“Zaleen laguntza ezinbestekoa izango da, batez ere etxean jokatzen dugunean”
Zapore gazi-gozo batekin bukatu zuten Bidasoa K. E.-ak eta bere zaleek iazko denboraldia. Talde irundarrak Asobal Ligara igotzeko ametsa eskura izan zuen, baina Puente Genilek play offeko azken partidua irabazi eta ametsa kendu zion. Ohorezko B mailan lehiatzeko aurredenboraldia prestatzen ari zirela, kategoria gorenera itzultzeko deia jaso zuten, Athletico Madrilek utzitako hutsunea betetzera. Birritan ez zuten pentsatu irundarrek, eta aurten Asobal Ligan lehiatuko da Fernando Boleak zuzentzen duen taldea.
– Denboraldi ezin hobea egin zenuten iaz; baina, tamalez, ezin izan zenuten igoera lortu. Nola gogoratzen duzu liga amaiera hura?
Oso denboraldi interesgarria izan zen. Bidasoaren entrenatzaile bezala nire lehendabiziko urtea zen, eta jokalari oso gaztez osaturiko taldea aurrera ateratzea zen nire egitekoa. Oso talde elkartua lortu genuen, eta hark bigarren itzulian bederatzi partidu jarraian irabaztea ahalbidetu zigun. Pena izan zen zaleei amaiera bikaina ezin emana. Hala ere, iazko denboraldian gauza on ugari izan genituen, eta oroitzapen horiekin geratzen naiz.
– Orainera bueltatuz, nola jaso zenuten jokalariek eta zuk zeuk Asobal Ligara i-tzultzeko aukerari buruzko albistea?
Hasiera batean sorpresa handia izan zen. Horren berri ekainean izan bagenu, dena modu lasaiagoan egiteko aukera izango genukeen. Hala ere, pozik egoteko moduko albistea da. Asobalen lehiatzeko aukera genuela esan zidatenean, asko poztu nintzen. Asobalen egoteko borrokatzen ari ginen; beraz, aukera hori ematen baldin badizute, onartu egiten duzu. Oso zaila izango da, taldea egin berria delako, baina ez da ezinezkoa. Nire ustez, zaleen sostengua eta elkartasuna ezinbestekoak izango dira lan horretan, indar aldetik ozta-ozta zabiltzanean haien adorea eta laguntza ezinbestekoak baitira.
– Nola biziko dute jokalariek Ohorezko B mailatik Asobal Ligarako jauzi hau?
Aldaketa oso handia eta gogorra izango da. Aurten, Aitor Diaz de Cerio, Iñaki Cabero, Ekaitz Mujika eta beste zenbait jokalari gazte ditugu gurekin, eta egun batetik bestera Asobal Ligan lehiatzen ibiltzea ez da gauza samurra. Haiek ohikoek baino estualdi gehiago biziko dute, baina gogor borrokatuz gero suspertzea lortuko dute. Asobal Ligan mantentzea gogorra da, baina bai eta lor daitekeen helburua ere.
– Taldea Ohorezko B mailarako prestatzen ari zineten. Orain Asobalen lehiatuko zarete. Taldea osatzeko jokalari berri baten bila al zabiltzate?
Bai, hasieratik zerbait begiratu dugu. Lehen lerro eskuindar bat, ezkertiarra eta atezain bat dira interesatzen zaizkigunak. Hala ere, gauza bat da nahi izatea, eta beste bat, hori posible izatea. Kontu ekonomikoak oztopo dexente jartzen digu; baina jokalari on bat aurkitzen baldin badugu, nik uste dut klubak esfortzua egingo duela, haren zerbitzuekin kontatu ahal izateko. Taldea, oro har, osatuta dago; baina eskuin-alboko bat lortzea oso interesgarria izango litzateke, oraintxe bakarra baitugu.
– Athletico Madril talde boteretsua behin desagertuta, Liga Bartzelonaren esku geratzen dela esan dezakegu. Nola ikusten duzu aurtengo liga?
