Dantzak harrapatuta

Lehiaketetan aritzen diren taldeak ditu Pauso-K akademiak

Aisialdiko jarduera da dantza, haur eta gazte askorentzat. Astean bi orduz joaten dira klaseetara, lagunekin ondo pasatzeko eta ariketa fisikoa egiteko asmoz. Beste batzuek, ordea, denbora gehiago eskaini nahi izaten diote, koreografiak prestatu eta lehiaketetan parte hartzeko. Pauso-K dantza akademia duela sei urte hasi zen lehiaketetako taldeak prestatzen. Gaur egun zortzi talde dira, adin ezberdinetakoak. Dantza denboraldian bete-betean murgilduta daude orain.SONY DSC

Gaur egun maila absolutuan aritzen den taldea izan zen lehiaketetara aurkezten lehena. Aduna Mitxelena da talde horretako kide, eta lehiatzen hastearen arrazoien berri eman du: “Ordu gehiago sartu nahi genituen, dantzari denbora gehiago eskaini”. Helburu gisa lehiaketak edukitzeak ohiko entsegu orduez aparteko entrenamenduak eskatzen ditu, baina gustura aritzen dira. “Estilo gehiago landu ditzakegu horrela, eta kanpoko jendearen master class-ak jasotzen ditugu”, argitu du Mitxelenak.

Denborarekin taldeak gehituz joan dira, eta gaur egun, lehiaketetan aritzen diren zortzi talde ditu Pauso-K akademiak. Kategoria guztietan dituzte ordezkariak. 7-8 urte ingurukoak dira txikienak, eta Premium izeneko beteranoen kategorian aritzen dira helduenak. Beste taldeetan dabiltzan neska-mutilen gurasoak dira gehienak. “Lehiaketetara ikusle gisa joaten ziren, eta probatzeko gogoa sartu zitzaien. Hasiberriek diren arren, oso ondo dabiltza”, azaldu du Aduna Mitxelenak.

Dantzatzera animatu edo ez, gurasoen inplikazioa beharrezkoa izaten da dantza lehiaketetan aritzeko. Otsailean hasten da denboraldia, eta ekainera arte ia astebururo izaten dituzte lehiaketak. Urrun samar joan behar izaten dute batzuetan, eta lehiaketak goizean-goiz hasten baldin badira, gaua ere kanpoan pasa behar izaten dute. Gainera, izen-emateak eta ikusleentzako sarrerak garestiak izaten dira. Hori dela eta, denbora eskaintzeaz gainera, gurasoek ahalegin ekonomikoa ere egin behar izaten dutela onartu du Mitxelenak.

“Haurren interesaren arabera sortzen ditugu lehiaketetako taldeak”
Aduna Mitxelena, entrenatzailea eta dantzaria

Gurasoen babesaz gainera, noski, ezinbestekoa da haurren interesa. Aduna Mitxelenak baieztatu du “segituan” antzematen zaiela haurrei dantzari denbora gehiago eskaini nahi dioten edo ez: “Interes horren arabera osatzen ditugu lehiaketetako taldeak”. Hip hop-a lantzen dute taldeek orokorrean, eta estilo horren baitako aldaerak jorratzen dituzte koreografietan. Otsailean hasten dira lehiaketak, baina urrian ekiten diote koreografien prestaketari eta lanketari. “Hilabetetan lokalean landutakoa aurkezten dugu, gero, lehiaketetan”, adierazi du Mitxelenak.

Txoko Kids taldearen ilusioa

Talde gazteenaren entrenatzailea da Aduna Mitxelena. 7-8 urte inguruko haurrak dira, eta Txoko Kids izenarekin ari dira lehiatzen. Bigarren urtea dute taldearekin. Argi utzi dute oso gustura dabiltzala. “Telebistan ikusten nuen dantza, eta horregatik apuntatu nintzen”, azaldu du Nabilek. Mutil bakarra da taldean. Mitxelenak onartu du gero eta mutil gehiago ikusten diren arren, oraindik ere neskak askoz gehiago direla. “Sariak ematen dituzten momentua gustatzen zaigu”, aipatu du Nabilek, taldekideen irriak eraginez. “Urduri jartzen gara”, aitortu du, hala ere, Aialak.

Sariak ematen dituzten momentua gustatzen zaigu”
Nabil
Urduri jartzen gara”
Aiala

Apirilaren 30ean bigarren izan dira Bilboko Euskaldunan egin duten D’Zanp txapelketan. Tuteran eta Santanderren irabazi dute, lehenago. Gainera, datorren urtean Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu dute. Bartzelonan izango da. “Lehiaketa batzuk oso urrun izaten dira, beste batzuk hurbilago”, nabarmendu du Aialak. Aduna Mitxelena entrenatzaileak onartu du lehiaketei esker “esperientzia ederrak” bizitzen ari direla haurrak. “Baina irabazten ez baldin badugu, ez da ezer gertatzen”, gogorarazi die haurrei. Baiezkoa egin dute denek, zintzo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude