Adour-Bidasoa pintura sariketako hiru irabazlek erakusketa bateratua eskainiko dute Amaian

Oso erakusketa berezi batek emango dio amaiera maiatzeko kultur agendari. Amaia KZn jarriko da, ekainean eta uztailean, eta bertakoak izango ditu protagonistatzat, aurreko urteetan Adour-Bidasoa sariketa ospetsuko lehenengo saria irabazi duten hiru artistaren lanak bilduko baititu. Horrela, ostiral honetan, hilak 28, 19:30ean, erakusketa aretoko ateak zabalduko dira –López Becerra kaletik sartu beharko dute bisitariek–, Susana Ferreira, Aiert Alonso eta Edu Larrasa artisten lanez gozatzeko aukera emateko.

“Gutxitan dugu Aturri-Bidasoa sariketa irabazi duten bertako hiru artistaren lanak areto berean biltzeko aukera. Baterako pintura erakusketa hau hiriaren kalitate artistikoaren beste adierazgarri bat da, eta, beronen bidez, azkenaldian lan berriak egin dituzten bertako sortzaileak babestu nahi ditugu, egungo egoeraren ondorioz badakigu-eta ez dela erraza inon erakusketarik jartzea”, azaldu du Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek.

Susana Ferreira irundarrak, Adour-Bidasoa sariketaren 2017ko edizioaren irabazleak, errealitate sublimatu bati heldu dio oraingoan, non Txingudi ikastolako espazio isilak eta bertako arkitekturaren ikuspegiak konposizioaren euskarri gisa agertzen diren. Horrela, bere obraren benetako protagonistei bide eman die: argi-itzalen ñabardura iradokitzaileei.

Aiert Alonso, berriz, Adour-Bidasoa sariketaren 2004ko edizioko lehenengo sariaren irabazlea, Hondarribian bizi da, eta Zinedine Zidane futbolari ohi eta Real Madrileko egungo entrenatzailearen erretratu bikain bat aurkeztuko digu, prentsan eta sare sozialetan agertzen diren pertsona ezagunez osatutako formatu txikiko hainbat lanekin batera. Futbol ingelesa, David Beckham eta Alan Stubbs, zaldizkoak eta zaldiak, futbol zelai hutsak… lantzen ditu, egungo plastika figuratiboaren berezko elementu asko biltzen dituen mintzaira berezi bat erabiliz.

Edu Larrasa hondarribiarrak, azkenik, Adour-Bidasoa sariketaren 1997ko edizioko lehenengo sariaren irabazleak, harritu egingo gaitu berriz ere, azkenaldiko bitalismo handiko lanarekin. Berriro ere, erronka gisa sentitu du pintura, eta argi-ilunaren indarra harrapatzea lortu du, oso diskurtso pertsonala baliatuta, urteetan saiakuntza eta prozedura teknikoak bilatuz landua; horrela, ondo sendotutako bilakaera artistiko bati bide eman dio.

Ordutegia: Asteartetik larunbatera, 18.00etatik 21:00etara; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.

Bisita gidatua igande honetan. Gehienez sei laguneko taldea osatuko da. Izena emateko, bidali mezu bat cultura@irun.org helbidera. Jarduera 12:30ean hasiko da.

Adour-Bidasoa sariketaren XXX. urteurrena

Erakusketaren inaugurazioak Adour-Bidasoa sariketaren oinarrien onarpenarekin  kointzidituko du ia. Aurten, 30 urte beteko ditu sariketak, eta, Kulturako ordezkari  Juncal Eizaguirrek gogorarazi duenez, “hirian dugun pintura sariketarik prestigiotsuena da, oso erakargarria artea maite dutenentzat eta baita herritar guztientzat”.

Nahi duen artista orok parte hartu ahalko du sariketan, 2021eko irailaren 1erako 18 urte bete baditu gutxienez eta aurreko edizioren batean lehenengo saria irabazi ez badu betiere. Parte hartzaile bakoitzak obra bat aurkeztu ahalko du gehienez, jatorrizkoa, beste inongo sariketatan saritu gabea, edozein euskarri edo teknika bisual erabiliz (fotomuntatzea, bideo instalazioa, pintura digitala…), sinatu gabe, eta, atzeko aldean, obraren titulua adierazi beharko du; gainera, gutun azal itxi bat erantsi beharko dio obrari, eta, haren kanpoko aldean, titulua idatzi. Mihiseak edo aukeratzen den materiala 80 cm izango dira gutxienez alde bakoitzean, eta 150 cm gehienez.

Epaimahaiak sari hauek banatuko ditu aurkezten diren lan guztien artean: lehen saria, 2.500 eurokoa; 30 urtetik beherako artista gazte baten lan onenarentzako saria, 500 eurokoa; epaimahaiaren sari berezia, 500 eurokoa; eta, azkenik, finalistentzako diplomak.

Obrak Amaia KZn aurkeztu beharko dira, López Becerra kaletik sartuta, abuztuaren 25etik irailaren 1era bitartean: abuztuaren 25etik 28ra bitartean eta irailaren 1ean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara bitartean eta, abuztuaren 29an, igandea izanik, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Abuztuaren 30ean, astelehenarekin, kultur zentroa itxita egon da.

Sariak irailaren 17an banatuko dira, aukeratzen diren obren erakusketa inauguratzen den egun berean. Urriaren 10era bitartean egongo da ikusgai erakusketa. Sariketaren oinarriei buruzko informazio gehiago nahi dutenek herritarrei arreta emateko telefonora deitu dezakete, 010 edo 943 505 152 zenbakira; Kultura Arlora jo, ospitale zaharrera (Urdanibia plaza 6 / 943 505 407 / cultura@irun.org), edo Amaia Kultur Zentrora (López Becerra kalea); edo Udalaren webgunea kontsultatu, www.irun.org helbidean. Gainera, cultura@irun.org helbide elektronikora idatz dezakete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude