Nuria Alzaga Gazteriako ordezkariak HaurArtean programa berria aurkeztu du astearte honetan zentroko Haurtxokoan. Programa horren asmoa da familiei laguntzea hazkuntzako etapa goiztiarrenean. Interesatuek izena eman ahal izango dute GazteARTEanen webgunean, azaroaren 14tik, asteartetik aurrera, tokiak bete arte.
Gazteriako ordezkariak adierazi duenez, “seme edo alaba bat jaiotzen denean, familia batzuk aldi horretan lagunduko dieten zenbait tresna behar izaten dituzte”. Programa horren bidez, aitek eta amek beren zalantzak argitu eta beren kezkak partekatu ahal izango dituzte. “Familiek fase horri konfiantza eta segurtasun handiagoz aurre egin diezaioten nahi dugu, eta, horrela, hazkuntza positiboaren alde apustu egin dezaten”, azpimarratu du Nuria Alzagak.
Irungo Udaleko Gazteria Zerbitzuak HaurARTEan programaren barruan abian jarri duen ekimen berriaren helburua hazkuntzan laguntzeko taldeak antolatzea da. Programaren helburua da haurren eskubideen inguruan ikasteko komunitate lokal bat sortzea, baina helburu berri bat ere badu, abian jarri baititu haurdunaldi, 0-1 urte eta 1-2 urte taldeak.
Konfiantza-gune partekatu bat sortu nahi da gurasoentzat eta haurrentzat, haien beharretara egokituta. Alde horretatik, gune horretan esperientziak partekatuko dira, eta etapa bakoitzeko gai bereizgarriak eta berezkoak landu, loturak indartu eta hazkuntza positiboaren aldeko apustua egingo da. Horretarako, goian aipatutako faseetan eta gurasoei laguntzen adituak diren pertsonak izango dira. Saio berezi horietan zenbait gai landuko dira; besteak beste, edoskitzea, erditze ondoko zainketak, yogako saio bereziak… Halaber, etapa bakoitzeko berariazko gaietan adituak diren pertsonek ere parte hartuko dute. Adin horietakoen familientzako jolas-ekitaldi bat ere eskainiko du programak.
Hazkuntza-taldeak Hirigune haurtxokoan egingo dira, azaroaren amaieratik maiatzaren bukaera arte. Hala, etapa bakoitzetik bi talde sortu dira, ordutegi desberdinekin. Interesatuek izena eman ahal izango dute Gaztearteanen webgunean, azaroaren 14tik (asteartea) aurrera, tokia bete arte. Izena emandako haur bakoitzeko bi heldu joan daitezke.
Maiatzera arte eman ahal izango da izena, batez ere haurdunaldi-taldeetan bajak egon daitezkeelako.
Talde eta ordutegiei buruzko informazioa
- Haurdunaldi-taldeak (astero)
Larunbatetan, 12:15-13:45, edo asteazkenetan, 10:30-12:00
- 0-1 urte (hamabostean behin). 13 saio izango dira.
Larunbatetan, 10:00-12:00, edo ostegunetan, 10:30-12:30
- 1-2 urte (hamabostean behin).
Larunbatetan, 10:00-12:00, edo 16:30-18:30
Saio guztiak Hiriguneko Haurtxokoan burutuko dira.
HaurArtean programa
HaurARTEan programaren helburua da komunitate lokal bat sortzea haurren eskubideen inguruan eta haurren ikuspegitik lan egitearen eta heztearen ondorioen inguruan elkarrekin ikasteko, informatuz, eta dibulgazio eta prestakuntza bidez, eta familientzako, guraso-elkarteentzako, teknikarientzako, politikarientzako, zerbitzuetako langileentzako eta hezitzaileentzako da.
Horretarako, orain arte gurasoei eta hezitzaileei zuzenduta antolatu dira HaurARTEan tailerrak, haur eta nerabeak ardatz hartuta. Halaber, GazteARTEan-en webgunean eskuragarri daude haurren hazkuntzan erreferentzia diren pertsonei egindako podcast-ak eta elkarrizketa-bideoak.



