Alardeak baditu bereizgarriak eta aski ezagunak diren elementuak, eta, beraz, ezinezkoa da horiek gabeko alarde bat imajinatzea. Multzo horretan sartuko lirateke kantinerak, kapitainak edo jenerala bera. Hala ere, Irungo Alarde Tradizionalak baditu aurretik aipatutakoen adinako garrantzia duten eta askorentzat oharkabean pasatzen diren gauzak. San Martzial Zutoihala izan daiteke sinbolo garrantzitsu eta askotan ahanzturan gera daitekeen horietako bat.
1522ko guduko garaipenaren ostean kabildo sekularrak eta elizakoak egindako botoa betez, Alardeak San Martzialetako prozesioa eskoltatzen zuen urtero San Martzial mendi gainean egin ohi zen ekintza erlijiosoan. Egun alardeko parte-hartzaileak Urdanibia plazan elkartzen dira goizean, alardea San Juan plazara igo eta bertan Bidasoa konpainiak hiriko banderaren erreplika jasotzen du. Ondoren, alardea Junkaleko Andre Mariaren Elizara joaten da, elizan erlijio kabildoa egin dadin. Garai batean elizako apaiza izaten zen alardeko buru, baina gaur egun zutoihala da prozesio haren aztarna bakarra.
Egun Alarde Tradizionalean ikusi daitekeen zutoihala erreplika bat da, Irungo Betiko Alardearen Aldekoak elkartearen ekimenez egin zena. Zehazki, Ricardo Requejo Reteguik bildu zuen zutoihala egiteko dirua, 1999ko maiatzaren 28an Amaia KZan egin zen piano-kontzertu batean bildutako dirua dohaintzan emanez. Horrela, garai batean elizako kabildoak eramaten zuen zutoihalaren erreplika bat egin zen. Aipatutako erreplika La Francesa izeneko dendan erositako belusean egin zen, eta Ines Arregik bordatu zuen zinta urreztatuekin. Zutoihalaren oihal nagusia, berriz, San Martzialen irudia, olanan inprimatu zen. Zutoihala 1999ko ekainaren 29an bedeinkatu zuten Hendaiako Mirabeen komentuan.
Beraz, zutoihalaren erreplika Irungo Betiko Alardearen Aldekoak elkartearena da. 2012. urtetik elkarteak akordio bat dauka San Martzialeko Alarde Tradizionaleko Agintarien Batzordearekin, bost urtetik lautan San Martzial Alardea osatzen duten konpainietako bateko soldaduren batek eraman dezan. Zutoihala eramateko ardura konpainien artean txandakatu egiten da, Alardearen ordena jarraituz. Bosgarren urtean Irungo Betiko Alardearen Aldekoak elkarteak aukeratzen du eramailea.
Aurten Santiago arduradun
2023an Santiago konpainia izango da alardean San Martzial zutoihala eramateko arduraduna. Alardearen barruan konpainien ordena kontuan hartuta aurreko urtean zegokion Santiagori zutoihala eramatea, baina 2018an ordena aldatu zen Real Uniónek eraman zezan konpainiaren 100. urteurrenarekin kointzidituz. Aurten ordea, Santiagori bere txanda iritsi zaio azkenean eta Roberto Martínez izango da ardura hori beteko duena.
Roberto Martínez 16 urte zituenean hasi zen alardean desfilatzen eta ordutik urtero parte hartu izan du. Eduardo Uruñuelarekin konpainiaren batzordean sartu zen, lehenengo kabo bezala, gerora alferez eta teniente karguak bete zituelarik. Roberto Martínezek azaldu duenez, “pixkanaka-pixkanaka mailaz igo nintzen batzordeetan parte hartuz eta konpainiak funtziona zezan lan eginez”.
