Esprintean adituak diren Madalen eta Uxue Arsuaga Santiagotarrak Urbycolan elkarteko piraguistak joan den asteburuan Galiziako 200 eta 500 metroko Espainiako Kopan parte hartu zuten. Era berean, Espainiako federazioak datorren udako nazioarteko plazak zehazteko antolatu zuen selektiboan parte hartu zuten.
Sevillan bizi diren Aitor Gorrotxategi eta Nerea Garcia irundarrak Galiziara etxeko lanak eginda joan ziren, izan ere, biek aurretik Europako (Polonian) eta Munduko (Portugalen) hurrengo txapelketetarako sailkatzea lortu zuten, 23 urtez azpiko kategorian.
Erik Arocena eta Aitor Zabala teknikarien zuzendaritzapean, junior mailako neskak Irundik abiatu ziren, Nereak duela hilabete hasitako bideari jarraitzeko eta estatuko emakumezkoen taldean nazioarteko plazaren bat lortzeko. 200 eta 500 metroko Espainiako Kopa amaitu ondoren, Espainiako selekzioko teknikariak izango dira taldea osatuko dutenak eta Santiagotarrak-Urbycolan taldeak Uxeu eta Madalen Arsuaga bikiek taldean nazioarteko plazaren bat izatea espero du.
Duela pare bat aste, Eider Amundarainek Europako Maratoi Txapelketan parte hartzeko postua lortu zuen.
Larunbatean K1 200 metroko probak jokatu ziren, eta Uxue, Madalen eta Nerea Garcia nabarmendu ziren, hirurak igo baitziren podiumera, Kopako lehen dominak gehituta, eta ez bakarrak. Esprint ikusgarri batean Uxuek eta Madalenek plaza jokatu zuten eta K1eko 200 metroetako finish argazkira arte itxaron behar izan zen junior mailako dominak banatzeko. Nerea, bestalde, oso azkar ari da seniorren mailara egokitzen eta, nesketako bat izanik, hirugarren postu bikaina lortu zuen K1 500 metrokoan. Aitor Gorrotxategi K1 podiumetik gertu geratu zen bere bosgarren postuarekin 500 metrokoan.
Uxuek ez zuen zorte bera izan K1 500 metrokoan, hirugarren postuan zijoan eta 100 metroren faltan irauli ostean, 200 metroko balentria errepikatzeko aukera galdu zuen. Madalen kale paraleloan zihoan, bere ahizpa irauli ondoren, deszentratu eta bosgarren postuan amaitu zuen.
Larunbatean izandako ezbeharra gorabehera, junior mailako neskek azken urteotan lortu duten maila erakutsi zuten igande goizean, eta 200 metroko eta 500 metroko distantzietan Uxue eta Madalenek nagusitasunez irabazi zuten bi probetan. Eider Amundarainek eta Irene Gorrotxategik laugarren postua eskuratu dute. Aitor Gorrotxategik eta Eneko Egigurenek ezin izan zuten K2 500 metroko A finala jokatu. Hala ere, ordubete geroago B finalean ez zioten inori aukerarik eman eta nagusitasunez irabazi zuten.
Datorren larunbatean, kadeteek Avilesera (Asturias) joan beharko dute berriro, eta K1, K2 eta K4 ontzietako kadeteentzako 1000 metroko Kopa jokatuko dute Trasonako urtegian.