Osasun Bidasoak Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsulta berriro irekitzea eskatu du

Duela gutxi, Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsulta itxi da. Ondorioz, pazienteek Donostiara joan beharko dute. Osasun Bidasoa plataformatik adierazi dutenez, itxiera hori beste galera bat da Bidasoa eta Bortzirietako eskualdeetako osasun-arreta publikoaren kalitaterako.

Plataformatik gogoratu dutenez, azken urteotan, urologiarako, erradiologiarako eta minaren unitaterako arreta nabarmen murriztu da, eta itxarote-zerrendak modu kezkagarrian hazi dira traumatologia eta otorrinolaringologiarako. Haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak are gehiago hondatuko du gure eskualdeetako osasun publikoa.

Arretaren gainbehera

Osasun Bidasoatik adierazi dutenez, “gure eskualdeetan osasun mentalaren arreta defizitarioa izan da historikoki. Paziente helduak Irungo Udalak duela 22 urte baino gehiago behin-behinean Osakidetzari utzitako lokaletan artatzen dira”. Instalazioen antzinatasunak eta prekarietateak ez dute ahalbidetzen kalitatezko arreta. “Gainera, ezin da profesional berririk kontratatu, kontsulta-gunerik ez dagoelako”, adierazi dute. Haur eta gazteen psikiatriako zerbitzua Bidasoako Ospitaleko bigarren solairuan zegoen, ebakuntza-gela berriak aurreikusita dauden lekuan.

Horregatik, Osasun Bidasoak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari eskatzen dio berehalako konponbideak bila ditzala azken 4 urteotan itxi edo prekarizatu diren zerbitzu espezializatuen kalitatea berreskuratzeko.

Osasun Bidasoak haur eta gazteen psikiatriako kontsulta ixtearen ondorioz kaltetutako familiei babesa eman nahi die. Aldi berean, dei egiten die herritarrei mobilizazioetan parte har dezaten, egungo egoerari buelta emateko eta eskualdeak zuen osasun-arreta berreskuratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude