Aurtengo udako egun bero eta eguzkitsu batean, udak oharkabean bizi gintuenean, Hendaiako hondartzan marrazoen arrautzak azaldu ziren. Izan ere, marrazoen enbrioi edo arrautza horiexek nik neuk eskuartean izan nituen, beraz, zin dagit; hitzok ez dira haluzinazio baten ondorengoa. Gainera, ezinbesteko argazkia atera nien, marrazoen arrautzak aditu baten esku geratu ziren-eta. Itsasoak zeruarekin bat egiten zuen puntura begiratuta, pentsamenduak aldegin zidan Ozeano Artikoraino: marrazoen enbrioiak Kantauri itsasoan badaude jada, antxoak Ipar Poloan izango dira laster, pentsatu nuen. Etorkizuneko marrazoen enbrioi haiek bainujantzi eta txankleten ohikotasuna irauli zuten bat -batean, ziurtatzeko, beste behingoz, errealismoa eta surrealismoa guztiz loturik edo nahasturik daudela. Askotan, arinki, surrealismoa identifikatu ohi baitugu soilik Daliren estrabagantziekin edota salbuespenezko erokeriekin. Halere, bizi dugun errealitate “ezagunaren” erabatekotasuna irauliko duten (edo aberastuko duten, nondik begiratzen diozun) ezusteko gertakariak egunero suertatzen dira, une oro ez esateagatik. Muturreko adibide bat ipintze aldera, surrealismotik baino errealismo estranbotikotik gertuago dagoena akaso, bagoaz orain bertan gure gainean dugun hodeitzarraren eskutik Madrilgo zerupean kokatzen den Audiencia Nacional-aren epaitegira, non duela astebete 35/02 auziaren makroepaiketa hasi zen. Auzi honen xehetasunen irakurketa zinez da trinkoa bezain harrigarria. Auzia ireki zenetik hamaika urte igaro ostean, epaiketaren lehenengo egunean, eta hasteko, epaile txit gorenek deliberatu zuten Askabide izeneko elkartea auzitik kanpo uztea. Askabide ez ei zen “herriko taberna” bat… Aaaaaa! Errealismoa edo surrealismoa? (ipini X bat aukeratutako hitzaren alboan). Ildo horretatik jarraituz gero, bukaerako makrosententzia behin-betikoan jarri beharko duten imajinazio gaindosiak guztiok entretenituko gaitu halabeharrez, ze, izan alde bateko sententzia, izan beste aldekoa, ezin izango zaio ezabatu surrealismo antzu baten trazarik. Orobat traza horiek “tartaren”auzian ere egon badaude, nabarmen: Nafarroako presidenteari tarta bat jaurtitzeagatik 5 eta 9 urteko kartzela-zigorra eskatu dute. Errealismoa edo surrealismoa?…(XX)… Enbrioietako marrazoak gure artean hazi dira eta nik Ipar Poloan bizi den antxoa bat izan nahi dut.