Gaur aurkeztu da 18 cm lehiaketaren VI. edizioa. Aurkezpenean, Ana Zubikoa eta Ricardo Catalán proiektuaren arduradunez gain, Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak ere parte hartu du. Aurtengo ediziorako aukeratutako gaia “Kaleidoskopio/Aniztasuna” da.
Irungo Udaleko Kultura ordezkariak adierazi duenez, “Pinturatik, eskulturatik argazkigintzara pasatuz, herritarrak animatu nahi nituzke beren talentu eta sormen guztia partekatzera, 18cm lehiaketa-erakusketaren bitartez, beste urte batez, pieza berezi bezain originalen erakusketa bihurtuko dena”.
18 cm lehiaketa-erakusketa 2018an sortu zen, artean agertoki berriak irekitzeko helburuarekin, era guztietako sortzaileek egindako lanak ikusarazteko espazio berriak sortuz, hala nola zaletuak, hasiberriak, amateurrak edo diziplina horietako edozeinetan edo edozein euskarritan esperientzia duten pertsonentzat. Hala ere, lehiaketa-erakusketa honek baditu ezaugarri berezi batzuk, artistari erronka bat dakarkiotenak.
“18 cm” lehiaketan parte hartzeko baldintza nagusia da obra guztiek mugatuta egon behar dutela, lehiaketari izena ematen dioten dimentsioetara eta edizio bakoitzean adierazten den gaira. Lehiaketaren identitatea funtsezko bi zutabe horietan oinarritzen da; beraz, aurkeztutako lanek ezingo dute 18 cm-tik gorakoak izan.
Pintura, serigrafia, grabatu edo argazkien kasuan, lanek 18 cm-ko altuera eta zabalera izan beharko dute gehienez, eta, gainera, erakusketarako euskarri zurrun baten gainean etorri beharko dute, baina markoztatu gabe. Eskulturen kasuan, obrek ezingo dute 18 cm baino gehiago izan ezein dimentsiotan, sakonera barne. Ikus-entzunezko sorkuntzei dagokienez, 18 segundo edo minutu bat eta 18 segundoko iraupena izan dezakete. Lanak MP4 formatuan emango dira, eta posta elektronikoz bidali beharko dira amaia.kz@irun.org helbidera, fitxategiak transferitzeko plataforma bat erabiliz edo esteka bat emanez.
Teknikari dagokionez, librea da eta gaiari dagokionez, lanak “Kaleidoskopio/Aniztasuna” gaian oinarrituko dira. Ideia horrek, erakundetik, hiri kaleidoskopiko gisa aipatzen du Irun, eta hainbat geruzaz osatuta dago, arte-lengoaietan nahiz gizarte-diskurtsoetan dauden kontzeptuak esploratzeko aukera ematen dutenak, hala nola antzinako kosmobisioaren eta egungo kosmobisioaren arteko harremana, aniztasunaren eta berezitasunaren artekoa, absolutuaren eta erlatiboaren artekoa; gorputzen konplexutasuna; kulturen eta komunitateen eraldaketa; aldaketa-tresnak eta mugimenduen norabidea.
Epaimahaia eta sariak
Epaimahaia artearen eta ikus-entzunezkoen munduko profesional talde batek osatuko du, eta honako kategoria artistiko hauetako sariak erabakiko dituzte.Kategoria indibidualean lehiatu nahi duten pertsona guztiek gehienez hiru pieza aurkeztu ahal izango dituzte. Guztira 4 kategoria bereziten dira:
Pintura Lan Onenaren Saria: 300 euro.
Argazki-lan onenaren saria: 300 euro.
Eskultura Lan Onenaren Saria: 300 euro.
Ikus-entzunezko Lan Onenaren Saria: 300 euro.
Serieen kasuan, kategoria indibidualean lehiatu nahi duten pertsona guztiek gutxienez bi eta gehienez hiru pieza aurkeztu ahal izango dituzte. Serie onenaren saria: 300 euro.
Gainera, aurkeztutako lan guztien artean, epaimahaiak “Tamayo Saria” emango du, Tamayo dendan (Legazpi kalea, 4, 20004, Donostia) erosteko 180 euroko balioa duen balea.
Lanak aurkezteko epea amaituta, epaimahaiak aukeraketa bat egingo du jasotako lanen, haien kalitatearen eta aniztasunaren arabera. Aukeraketa horrekin erakusketa artistiko bat osatuko da eta urriaren 27tik azaroaren 12ra bitartean bisitatu ahal izango da Amaia KZn bertan. Sari banaketa erakusketa irekitzen den egunean bertan egingo da, hau da, urriaren 27an.
Lehiaketan parte hartzea eta obrak entregatzea
Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek urriaren 3tik 20ra entregatu beharko dituzte lanak Amaia KZn López de Becerra kaletik sartuta, asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta igandean 10:00etatik 14:00etara.
Obra inskripzio-orriarekin batera entregatuko da, behar bezala beteta. Izen-emate buletin honekin batera, aukeran, parte-hartzaile bakoitzak aurkeztutako obren azalpen txiki bat eman ahal izango du. 18 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, 2022ko azaroaren 14an beteak. Postaz eta/edo mezularitza zerbitzuz bidaliz gero, lanak Irungo Amaia KZn egon beharko du urriaren 20ko 21:00ak baino lehen.