Irungo Udalak Marokori eta Libiari laguntza humanitarioa emango die

Herrialdeko hegoaldean izan zen lurrikararen ondorioz nazioarteko laguntza jasotzen ari da Maroko, eta baita Libia ere azken astean izandako uholdeengatik. Hori dela eta, Lankidetzako udal-arloak astelehen honetan baieztatu du 20.000 euro emango dituela nazioarteko laguntza horretarako.

“Irungo Udalak marokoar eta libiar herriei elkartasuna eta babesa agertu nahi die, eta bi herrialde horiek jasotzen ari diren laguntza-ekintzekin bat egiten du. Hala, handitu egin dugu Garapenerako Lankidetzaren arloan mota horretako larrialdi-egoerei erantzuteko dugun aurrekontua, eta 20.000 euro gehiago aktibatu ditugu kaltetuei laguntzeko”, azaldu du Cristina Laborda ordezkariak.

Alde batetik, 8.000 euro gaituko dira Gurutze Gorriaren bidez, Richter eskalan 6,8 graduko magnitudeko lurrikara suntsitzaileak kaltetu zituen pertsonentzat. Lurrikarak  nagusiki Marokoko hegoaldea astindu zuen irailaren 8an, eta milaka hildako eta zauritu eragin zituen, eta baita kalte material handiak ere. Espainia izan zen Marokoko Erresumari bere laguntza eskaini zion lehen herrialdea, eta Maroko berak ere Espainiari eskatu zion lehenik laguntza eta lankidetza. Hain zuzen, larunbatean bertan hasi ziren baliabideak bidaltzen, batik bat Armadako Larrialdietarako Unitateko kontingente bat eta Mugarik Gabeko Suhiltzaile Batuetako talde bat, herrialde osoko boluntario profesionalek osatua. Aldi berean, asteburuan laguntza-sareak aktibatu ziren, eremu lokalekoen presentzia nabarmenduz.

Bestalde, Irunek 12.000 euro erabiliko ditu Daniel zikloiaren ondorioz Libian uholdeak kaltetu dituen familientzat. Zikloia gertatu eta bost egunetara jasotako albisteek diotenez, 11.000 pertsona baino gehiago hil dira, 10.000 baino gehiago desagertu eta 30.000 pertsona inguru lekualdatu dira; hondamendi humanitario itzela beraz. Kasu horretan, Irungo Udalaren laguntza UNICEFen bidez tramitatuko da; izan ere, funtsean, hondamendi horrek kaltetutako haurrei arreta ematen lan egiten du.

Gogoratu behar da aurten Irungo Udalak ematen duen bigarren laguntza humanitarioa dela; izan ere, martxoan 13.000 euro inguru mobilizatu zituen Turkian eta Sirian lurrikarak kaltetutako pertsonei laguntzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude