“18 cm” arte lehiaketako sariak banatu dira

Irungo Udaleko Kultura Arloak “18 cmarte erakusketaren seigarren edizioa antolatu du. Aurten aurkeztutako obra kopurua iazkoa halako bi izan baita. Ostiral arratsaldean lehiaketaren seigarren edizioko lan irabazleen sari banaketa egin zen Amaia Kultur Zentroan.

Kultura eta Kirol Arloak Ana Zubikoa komisarioarekin eta Ricardo Catalán produktorearekin elkarlanean antolatu du erakusketa, eta 48 artista bildu ditu, guztira 102 obra aurkeztu dituztenak: 51, kategoria indibidualean, eta beste 51, serieen kategorian; guztira, hemezortzi serie.

Antolatzaileek adierazi dutenez, beste urte batez, sariketak artista profesionalak zein amateurrak bildu ditu; tartean, beste lehiaketa batzuetan sarituak izan diren bertako artistak, oraindik ere beren hiriko kulturaren eta ekimenen alde egiten dutenak. Alde horretatik, erantsi dutenez, parte hartzaile gehienak Irungoak ziren, baina obra ugari helarazi dira Hondarribi, Donostia, Errenteria, Urnieta, Nafarroa, Logroño, Girona eta are Frantziatik ere (Hendaia eta Limogesetik).

Berriro ere, pintura sailean izan da parte hartzaile gehien: 67 obra aurkeztu dira.

“18 cm” sariketan, diziplina artistiko guztietako obrek (pinturek, argazkiek, eskulturek, ikus-entzunezkoek…) parte har dezakete, baina baldintza jakin bat bete behar dute: gehienez ere neurri horretakoak izatea. Urtero, gai bat aukeratzen da, eta, aurten, “Caleidoscopio-Aniztasuna” izan da haututakoa. Izan ere, antolatzaileek adierazi dutenez, Irun “hiri kaleidoskopiko bat da, hainbat geruzaz osatua, horri esker hizkuntza artistikoetan zein diskurtso sozialetan ageri diren kontzeptuak esploratzeko aukera ematen duena”.

Saritutako obrak

Hona hemen seigarren edizioan saritutako obren zerrenda:

– PINTURARIK ONENARENTZAKO SARIA (300 euro eta diploma): Aurpegiak (grabatua), 18 x 18 cm-koa, Xabier Ilarregi Arruabarrena irundarrarena

– ARGAZKIRIK ONENARENTZAKO SARIA (300 euro eta diploma): Izengabea (collage digitala), 18 x 18 cm-koa, Josu Pikabea Barberena donostiarrarena

– ESKULTURARIK ONENARENTZAKO SARIA (300 euro eta diploma): Calidoscopio (ispilua eta zura), 18 x 18 x 18 cm-koa, Luis Zavala Mendia donostiarrarena

– IKUS-ENTZUNEZKORIK ONENARENTZAKO SARIA (300 euro eta diploma): Caledoscopio, minutu 1 eta 18 segundokoa, Xabier Ilarregi Arruabarrena irundarrarena

– SERIERIK ONENARENTZAKO SARIA (300 euro eta diploma): Sustraiak bota nahian, (errotuladorea, rotringa eta akuarela), 18 x 18 cm-ko hiru piezaz osatua, María Guadalupe Amunarriz Emazabel hondarribiarrarena

– Tamayo saria (Donostiako Tamayo dendarako 180 euroko erosketa bonua): Formas de ver (pintura), 18 x 18 cm-koa, Sara Rubio Isasi zizurnagusitarrarena

Erakusketa, ikusgai

Saritutako obrak eta aurkeztutako gainontzekoak ikusi nahi dituztenek azaroaren 12ra arte ikus ditzakete, Amaia KZko erakusketa aretoan, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara arte, baita igande eta jaiegunetan ere, 11:30etik 13:30era arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude