Luis Tolosa artistaren lanen eskultura bilduma jasoko du GazteARTEan Expo programaren edizio berriak. Erakusketa maiatzaren 17an hasi eta ekainaren 21era arte bisitatu ahalko da. Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteriako ordezkaria erakusketaren aurkezpenean izan da. Prentsaurrekoan parte hartu dute ordezkariarekin batera, Luis Tolosa artistak eta GKOko Garikoitz Muruak, GazteARTEan Expo programaren koordinatzaileak.
Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariaren hitzetan, programa hau udalerriko gazteen talentua bultzatzeko balio du, inspirazio moduan balio duen sare bat sortuz. Caballerok adierazi du, “garrantzitsua da gure eskualdeko sortzaile gazteen lana sustatzen, zabaltzen eta babesten jarraitzea, GazteARTEan Expo eta antzeko espazioak eskainita”. “Izan ere, horrela aukera daukate beren lanak eta proiektuak beste gazte batzuei erakusteko eta, akaso, etorkizunean balizko beste artista batzuk motibatzeko”, erantsi du Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariak.
Bihar arratsaldean tailerra
Gainera, bihar, maiatzak 17, 17:30etatik 19:30etara, artistak tailer bat emango du, nerabeei zuzendua. Luis Tolosak diseinu oso konplexuak lantzen ditu, ondoren inprimatzeko, programa informatiko bereziak erabilita. Hortaz, hain denbora gutxian eta tresna horiek gabe ezinezkoa da eskultura horiek egiten ikastea.
Beraz, aldez aurretik sortutako diseinua amaitzeko prozesua erakutsiko da, elementuak zuzenduta, elementu berriak sortuta edo akaberak emanda, guztia ere zuzenean erakutsita, egiten den bitartean.
Nerabeek beren iritzia eman ahalko dute, eta prozesuari buruzko galderak egin. Izan ere, artistak erabiltzen dituen programak aurkeztuko ditu, zer aukera eta muga dauzkaten azalduko du, eta 3Dko eskulturak eta marrazkiak egiteko beharrezko abileziak aipatuko ditu.
Luis Tolosa
Luis Tolosa 3Dko artista eta inprimaketarako eskultore digitala da. Andoaingo ESCIVI eskola hasi zen ikasten, bideojokoak eta interakzio-esparruak sortzeko. Ondoren, inprimaketarako eskultura digitalean espezializatu zen Madrilgo CICE eskolan.
Infoarquitecturan lan egin zuen, etxe-agentzientzako planoak eta marka ezagunentzako (Mapfre, Dyson, AECC) renderrak egiten, ekitaldietan erabiltzeko. Render horiez gain, ekitaldien diseinuan parte hartu zuen, eta kartel guztiak diseinatu zituen. Ingurumen-artista gisa aritu zen Dibulitoon Studioren «Elcano la vuelta al mundo» filmean, eta pertsonaiak diseinatzen Tomavision Studioren «Caterella» lanean. lan-ibilbidean nabarmentzekoa da, gainera, barneko eskultore gisa aritu dela Figurma Collectors-en (Japoniako figura enpresa) eta ondoren, Nemesis Now-en (Erresuma Batuko figura enpresa). Azken horretan dabil gaur egun.
Gainera, bideojokoetarako diseinu propioak lantzen ditu eta figurak diseinatzen ditu inprimatu nahi dituzten bezeroentzat. Gaur egun, pertsonaien eskultore digitala da 3Dko inprimaketarako pertsonaien merkatuan, eta enpresa askorentzat egiten du lan (Warhammer estiloko miniaturak eta Anime, Marvel eta DC estiloko bildumetarako figurak).
GazteARTEan Expo
Programa hau 2017an jarri zen martxan, eta eskualdeko gazte ugari pasatu dira bertatik. Zenbait helburu ditu: gazteei laguntzea sormena eta interes artistikoak garatzen, arteak gizartea eraldatzeko tresna gisa duen balioa aitortzeko programa bat garatzea eta nerabeen eta artista gazteen arteko ikaskuntza partekatua ahalbidetzea.
Aurten, Luis Tolosaren erakusketa honetaz gain, beste bi erakusketa antolatuko dira, urrian eta azaroan. Aurrerago emango dira horien xehetasunak.



