Abuztu honetan hasiko da Adour-Bidasoa Pintura Sariketarako lanak aurkezteko epea. Hain zuzen ere, abuztuaren 31n izan ezik, abuztuaren 25etik irailaren 1era bitartean aurkeztu ahalko dira lanak, bi egun horiek barne, Amaia Kultur Zentroan, López Becerra kaletik sartuta: asteartetik larunbatera bitartean, 18:00etatik 21:00etara bitartean, eta, igande eta jaiegunetan, 11: 30etik 13:30era bitartean.
Epaimahaiak sari hauek banatuko ditu aurkezten diren lan guztien artean: lehen saria, 2.500 eurokoa; 30 urtetik beherako artista gazte baten lan onenarentzako saria, 500 eurokoa; epaimahaiaren sari berezia, 500 eurokoa; eta, azkenik, finalistentzako diplomak.
Nahi duten artista eta pinturazale guztiek parte hartu ahalko dute sariketan, 18 urte baino gehiago badituzte betiere. Deialdiaren oinarrien arabera, lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du. Lan horrek originala izan beharko du, beste lehiaketa batean saritu gabea, gai eta teknika librekoa, eta 80 eta 150 zentimetro bitartekoa alde bakoitzean, eta sinadurarik gabe aurkeztu beharko da, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia dakartzan gutun azal itxi batekin batera. Margolan
irabazlea Irungo Udalaren pintura ondareko bilduman sartuko da, izen handiko artisten zerrenda luze baten barruan (Darío Regoyos, Bienabe Artía, Menchu Gal…).
Irabazleen izenak irailaren 18an jakinaraziko dira, lan hautatuen erakusketa inauguratzearekin batera. Lehiaketaren oinarriei buruz informazio gehiago nahi dutenek herritarrentzako arreta telefonora dei dezakete, 010 edo 943505152 zenbakira, baita Kultura Arlora, 943505407 telefonora, edo udal webgunean sartu, www.irun.org helbidean.