Nire ustez, Bartzelonaren gailentasuna argia da. Posible da katalanek partiduren bat galtzea, baina oso talde indartsua da. Nazioarteko eta bertako jokalaririk onenak dituzte eta ez dago dudarik liga irabaziko dutela. Gaur egun oso gutxi dira Bartzelonari aurre egin diezaioketen taldeak. Batzelonaren atzetik, nire ustez, Natur House La Rioja egongo da, eta haren atzetik, Huesca, Guadalajara, Granollers taldeak. Erdialdeko postuetan berdintasuna izango da nagusi, eta beheko postuetan, berriz, zazpi edo zortzi taldeen arteko lehia izango da nagusi. Egunero lehian aritu beharko dugu ahalik eta puntu gehien lortu ahal izateko. Lehiakide zuzenen kontra puntuak irabaztea oso garran-tzitsua izango da.
– Asobal Liga irailaren 14an hasiko da. Zuentzat, etxetik kanpo, Natur House La Riojaren etxean. Nola ikusten duzu lehendabiziko partidu hori?
Oso partidu gogorra izango da. Natur House La Rioja hirugarren geratu zen iaz eta oso talde ona dauka aurtengo denboraldirako. Kalitateko zazpi jokalari berri ditu. Hala ere, niretzat, garrantzitsuagoa da hurrengo partidua, Balonmano Cangasen kontrakoa. Zuzeneko lehia izango da. Puntuak hain zenbakituta dituzunean, ezin duzu zuzeneko lehiakideen kontra partidurik galdu. Garrantzitsua da beldurra kenduko digun partidu gogor batekin hastea, bigarren partidu garrantzitsu horri aurre egiteko prest egotearren.
– Lehendabiziko jardunaldia berezia izaten da, ezta?
Bai, noski. Lehendabiziko jardunaldia sorpresaz beterik egoten da eta kiniela guztiak hautsi ohi dira.
– Zaleen laguntza garrantzitsua izango al da?
Ezinbestekoa izango da, batez ere etxean jokatzen ditugun partiduetan. Hala ere, gure esku dago jendea Artalekura erakar-tzea. Denboraldiaren hasieran gaude, jokalariek bat egin behar dute eta egunero borrokatu, ahalik eta hobekien egin, taldearen eta zaleen arteko lotura hautsiezina lortze aldera. Aurreko denboraldian zaleek gurekin zeudela erakutsi ziguten, eta azkeneko segundura arte animatu gintuzten. Zorte ona dugu haiekin; izan ere, beste leku batzuetan eskubaloia ez dago hain errotua. Irunen dagoen tradizioarekin batera, taldean etxeko jokalari ugari izatea ere oso garrantzitsua da.
– Iazko denboraldian kilometro ugari egin zenituzten, eta aurten ere errepidean asko ibili zarete. Nola bizitzen dituzue momentu horiek?
Aurten bidaiak erosoagoak izango dira, gure aurkariak gertuago baitaude. Aurreko denboraldiaren aldean 500 kilometro gutxiago egingo ditugu eta, nahiz eta gutxi dirudien, hori nabari egiten da.
– Entrenatzaile bezala, nola biziko duzu Bidasoaren itzulera Asobal Ligara?
Oso pozik nago, igotzen dudan hirugarren taldea baita; baina nire Bidasoarekin Asobal Ligara igotzea oso berezia eta polita da. Hala ere, garrantzitsuena jokalariak hobetzen laguntzea eta jokatzen ondo pasatzea da. Esan bezala, oso pozik nago; baina oinak lurrean ditugu, eta itzulerako lehendabiziko urte hau nola joango den ikusteko gogoz nago.
– Bidasoaren aurtengo helburu nagusia Asobalen mantentzea da?
Bai. Gogor lan egingo dugu, eta tamalez jaitsi behar bagenu, jokalariek behintzat esperientzia ikaragarria bereganatuta izango lukete. Asobalen urtebete joka-tzeak B Ohorezko Mailan bizpahiru urtez jokatzeak baino gehiago betetzen eta irakasten dizu. Taldea pistan disfrutatzea garrantzitsua da bakoitzak bere onena eman ahal dezan. Oso garesti saltzen dira iraunkortasuna bermatzen duten postuak; hala ere, gure jokorik onena erakusten saiatuko gara.
Hemendik munduko zorterik onena opa diegu Fernando Boleari eta bere jokalariei Bidasoaren Asobal Ligako itzuleran.