Alardearen eta Santiago konpainiaren alde egindako lanaz gain, Roberto Martínezek Santiagoko auzo elkartean ere lan asko egin du, beraz, pertsona aski ezaguna da auzoan. Hain zuzen ere, egungo konpainiako agintariak berarekin harremanetan jarri ziren duela hilabete, aurten zutoihala eraman nahi ote zuen galdetzeko. “Gabonetan jada ardura hori betetzeko nigan pentsatzen hasi zirela esan didate, alardean eta auzo elkartean lanean eman ditudan urte luzeengatik”, adierazi du 2023ko zutoihalaren eramaileak. “Auzoan pertsona ezaguna naizenez, uste zuten ni izan nintekeela hura eramateko pertsona aproposetako bat”, erantsi du Martínezek.
“Auzoan pertsona ezaguna naizenez, uste zuten ni izan nintekeela hura eramateko pertsona aproposetako bat”
Roberto Martínez, 2023an zutoihalaren eramailea
Ardura bere gain izan arte zutoihalaren jatorriaz eta zergatiaz ezer gutxi zekiela onartu du Roberto Martínezek: “jakin banekien zutoihala alardearen parte zela eta ibilbideko puntu jakin batzuetan ikusi izana gogoratzen dut”. Orain ordea, eginkizuna betetzeko aukeratu izan ostean, gaiaren inguruan jantzi da, baita ekainaren 30ean izango dituen zereginen inguruan. Martínezek adierazi duenez, “eskuratu dudan informazioari esker jakin dut orain erabiltzen den zutoihala ez dela jatorrizkoa”. Gainera, Santiago konpainiako Luismari Alustiza kapitainak eta Javi Paternain alferezak beren laguntza eskaini diote izan ditzakeen zalantzak argitzeko.
Irudi bat baino gehiago
Alardean parte hartzeak ez du esan nahi zutoihalak eta bere eramaileak ibilbide osoa egiten dutenik. Izan ere, zutoihalak Junkaleko Andre Mariaren Elizararen sarrera, itxarongo du alardea goizean. Junkal plazatxoan lehen deskarga egin ostean, Eskola kaleko puntu jakin batean kokatuko da, konpainia guztietako agintariek sablea jaitsiz agurtu dezaten. Behin konpainia guztiak igarota, desfilearen amaierara batuko da. Eguerdian San Martzial mendiko botoan parte hartuko du, Irungo Banderaren alboan kokatuz. Arratsaldean, berriz, Kontrakale kalearen hasieran kokatuko da, berriro agintariek agur dezaten eta konpainiako denak igarotakoan Junkaleko Andre Mariaren Elizaraino joango da berriro bertako atean entregatua izateko.
Zutoihala eramaten duenaren jantzia San Martzial Alardeko infanteriako soldaduaren berbera izango da, baina eskularru zuriak eramanez. Esku batekin zutoihalari eutsiko dio eta bestean txapela bildua duela ibiliko da ibilbide osoan, errespetu seinale. Gainera, arduradunak konfiantzazko bi haur aukera ditzake, 12 urtetik beherakoak, berarekin joateko. Kasu honetan, Roberto Martínezek 8 urteko Markel San Matías Ruiz eta 10 urteko Mei Aguirre Merinoren laguntza izango du. Haien atzetik, urtero moduan soldadu eskolta batek desfilatuko du, aurten Santiago konpainiak izendatutakoak. Zutoihalaren zainketaz arduratzen den ohorezko guardiak binaka desfilatuko du, armak gurutzatuta.
“Harro nago kargu hau betetzeko deitu nautelako”
Roberto Martínez, 2023an zutoihalaren eramailea
Roberto Martínezentzat 2023ko Sanmartzialak bereziak izango dira zutoihalaren aldamenean. “Harro nago kargu hau betetzeko deitu nautelako, izan ere, pertsona bakar batek betetzen duen ardura izateak berezi egiten du”, azaldu du Martínezek. Robertok azaldu du bereziki atsegin duela San Martzial mendian botoa bete aurretik egin ohi den desfilea: “Santiago konpainiako agintari izan nintzen urteetan egin izan dut eta oso hunkigarria da jendeak asko txalotzen duelako”. Beraz, ilusioz horrelako une berezien esperoan dago aurten zutoihalaren eramaile izango dena.