR TXABARRI: “Palestinarren eguneroko gogorraren ikuspegietako bat azaleratu nahi dut”

Ezinbesteko baliabidea da ura. Mundu guztian. Zer esanik ez, nekazaritza jarduera ekonomiko nagusi duen lurralde batean. Hori dela eta, uraren eskasiak ondorio larriak izan ditzake nekazarien bizimoduan. Horixe da Palestinako nekazariek bizi duten egoera, ezezaguna jende askorentzat. Aitor Txabarri kazetari irundarrak gaia landuko duen dokumentala osatu nahi du. Israelen okupazioak Palestinako uraren eskasian duen eragina azaleratzeko asmoa duela baieztatu du. Maiatzaren 16an hartuko du hegazkina, eta hamar egunez egongo da Palestinan, dokumentalerako elkarrizketak egiteko helburuarekin. Gobernuz kanpoko erakundeen babesa du, baina bakarrik ekingo dio abenturari.

364672011112717131

Zein ibilbide egin duzu, kazetari gisa, freelance moduan lan egitera jauzi egin aurretik?

EHUn Kazetaritza ikasi nuen, eta Masterra Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, gatazka armatuei, bakeari eta mugimendu sozialei buruz. Euskal Herrian, praktikak Radio Donostin egin nituen. Bartzelonan, Centre Delas gobernuz kanpoko erakundean, komunikazio arloan ibili nintzen lanean.

Atzerriko zure lehen esperientzia izango da Palestinakoa. Nola hartu duzu erabakia?

Lagun bat ere Palestinan izan zen, urarekin zer ikusia zuen lan bat egiten. Artikulu pila bat bidali zizkidan, gaia interesgarria iruditu zitzaidan, eta aurrera egitea erabaki nuen. Dokumentazio lan handia egin dut, artikuluak irakurriz etab. Gainera, GKE ezberdinekin harremanetan jarri naiz. Babesa eta aholkularitza jaso ditut, Mundubat elkartearen eta Antxeta Irratiaren bidez. Ramallah-n beste GKE baten babesa izango dut. Nire zain izango ditut bertan.

Nolakoa izan da bidaiaren prestaketa?

Luzea eta gogorra. Okerrena, agirien tramiteak izan dira. Enbaxadarekin harremanetan egon naiz hilabetetan. Nik Gazan sartzeko asmoa nuen, baina ezinezkoa izango da azkenean. Horregatik, alde batera utzi dut ideia, eta Zisjordanian egingo dut erreportajea. Traba pila bat jarri dizkidaten arren, ahalegin handien ondoren, lortu dut Zisjordanian sartzeko baimena emango didan agiria.

Israelek ez du ura lurralde palestinarrera iristen uzten”
Zer nolako erreportajea egin nahi duzu?

Palestinarren eguneroko gogorraren ikuspegietako bat azaleratu nahi dut. Lurralde nekazaria da Palestina, batez ere. Baina Israelek ez du ura lurralde palestinarrera iristen uzten. Ondorioz, zailtasun handiak dituzte lurra lantzeko. Palestinarren eguneroko bizitza ikaragarri konplikatzen duen aspektuetako bat da.

Zein iturrirengana joko duzu?

Hiru multzotan banatu daitezke. Batetik, bertako nekazariekin hitz egingo dut. Bestetik, Palestinan lan egiten duten GKEekin, gaiarekin lotuta aurrera eramaten dituzten ekimenei buruz. Azkenik, ikuspegi instituzionala ere lortzen saiatuko naiz. Palestinako eta Israelgo agintari batzuekin hitz egiteko aukera izango dudala uste dut.

Zein formatutan bilduko dituzu elkarrizketa horiek?

Bideoan. Ideia da ordu erdiko edo berrogei minutuko dokumental labur bat egitea. Baina bertan nagoela aprobetxatuta, zer edo zer idazten ere saiatuko naiz. Ahalik eta material gehien biltzea da nire asmoa. Hamar egun besterik ez ditut pasako Palestinan. Beraz, lanean emango ditut egunak, eta goitik behera programatuta edukiko ditut gainera. Muntaketa eta bestelako lanak bueltan egingo ditut, Irunen.

Erregistro zorrotzak pasa behar dira”
Uste duzu trabak edukiko dituzula material guzti hori Palestinatik ateratzeko?

Seguru. Esan didatenez, behintzat, oso zaila da materiala handik ateratzea. Erregistro zorrotzak pasa behar dira. Hori dela eta, nire ideia da egunero-egunero material guztia internet sarera igotzea. Beharbada gero ez dut arazorik edukiko. Baina badaezpada, hobe prebentzio neurriak hartzen baldin baditut.

Aurreikusi al duzu dokumentala non edo nola argitaratuko duzun?

Alde batetik, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren bidez. Mundubat elkartearen eta Antxeta Irratiaren bidez ere bai. Bestalde, 5W aldizkariarekin harremanetan nabil, eta badirudi haiekin argitaratzeko aukeraren bat egon daitekeela. Niri interesatzen zaidana da jendeak dokumentala ahalik eta leku gehienetan ikusi ahal izatea.

Aurrerago atzerriko gatazketan lan egiten jarraitu nahiko zenuke?

Bai, horretan espezializatu naiz, eta lan hori egin nahi nuke. Bidaia honen ondoren, Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugara joatea pentsatu dut, errefuxiatuen gaiari buruz beste erreportaje bat egitera. Eta aurrerago, Venezuelara joateko ideia dut, Bartzelonan ezagututako beste hiru lagunekin.

Nola finantzatuko dituzu bidaia guzti horiek?

Lehenengo bidaia honetan, unibertsitatearen laguntza txiki bat jaso dut. Baina gainerakoan, nire inbertsioa egin behar izan dut. Masterrean askotan azaldu izan digute, garai batean hedabide gehienek zutela nazioarteko atal bat, eta kazetariak atzerriko informazioa biltzera bidaltzen zituztela. Gaur egun, atzerrian dabiltzan guztiak freelance-ak dira. TV3ko kazetari batek kontatu zigun Ukrainan egon zenean, bera zela lantaldean zegoen kazetari bakarra.

Prest zaude freelance gisa aritzeko?

Bai, niri oso interesgarria iruditzen zait. Argi dago asko arriskatu behar dela, dirua aurreratu behar delako. Gakoa da aldez aurretik hedabideekin adostea zer argitaratuko dizuten, eta zeren truke. Hedabide askorekin lan egin behar izaten da. Egia da orain gaztea naizela, eta energia eta gogoa ditudala. Aurrerago ez dakit zer gertatuko den. Baina momentuz oso animatuta nago, proiektu asko ditut buruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude