Dagoeneko 2024ko udal egutegia osatzeko argazkiak bidali daitezke

Irungo Udalak gogorarazi duenez, dagoeneko abian da 2024ko udal egutegia argitaratzeko prozesua. Aurreko urteetan bezala, herritarrek bertan parte hartu ahalko dute, eta, aurten, zehazki, hiriko historia eta ondarea jorratu beharko dute, azken urteetan hiria bere puntu bereziak lehengoratu eta birgaitzen joan dela baliatuz, hala nola Abenida zubia, Gazteluzar gaztelua eta Ama Xantalen ermita.

Hirian bada mendeetako historia azaltzen duen hamaika txoko. Hasi sortu zenetik, Irun hiri erromatarra zenetik alegia, eta buka XX. mendeko gertakizunetan, tartean Erdi Aroa eta industria aroa direla, udalerriaren memoria gordetzen duten eraikin eta tokiak sortzen joan dira, lurzoru urbanizagarrian ez ezik, baita landa eremuan eta berdeguneetan ere. Gainera, azken urteotan, ondare aberats hori birgaitzen joan da hiria.

Argazki guztien artetik hamahiru aukeratuko dira, azalekoa barne. Hain zuzen ere, Irungo Argazki Elkarteak aukeratuko ditu, urtero lagundu ohi baitu udal egutegia editatzen.

Informazio praktikoa

Udalak dagoeneko ireki du espazio bat wegunean. Han begiratu daitezke irudiek gutxieneko zer ezaugarri bete behar dituzten, eta argazkiak bidaltzeko formulario bat ere bete daiteke. Bidalitako irudi guztien artetik hamahiru hautatuko dira: hilabete bakoitzeko bat eta azalekoa. Urriaren 30era arte egongo da irekita argazkiak aurkezteko epea.

Argazkiek originalak izan beharko dute, inongo lehiaketatan saritu gabeak eta inongo hedabide profesionaletan argitaratu gabeak, Eta Irungo leku jakin bat berez agertu edo identifikatzen duten argazkiak onartuko dira.

Beste urteetan bezala, arreta jarri nahi da irudietan adingabeak agertu ez daitezen. Adingaberik agertzen bada, egileak gurasoen baimena izan beharko du, bere argazkia egutegian argitaratzeko.

Argazkiek .jpg luzapena eta formatu horizontala izango dute, eta 30 x 20 cm-ko luze-zabala izango dute, edo antzekoa, eta hazbeteko 250-300 puntuko bereizmena izango dute gutxienez, hautatuz gero editatuak izateko kalitate nahikoa izan dezaten.

Argazkiak udalaren webgunearen bidez bidaliko dira udalera. Parte-hartzaileen erantzukizuna izango da aurkezten diren lanetan hirugarrenen batek eskubiderik ez izatea eta irudi-eskubideak direla-eta inolako erreklamaziorik ez aurkeztea. Parte hartzaileek hiru argazki bidali ahalko dituzte gehienez. Baina azken hautaketa egiterakoan, egile bakoitzeko argazki bakarra aukeratuko da. Abendurako argitaratuko da egutegia, eta 11.000 ale kaleratuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude