Erditu aurreko eta ondorengo uneek merezitako espazioa dute Centro Maian

10 urte bete dira Centro Maia izenpean Irunen erditze aurreko eta ondoko hezkuntzan espezializatutako proiektua jaio zenetik. Hainbat kokapenetatik igaro ostean, gaur egun Geltoki kaleko 22. zenbakian du bere egoitza. Maialen Cuetok eta Itziar Pomarrek, beste irakasleen laguntzaz, askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzte, guzti horiek espazio bakar eta zabal batean.

Maialen Cuetok azaldu duenez, “konturatu garenerako 10 urte bete dira proiektu hau hasi genuenetik”. Izan ere, Cuetok gogoratu duenez 2014an hasi zen dena eta 2015ean Itziar Pomar lantaldera batu zitzaien. Centro Maia haurdunaldian zehar eta erditu ondoren lan egiteko asmoarekin ireki zen. Itziar Pomarrek aipatu duenez, “Beharrak ikusi ahala, gure zerbitzuak zabaldu ditugu”. Horrela, gaur egun eskaintzen duten guztiak 2014an egiten zutenarekin zerikusi gutxi duela erantsi du Maialen Cuetok.

Horrela, denborak aurrera egin ahala, zentroan eskaintzen dituzten zerbitzuak zabaltzen joan dira, garai berrietara egokituz. Egun, zerbitzuen artean erditu aurreko eskolak eskaintzen dituzte eta Maialen Cuetok aipatu duenez “eduki teorikoa eta praktikoa” tartekatzen dute horretarako. Itziar Pomarrek azaldu duenez, “Ama zarenean konturatzen zara gauza batzuk ez direla uste zenuen edo kontatu zizkizuten bezalakoak”. Horregatik, erditu aurreko eskoletan benetakoa eta interesgarria den edukia eskaintzeko ahalegintzen dira egunero. “Erditu ostean, zoru pelbikoaz hitz egiteko erabiltzen nuen aurkezpena goitik behera aldatu nuen, konturatu bainintzen informazio horietako asko ez zela erlatiboki garrantzitsua”, gaineratu du Pomarrek.

Horretaz gain, erditzeko ondoko errekuperazio-eskolak ere eskaintzen dituzte. Maialen Cuetok adierazi duenez, “erditu osteko fasea ere oso garrantzitsua da emakumeentzat eta askotan ahaztu egiten da horri arreta nahikoa ematea”. Fase horretan dauden emakumeekin hainbat ariketa mota lantzen dituzte berrogeialdia igaro ostean. Eskola horien helburua da zoru pelbikoa eta sabela indartzea eta suspertzea, haurdunaldian eta erditzean gehien ahuldu diren gorputz atalak baitira.

“Ama zarenean konturatzen zara gauza batzuk ez direla uste zenuen edo kontatu zizkizuten bezalakoak”

Itziar Pomar, pilates eta aireko pilates irakaslea

Horietaz gain, haur jaioberrientzako masaje eskolak zuzentzen dituzte, masajeak emanez haurrekin harremantzen ikasteko. Horretaz gain, lehen sorospen pediatrikoen ikastaroak ere antolatzen dituzte, Maialen Cuetoren hitzetan “haurrei gerta dakizkiekeen gauzen aurrean erreakzionatzen jakiteko”.

Itziar Pomarrez eta Maialen Cuetoz gain, Centro Maiaren lantaldea bestelako profesionalez osatzen da. Esaterako, Nahia nutrizionista haurdunaldian zehar elikadurak duen garrantzia eta haurren elikaduraren hastapena jorratzeaz arduratzen da. Itziar Pomarrek adierazi duenez, “gai honi buruzko informazioan kontraesan asko dago eta normala da galduta sentitzea”. Bestetik, orain dela gutxi Garazi psikologoa batu da lantaldera, Itziar Pomarrek azaldu duenez, “bizitzako fase honetan garrantzitsua baita gure buruan ere arreta jartzea”.

Aldaketa etengabean

Centro Maiako profesionalek adierazi dutenez, amatasun eta aitatasun ereduan aldaketa nabariak gertatu dira azken urteetan. Itziar Pomarrek azaldu duenez, “azken urteetan ikusi ahal izan dugu aitaren rola asko indartu dela”. Pomarrek atzo gertatu balitz bezala gogoratzen du erditu aurreko eskola teoriko batera gizona bakarrik agertu zen lehen eguna. “Duela gutxira arte pentsaezina zen emakumeak etortzerik ez bazuen gizona bakarrik etortzea”, aipatu du Itziar Pomarrek. Horregatik, garai eta eredu berrietara egokitu dira zentroan eta bikote heterosexualez gain, bi amek eta ama bakarrek osatutako familiekin ere lan egin dute. Bestetik, uste oker asko ere zuzendu egin dira, adibidez, haurdun dauden emakumeentzat pisuekin ariketa fisikoa egitea kaltegarria izan daitekeenaren pentsamendua. “Lehen pentsaezina zen haurdun dagoen emakume bati kettlebell pisu bat ematea”, azaldu du Itziar Pomarrek, ariketa fisikoa ginekologoen eta emaginen gomendioak jarraituz egin behar dela gogoratzearekin batera.

Zerbitzu hauek guztiak guraso lehenerdientzat bereziki interesgarriak badira ere, Centro Maian “errepikatzaile” asko dituztela nabarmendu dute Itziar Pomar eta Maialen Cuetok. “Jendea bigarren edo hirugarren haurdunaldi batekin guregana itzultzen denean ilusio handia egiten digu”. Lehen hautuaren errepikapen horrek zeresan handia du Centro Maiako langileentzat. “Bezeroak guregana itzultzen badira zerbait ondo egin dugulako izango da”, aipatu du Itziar Pomarrek. Maialen Cuetok aipatu duenez, bigarren haurdunaldi asko eta asko bizi dituzte dagoeneko: “Horietaz gain, geroz eta gehiago dira gure eskuetatik pasatzen diren hirugarren haurdunaldiak eta laugarren haurdunaldi bat ere izan dugu”.

Eredu berriak sortzen

Ikasteaz gain, Centro Maia sentimenduak eta esperientziak partekatzeko lekua ere bada. Itziar Pomarrek adierazi duenez, “erditze aurreko eskoletan, amei gehien errepikatzen diedan aholkuetako bat da lagunak egiten saia daitezela, ahal izanez gero haurdunaldiaren fase berean daudenak”. Erditu ondorengo uneetan laguntasuna laguntza handikoa izan daitekeela uste du Itziar Pomarrek: “goizeko lauetan negarrez ari den haur bati bularra ematen ari zarenean zure laguna berdin dagoela gogoratzea lagungarria izan daiteke”. Maialen Cuetok gaineratu duenez, “Askotan amatasuna  arrosa koloretan imajinatzen da, baina, agian, esperotakoa baino kolore gehiago egon daitezke”.

“Erditu osteko fasea ere oso garrantzitsua da emakumeentzat eta askotan ahaztu egiten da horri arreta nahikoa ematea

Maialen Cueto, Erditze aurreko eta ondoko irakaslea

Haurdunaldiak eta erditzeak pertsonak bezain askotarikoak dira eta hala bizi dituzte Centro Maian. Maialen Cuetok adierazi duenez, “pertsona bakoitzak haurdunaldia modu ezberdin batean bizi du eta oso pertsonala da”. Gainera, Itziar Pomarrek aipatu duenez, pertsona bera izan arren, haurdunaldi batetik bestera egoera, sentimenduak eta beldurrak asko aldatu daitezke. “Lehena ez izateak ez du esan nahi lasaiagoa izango denik”. Beraz, ezinegonen eta sentimenduen dantza oso bestelakoa izan daiteke unearen edo familiako kidearen arabera.

Centro Maia proiektua etengabeko bilakaerarengatik definitzen da. Horretarako, Garazi psikologoarekin batera, hazkuntza talde bat sortu nahi dute. Itziar Pomarrek azaldu duenez, urte batzuk beharko dituzte proiektu hau martxan jartzeko, baina lehen urratsak egiten hasiak dira. Itziar Pomarrek aipatu duenez, “oso polita iruditzen zait talde berean guraso lehenerdiak eta seme-alaba bat baino gehiago dituztenak elkartzen direnean eta bizipenak partekatzen dituztenean”.

Eduki teorikoaz gain, esperientzia partekatuak ere asko erakutsi dezakeela sinetsita daude Centro Maian, zerbitzuen erabiltzaileek egindako ekarpenak oso lagungarriak suertatzen baitzaizkie taldekideei eta irakasleei. Horretarako, hazkuntza eta prestakuntza etengabearen bidetik jarraituko dute. 2023an Centro Maian inoiz baino erditze gehiago izan zituzten eta 2024an aurreko urteko zifra gainditu daitekeelakoan daude. Orain arte egin bezala, datuez harago, haurdunaldiaren inguruko heziketa izango dute helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude