Amaiera gozoa izan du Brasilek

Brasil Irunen gozotegiak iraungitze data zeukala gauza jakina zen. Koldo Salinas jabeak gogora ekarri du albistea: “Abenduaren 31n bukatu da”. Urtearen amaierarekin batera itxi dute gozotegiko atea azken aldiz. Orain hilabete osoa emango dute makineria kentzen, lokala hurrengo maizterrarentzat prest uzteko asmoz. Ez dirudi, behintzat, beste gozotegi batek ordezkatuko duenik. Inork ez du negozioarekin aurrera egiteko interesa azaldu. “Hasiera eta amaiera daukate gauza guztiek. Nahiago izan dugu momentu onean utzi”, argitu du Salinasek.

brasilfoto

Jendez gainezka egon da asteotan Brasil Irunen. Gabonetako erosketak zirela eta, alde batetik;baina gozotegiaren amaiera hurbil zegoelako, batez ere. “Ikusten duzu nola gabiltzan, hau eromena da!”, adierazi du Soledad Agirrek. Berak gidatu du Brasil azken hilabeteetan, senarrak erretiroa hartu ondoren. Itzalean laguntzen aritu da, hala ere, Koldo Salinas. Urtarrilaren hasieratik aurrera, berriz, behin betiko utziko du lana. Penarik gabe, urtetan egindako lanaz harro: “Uste dut ekarpen handia egin diogula gozogintzari. Txokolatearen mundua sozializatzen lagundu dugu, eta pozik gaude horrekin”.
Itxi berri duen gozotegiari estu lotuta dago Salinasen bizitza. 1949an jaio zen, eta urte hartan, Brasil ireki zuen Luis Cuetok. Obradorean lan egin zuen José Salinas aitak, 1958an negozioa hartu zuen arte. Diktadura garaian gozogintzan aritzea zer zen gogoratzen du Koldo Salinasek: “Egunean egin eta saldu behar izaten ziren produktuak, ez zegoen kamerarik. Gurina bezalako oinarrizko lehengaiak lortzeko zailtasun handiak zeuden”. 1977an hartu zuen aitaren lekukoa Salinasek, Soledad Agirre emaztearekin batera. Kafetegia alde batera utzi eta bonboigintzan murgildu ziren. Elgorriaga historikoaren garai onena zen. “Enpresa erraldoia zen, Brasil harekin konparatzeak ez dauka zentzurik”, gogoratu du Salinasek.

BrasilKliente
Hiriko gainontzeko gozotegi txikien aldean, berriz, filosofia aldaketa ekarri zuen Brasilek: “Ikuspegi elitista nagusi zen orduan. Gozotegiek elizen antza zeukaten, eta jende aberatsak bakarrik zeukan bonboiak erosteko ahalmena”. Muga horiek apurtzeko bidea hartu zuen Brasilek. Eragin handia izan zuten Koldo Salinasek munduan zehar egindako bidaiek. Txokolategin-tzaren maisuekin ikasi zuen, Kanadan eta Frantzian, batez ere. “Kanpora ateratzen zarenean konturatzen zara zeinen ezberdina den kultura. Hemen bonboiak opari izaten dira. Baina Belgikan, adibidez, tabernan pintxo bat hartu beharrean, bonboiak jaten dizute”, azaldu du Salinasek. Marketinaren garrantzia ere ezagutu zuen atzerrian: “Askotan diferentzia ez dago produktuan, hura saltzeko moduan baizik”.
Modernizazioa tradizioarekin lehian
Berrikuntza izan da Brasil Irunen gozotegiaren beste ardatzetako bat. Ausardia erakutsi dutela uste du Koldo Salinasek: “Kolpe asko jaso ditugu bidean. Horien ondoren gelditzea, pentsatzea eta autokritika egitea ezinbestekoa izan da”. Arrakasta ere iritsi zaie, behin baino gehiagotan. Horren lekuko, irabazitako sarien zerrenda luzea. Dena den, aitortzarik onena irundarren esker ona dela argi dauka Salinasek: “Lehiaketetara zein bonboi aurkeztuko genuen erabaki-tzeko, jendeari bonboi sorta eskaintzen genion, probatu ondoren iritzia eman zezan”. Erosterako orduan, aldiz, irundarrek produktu klasikoa nahiago izan dutela baieztatu du: “Jende kontserbadorea gara, orokorrean”.

brasilTxoko

Esan daiteke, beraz, Irunen txokolateak izan duen tradizioak indarra daukala oraindik. “Duela ez hainbeste, txokolate usaina zeukan hiriak. Ehunka irundarrek egiten zuen lan Elgorriagan”, gogoratu du Salinasek. Txokolategintzaren azken ikurretako bat galdu du Irunek Brasilen itxierarekin.

Gazteren batek tradizio horri jarraipena ematea nahi luke Koldo Salinasek: “Guk izan ez genuen formazioa dute gaurko gazteek. Baina garai txarra bizi dugu ekonomiaren aldetik, eta zaila da enpresak martxan jar-tzea”.
Bestelako kezkak izango dituzte hemendik aurrera Koldo Salinasek eta Soledad Agirrek. Atsedena hartzeko momentua iritsi zaie.

One thought on “Amaiera gozoa izan du Brasilek

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude