Abuztuan folk musikak Bidasoa eskualdeko eszenatoki naturalak beteko ditu

Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, Bidasoa Folken XXI. edizioa antolatu dute. Jaialdia abuztuaren 19, 20 eta 21ean ospatuko da Hendaian, Hondarribian eta Irunen. Guztira, 5 kontzertu egingo dira folkaren eta musika garaikidearen eszenan erreferenteak diren taldeekin.

XXI. Bidasoa Folkean Aragoitik, Marokotik, Portugaletik, Galiziatik, Andaluziatik eta Euskal Herritik etorritako artistek parte hartuko dute. Irungo Udalaren ordezkari gisa Miguel Angel Paezek nabarmendu du “Bidasoa Folk antolatzen dugun hogeita batgarren urtea da jarraian aurtengoa, apustu irmoa eginez kalitatezko musikaren eta kultura aberastasunaren alde”. Irungo Udaleko ordezkariak azaldu duenez, jaialdia antolatzerakoan beti ardatz gisa kontuan hartzen da ekitaldiaren mugaz gaindiko izaera.

Juan Luis Silanes Hondarribiko Udalaren ordezkariak azaldu duenez, “abuztuaren erdian, Txingudi badiako hiru hiriak eszenatoki ezin hobek izango dira oso kalitate handiko folk musika entzuteko”. Musika jaialdiaren programazioari erreferentzia eginez, Hondarribiko Kulturako zinegotziak aurreratu du herritarrak nahiz kanpotik etortzen direnak jaialdian ikusiko eta entzungo dutenarekin “txoratuta” geldituko direla.

Itziar Aizpuru Hendaiako Udalaren ordezkariak erantsi duenez, oso kontuan eduki behar da Bidasoa Folkek kultur balio handiko kontzertuak eskaintzen dituela, garai ezin hobean. Hendaiako Udalaren ordezkariaren hitzetan, “Bidasoan udaz gozatzeko modu bikaina, zalantzarik gabe”.

Abuztuaren 19an, Hendaian
Jaialdia abuztuaren 19an hasiko da Hendaiako Gaztelu Zahar Frontoian 21:00etan Michel Etcheverryren kontzertuarekin. 70 urteko abeslari baxu nafarrak bere 28. Albuma euskaraz grabatu berri du, “Ezinago maitaturik izenekoa”. Euskarazko 10 abestik osatzen dute bilduma. Josean Martín, jaialdiaren antolakuntzako arduradunak azaldu du Echeverryk bere ibilbidea pilotan hasi bazuen ere, geroago musikan zentratu zela eta Iparraldean bere abestiek arrakasta handia izan dutela.

Eguneko bigarren kontzertua 22:30etan hasiko da eta O´Carolan taldea igoko da eszenatokira. Taldeak Turlough O´Carolan harpa jotzaile irlandarrarengandik hartzen du izena, “azken bardoa” bezala ezagutzen dena eta musika barrokoa eta musika tradizionala modu naturalean elkartzen asmatu zuena. Izan ere, taldearen errepertorioa elikatzen duten kantu gehienak egile honen konposizioak dira. Errepertorioa osatzeko beste eskualde eta kultura batzuetako pieza tradizionalak tartekatzen dituzte (Espainia, Frantzia, Erdialdeko Europa, etab.).

Gainera, O´Carolan taldeak eszenatokian zabaltzen duen instrumentu sorta handiak hamaika soinu ñabardura ematen dizkio bere musikari, eta horiei interpreteen kalitatea gehitu behar zaie.

Abuztuaren 20an, Hondarribian
Arma plaza izango da Hondarribia Bidasoa Folk jaialdiaren agertokia. Bigarren jardunaldia abuztuaren 20an 21:00etan hasiko da Ensemble Andalusí del Mediterráneo taldearen kontzertuarekin. Taldea 2020. Urtearen amaieran sortu zen Fundación Tres Culturas del Mediterráneo eta Andaluziako Juntako Kultura Kontseilaritzaren bultzadari esker. Taldearen sorrera flamenkoaren Nazioarteko Egunaren urteurrenean kokatzen da eta UNESCOk Andaluziako musika Gizateriaren Ondare materialgabe gisa aitortzeko erreklamazio gisa erabili da. Penintsulako musika andaluziarraren jatorria Andaluzian sartu ziren lehen arabiarretan eta Marokoko iparraldean eta Al Andalusen ezarri ziren Ekialde Ertaineko lehen etorkinetan dago. Errepertorioa XIII. Eta XIV. Mendeetan zabaldu zen, Marokoren eta Al Andalusen arteko harreman onari esker. Ordutik belaunaldiz belaunaldi transmititu da marokoarren artean, benetakotasuna bereziki zainduz.

Larunbateko bigarren kontzertua 22:30etan hasiko da, Celina da Piedaderen eskutik. portugaldar tradizioak munduko musiketara hurbildu duen pertsona garrantzitsuenetako bat da Celina. Soinujolea, kantaria eta konpositorea da eta hiru album ditu: “Em casa” (2012), “O cante das ervas” (2014) eta Sol (2016). 98az geroztik Associação PédeXumborekin kolaboratzen du, ohorezko lehendakaria delarik. Gainera, 2000. Urtean Ensemble de Rodrigo Leão Zinema osatu zuen eta eszenatokia Mayra Andrade Uxía, Ludovico Einaudi, Gaiteros de Lisboa, António Chainho eta Samuel Úria izen handiko musikariekin ere partekatu du.

Abuztuaren 21ean, Irunen
Jaialdia Irunen itxiko da, abuztuaren 21ean, Juncal plazan, 21:00etan, Uxia & Javier Ruibalek eskainiko duten kontzertuarekin. Bi musikari horiek esperientzia handia dute olerkiak musikatzen, musika herrikoitik datozenak. “De tu casa a la mía” proiektua bi poeta unibertsalen, Rosalía eta Lorcaren, erretratu musikala da. Proiektuaren helburua da olerkien bidez hegoaldetik iparralderako bidea egitea, adiskidetasun eta konplizitate istorio baten erdian. Horrela, musikariek “batzen gaituena” erdigunean jarri nahi dute, banatzen gaituenaren ordez, horretarako, musika eta arima baliatuz.

Jaialdiaren espiritua
Bidasoa Folk jaialdia 2021ean sortu zen, mugaz gaindiko folk musika jaialdi bat antolatzeko Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako Udalen artean, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez.

Eskualdeko udalen lankidetzak ahalbidetu du jaialdiaren antolakuntzarako indarrak batzea eta kalitatezko folk musikako jaialdi bat sortzea. Doako kontzertuak izanda, era guztietako jendea erakartzea lortzen dute, hau da, Bidasoako herritarrak eta bisitariak, gazteak eta hain gazteak ez direnak edo folk zaleak eta musika genero horri buruz gehiago jakin nahi dutenak.

Bidasoa Folk jaialdiak Bidasoa-Txingudi eskualdea kultur eta turismo erreferente bihurtzen du, hainbat herrialdeetako musikari eta tradizioei balioa emateaz gain. Jaialdiak berak agerian uzten du Bidasoa-Txingudi lurraldeak duen kultur aniztasuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude