Loidi Euskarazko Ikerketa Bekarako proiektuak aurkezteko epea zabalik dago

Bekak 12 hilabeteko iraupena izango du eta 9.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak ikerketa-lana gauzatzeko

Irungo Udalak Jose Antonio Loidi ikerketa bekaren 15. edizioa antolatu du. Ikerketa proiektu proposamenak 2020ko urriaren 2ra arte, egun hau barne, aurkeztu ahalko dira. Beka bi urtez behin deitzen da eta euskaraz garatuko diren proiektuak onar- tzen dira deialdian.

Beka hau omenaldi bat izan nahi du adopzioz eta bihotzez Bidasotarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat, orain dela 21 urte zendutakoa. Loidi bekak euskaraz egindako ikerketa suspertu eta bultzatu nahi du hainbat esparrutan. Horrela, ikerketa esparru zabalak onartzen dira, Jose Antonio Loidik bere bizitzan zehar landutakoak: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika. Era berean, ikerketa zientifikoa zabaldu nahi da euskaraz, Jose Antonio Loidik hainbeste maite eta sustatu zuen hizkuntzaz. Mónica Martínez Euskara arloko ordezkariak azaldu duenez, “ibilbide luzea du eta oso eduki interesgarriak dituzten lan ugari sortu ditu”.

“Ibilbide luzea du eta oso eduki interesgarriak dituzten lan ugari sortu ditu”
Mónica Matínez, Euskara arloko ordezkaria

Bekaren ezaugarriak eta onuradunak
Jose Antonio Loidi Euskarazko Ikerketa Beka antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikaren esparruko ikerketa proiektuak biltzeko asmoarekin martxan jarritako deialdia da. Hortaz gain, ikerketa gauzatzeko proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egitea ezinbestekoa izango da. Mónica Martínez Euskara arloko ordezkariaren hitzetan, “euskara arloko programa garrantzitsuenetako bat da, eta gure hizkuntzan ikertzea du helburu”. Bekak 12 hilabeteko iraupena izango du eta beka eskuratzen duen ikerketa proiektuak 9.000 euro gordineko diru-zenbatekoa jasoko du proiektua garatu ahal izateko. Era berean, ikerketa-lana originala eta argitaratu gabea izan beharko da.

Norbanakoek edo taldeek izango dute Loidi bekara proiektua aurkezteko aukera. Beti ere, bekaren onuradunak unibertsitatean graduatuak edo lizentziatuak izateaz gainera, Euskara C1 maila (Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko bateratua) edo baliokidea izan beharko dute. Ikerketa-lanen proposamenak 2020ko urriaren 2ra arte, hau barne, aurkeztu ahalko dira. Bekaren deialdia zehazten duten oinarriak, informazio guztia eta eskaera-orri eredua Irungo Udalaren Euskara arloaren webgunean partekatuko dira. Era berean, interesdunek harreman eta informaziorako honako helbide eta kontakturako bideak erabilgarri izango dituzte: Irungo Udalaren Euskara arloaren bulegoa, euskara@irun.org helbide elektronikoa, 943 50 52 72 telefono zenbakia, Euskara Arloaren webgunea eta Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala (GAO 2020-64-10, 108 zk.).

Loidiren ekarpena
Jose Antonio Loidi Bizkarrondo (Errenteria, 1916-Irun, 1999), Farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari-plaza 1943an lortu zuenetik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikari buruzko ikerketa ugari egin zituen. Hortaz gain, urte luzez euskal literatur eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen.

Besteren artean, Irungo etxeetako edateko ura aztertzeko ardura egokitu zitzaion eta seguruenik horrek eta bere jakin-min ase ezinak hidrologiaren inguruko hainbat ikerketa egin eta argitaratzea bultzatu zuen. Lan zientifikoak denbora tarte nahikoa uzten zioenean idazluma dantzatu eta ipuinak eta artikuluak ere idazten zituen euskal literatura eta zientzia aldizkarietarako (Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, La Voz de Euskadi, Uranzu, Bidasoan…).

1955ean, Jose Antonio Loidik lehen euskal eleberri poliziakoa idatzi zuen, “Amabost egun Urgainen”, euskara hutsean. Garai hartako egoera politikoa, kulturala eta soziala kontuan izanda, meritu izugarria. Eleberri horri esker, Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen berezia jaso zuen eta euskaratik katalanera itzulitako lehenengo eleberria izan zen. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an ohorezko kide.

Jose Antonio Loidi, euskaltzalea, Irungo Ikastolaren sortze lanetan eta Guda Zibilaren ondorengo lehenengo Euskal Jaien (1966) antolakuntza lanetan ere aurkituko dugu. 1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, berak sortutako Luis de Uranzu Kultur Elkartearen ohorezko presidente zelarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude