San Miguel konpainia Alarde Publikoan sartuko da aurten orain arte ezarritakoa hausteko

San Miguel konpainiaren sorrerak mugarri berri bat ezarri du Alarde Publikoaren historian. Konpainiaren sorreran hainbat hilabetez lan egin ondoren, San Miguelek alardearekin bat egingo du aurten lehen aldiz, eta dagoeneko 8 infanteria konpainia izango dira Alarde Publikoan. Miker Malmierka Picado izango da taldearen buru, kapitain rolean. Gainera, konpainia berria nobedadez beteta dator, lehen aldiz gizon batek kantinera gisa desfilatuko baitu bertan. Antxon Jauregi Vidal izango da abanikoa eramaten lehena, orain arte ezarritakoa hautsiz.

Mikel Malmierka Picado, San Miguel Konpainiako kapitainak azaldu du San Miguel konpainia sortzeko erabakia beharretik etorri zela. Sortu berri den konpainiako kapitainaren hitzetan, “hainbat urtez zenbait pertsonek San Migelen Konpainia osatzeko asmoa erakutsi zuten, baina erabaki hori ez zen 2022ra arte gauzatu”. Horretarako, konpainia osatu nahi zutenak elkartu ziren, elkar ezagutu zuten, eta hortik aurrera beren burua ezagutarazteko lanean hasi ziren.

“Espero genuena baino harrera hobea izan du konpainia berriak”

Mikel Malmierka, Alarde Publikoko San Miguel konpainiako kapitaina

“Hasiera-hasieratik elkartu ginen jarraitu beharreko estrategiak zeintzuk izango ziren zehazteko” adierazi du Mikel Malmierkak. Horrela, konpainiaren sorrera jakinarazteko lan handia egin dute. Lanketa urrian hasi zuten komunikabideentzako prentsaurrekoak eta elkarrizketak antolatuz eta auzoan zehar kartelak jarriz. Era berean, Leka Enea ikastetxean larunbatetan infanteriako konpainietako musika instrumentuak jotzen ikasteko tailerrak antolatu dituzte eta Anzaran plazatxoan hainbat hamaiketako antolatu dituzte haurrentzako jolasekin. Egindako lanak fruituak eman ditu eta ordutik hona jende asko batu zaiela erantsi du Alarde Publikoko San Miguel konpainiako kapitainak.

Ofizialki Alarde Publikora batu ahal izateko Alarde Publikoko Batzordeari parte hartzeko baimena eskatu behar izan zioten. Eskaria gutxi gorabehera konpainia osatua eta agintariak aukeratuak izan zituztenean egin zuten. Mikel Malmierkak azaldu duenez, “Alarde Publikoaren batzordeak berehala eman zigun parte hartzeko oniritzia”. Azken hilabeteak zeregin eta prestaketa lanen artean pasa zaizkie. Dagoeneko konpainiaren banderina prest dute, entseguetako ibilbideak zehaztu dituzte eta kantinera aukeratu dute. “Beharrezkoa den gogo gufztia eta gehiago ere badugu, beraz, egun seinalatuak iristea falta zaigu bakarrik gozatzen hasteko”, erantsi du kapitainak.

Kapitainak horrela azaldu du San Miguel konpainiari egin zaion harrera: “espero genuena baino harrera hobea izan du konpainia berriak”. Izan ere, jende asko jarri da beraiekin harremanetan posta elektronikoaren bidez, sanmiguelkonpainia@gmail.com, eta Instagrameko @sanmiguelkonpainia kontuan. Mikel Malmierkak azaldu duenez, “jada 100 pertsona baino gehiagok erakutsi dute gurekin parte hartzeko interesa”, baina hala ere jende gehiago izatea espero dutela adierazi du.

Konpainia berri batean gidari lanetan aritzea erraza izan ez arren, Mikel Malmierkak azaldu du talde lanak asko erraztu dituela zereginak orain arte. Dena den, kapitainak zera baieztatu du: “hilaren 29an eta 30ean, batez ere, nire erantzukizuna handiagoa izango da dena ondo atera dadin”. Kapitainak uste du pozez eta urduritasunez betetako Sanmartzialak izango direla. “Suposatzen dut Antxon kantinera izateak eragin duen  ikusminarekin begi guztiak gugan jarriak egongo direla eta horregatik dena ondo ateratzea nahi dut”, gehitu du Malmierkak.

Urrats berri bat aurrera

Argazkia: Alarde Publikoko San Miguel konpainiako agintariak eta kantinera (Iturria: Alarde Publikoa).

San Miguel konpainiaren sorrera nobedadez beteta dator. Maiatzaren 12an kantineraren aukeraketa egin zuten zozketa bidez Alarde Publikoko beste hainbat konpainiek bezala. Antxon Jauregi Vidal izan zen zorionekoa, eta horrek ikusmin handia sortu du, kantinera gisa desfilatuko duen lehen gizona izango baita. 2023ko Alarde Publikoko San Miguel konpainiako kantinera izango denak azaldu duenez, txikitatik bera izan da bere familian Sanmartzialak gehien bizi izan dituena. “Txikitan izugarri gustatzen zitzaidan kantineren atzetik joatea, xehetasun txiki bakoitzean arreta jarriz”, azaldu du Antxonek. Horrela, duela urte batzuk lagunekin desfilatzen irtetea erabaki zuen, baina San Migueleko kantinerak adierazi duenez, “beti izan dut buruan alardean kantinera bezala ateratzeko ideia”. Aurten auzoko konpainia sortu berria zela ikusita pentsatu zuen: “eta zergatik ez naiz ni aurkezten?”. Esana eta egina.

Kantinera papera beteko duen lehen gizona izango den arren, Antxon Jauregik adierazi du erabakia hartzea ez zitzaiola asko kostatu, beti izan baitu kantinera izateko nahia. “Aurkezteko erabakia hartu nuenean, jendeak pentsa edo esan zezakeena berdin zitzaidan, horixe baitzen nik nahi nuena”, adierazi du San Migueleko kantinerak. Aurkezpenaren eguna oharkabean iritsi zitzaion, aste horretan praktikak zituelako, eta kantineraren aukeraketaren egunean lagunekin zerbait hartzen ari zela jaso zuen ustekabea. “Bat-batean konpainia atzetik agertu zitzaidan lore sortarekin galdera egiteko eta oso pozik jarri nintzen”, azaldu du Antxon Jauregik.

Antxon Jauregik uste du aurtengo Sanmartzialak bereziagoak izango direla, jendeak kantinerak gehiago txalotzen eta begiratzen dituelako. Hala ere, onartu duenez, “desfilatzen izan dudan esperientzia oso ona izan da, eta oso ondo pasatu dut beti”. Horrela, Antxon Jauregik kantineraz janzteko ametsa beteko du azkenean: “jende askok hitz egin dit esateko oso ausarta izan naizela urrats hau egitean eta honi esker biharko egunean beste mutil batzuek arazorik gabe aurkezteko aukera izango dutela”.

“Beti izan dut buruan alardean kantinera bezala ateratzeko ideia”

Antxon Jauregi, Alarde Publikoko San Miguel konpainiako kantinera

Kantinera gisa aurkezten den lehen mutila izan arren, Antxon Jauregik azaldu du konpainiatik ez diotela inolako trabarik jarri eta dena oso ondo joan dela. Kantineraren papera betetzeko aukeratu zutenetik, Antxonek zorion mezu ugari jaso ditu lagunen, senideen eta ezezagunen eskutik. Pixkanaka, denbora librea duenean,  kantinera izateak dakartzan prestaketekin hasi da. Ekainerako praktikak amaituko ditu, eta orduan lotuko ditu egiteko geratzen zaizkion xehetasunak.

Jaiak hasteko hilabete baino gutxiago falta denean, Antxon Jauregik adierazi du lehen entsegua iristeko gogo handia duela, kantineraz jantzita joango ez den arren, uste baitu sentimenduak ekainaren 30ean izan ditzakeenen oso antzekoak izan daitezkeela. San Migueleko kantinerak adierazi duenez, “etxera konpainia nire bila etortzeko gogo handia dut, baita balkoira atera eta konpainia osoa ikusteko ere”. Festa ahaztezinak izango dira Antxonentzat, eta lagunekin, gurasoekin, arrebarekin eta, oro har, familiarekin batera biziko ditu. 2023ko San Pedro eta San Martzial jaiei begira, Antxon Jauregik nahi du “bakoitzak nahi bezala eta nahi dugun paperean gozatu ahal izatea jaiak, baina beti ondo pasaz”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude