Bidasoa eskualdeko osasungintza leher eginda dago

Haserrea eta ukazioa ostiralero Bidasoa Ospitaleko ate nagusiaren aurrean biltzen dira. Osasun zentroko langileek zein eskualdeko hiritarrek 18 hilabetez Bidasoa ebakuntza gelarik gabe uztearen eta Donostiaraino joan beharraren aurka daude. Mezu argia da: Bidasoko langileak borrokan, SOS ebakuntza-gelak. Hori guztia, lehen mailako arretak eta, oro har, osasungintza sistemak gehiago ezin duenean.

Ospitaleko langile zein herritarrek elkarrekin eusten diote pankartetan idatzitako aldarrikapen mezuei, Bidasoa eskualdeko biztanleria osoari eragiten dion egoera salatzeko. Hilabete luzeak daramatzate agintarien asmoak salatzen eta erantzunik gabeko galderen aurrean azalpenak eskatzen. Eskakizun nagusia da Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoaren eraberritze kontratua bertan behera uztea eta lana egikaritzeko beste irtenbide bat bilatzea.

Lanak Construcciones Adolfo Sobrino SA enpresari esleitu zaizkio eta 18 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da. Egungo plangintzaren arabera, ebakuntza gelarik ez dagoen bitartean, oinarrizko zerbitzuak Donostiako Onkologikora birbideratuko dira. Hondarribiko eta Irungo Udalek Osasun saileko ordezkariekin bilerak eskatu dituzte, baina emaitzarik gabe.

Osasun Bidasoa
Abenduaren 11n Irunen Osasun agintari nagusien erabakia salatzeko manifestaldi jendetsua egin zen. Ordutik, kontratazio prozesu “ilunaren, inprobisatuaren eta inposatuaren” aurka egiteko ekintzekin aurrera jarraitu da. Besteak beste, Osasun Bidasoa plataforma sortu dute Bidasoko Ospitalearen etorkizunaz kezkatutako hainbat elkartek. Plataformatik adierazi dutenez, “arazo sozial” bat da, profesional zein hiritarrei eragiten diena eta Osasun Bidasoa plataformaren helburua negoziazio mahai ireki bat eratzea da, alde guztientzat egokia den akordio bat lortzeko.

Osasun Bidasoa plataformatik salatu denez, Osasun agintariek jaramonik egin ez arren, Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko beste aukera batzuk daude. Izan ere, Zumarragako Ospitalea birmoldatzeko plangintzarekin antzeko zerbait gertatu zen. Zumarragan, ordea, obraren lizitazioa gelditu eta solairu berri bat sortzeko prozesua iraultzea lortu zuten. Bidasoko kasuan, eraberritze lanek iraun bitartean, plataformak uste du eraikin erantsi bat sortzea konponbide egokia izan daitekeela, eraikin hori bera baliagarria izan litekeelako etorkizunean ospitaleko instalazioak handitzeko eta indartzeko.

Mariaje Alfonso, Bidasoa Ospitaleko ebakuntza geletako erizainak azaldu duenez, “lehenengoz ahotsa goratu genuenetik gure eskakizunak ez dira aldatu”. Erizainak Osasun Bidasoa plataformaren izenean salatu du gauzak korrika eta presaka eta ezkutuan egiten ari direla, gardentasunik gabe. Adibide gisa, Mariaje Alfonsok gogoratu du azaroan Irungo Udalak Josune Sagardui Osasun sailburuarekin bilera eskatu zuela eta abenduan plataformak gauza bera egin zuela eta biek ala biek erantzunik ere jaso ez dutela gogoratu du.

Erizainak azaldu duenez, ez da onargarria gauzak halamoduan egitea eta gero erreguka etortzea. Osasun sailburuaren eta Ospitaleko gerentziaren erantzun ezaren aurrean, Bidasoa Ospitalean antolatzen diren elkarretaratzeen bitartez biztanleriaren arreta erakarri nahi da, Mariaje Alfonsoren hitzetan “jende askok oraindik ez baitu ezagutzen Bidasoa Ospitalean egin nahi dena”. Elkarretaratzeak ostiralero egiten dira, Bidasoa Ospitaleko ate nagusiaren aurrean eguerdiko 14:00etan. Martxoaren 19rako, berriz, beste manifestazio jendetsu bat antolatzeko asmoa dutela iragarri du Osasun Bidasoa plataformako erizainak. Aurretik, otsailaren 2an arratsaldeko 18:00etarako beste elkarretaratze bat antolatu du plataformak. “Eskualde bati horrelako zerbait egiten zaion lehenengo aldia da eta Bidasoko biztanleriak ez du bazterkeria hau onartuko”, gaineratu du erizainak.

Lehen arreta gainezka
Bidasoko eskualdeari eta Bortziriei eragiten dien ebakuntza gelen auziaz gainera, lehen mailako arretak ere ez du bere unerik goxoena bizi. Hala erakusten dute ostegunetan Dunboa eta Iturrino Anaiak anbulatorioen atarian egiten diren elkarretaratzeek. Ebakuntza gelen arazoarekin gertatu bezala, oraingoan ere osasun arloko langileek eta hiritarrek indarrak batu dituzte egoera salatzeko. Gainera, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak gainontzeko hiritarrek lau haizetara zabaldutako eskakizunak babestu ditu. Aldarrikapenetan kalitatezko osasun publikoa defendatu da, pribatizazioari uko egin zaio, lehen mailako arretaren nekea salatu da eta segurtasun handiagoa eskatu da.

Politikarien eskakizunak
Hiritarren ahotsak entzunda, udal alderdi politikoek adierazpen ia bateratua sinatu dute. Irungo Sozialistak, Elkarrekin-Irun-Podemos/Ezker Anitza, Irungo EH Bildu eta Udal Talde Popularra adierazpenera batu dira, lau eskakizun nagusi izenpetu dituztelarik. Batetik, osasun zentroetan lehen mailako osasun zerbitzuak indartzea nahi dute, “premiazko lehentasuna” baita giza baliabide eta baliabide material nahikoak izatea. Era berean, aurrez aurreko arretaren itzulera eskatu dute, diagnostiko goiztiarrak egiteaz gainera, patologia larriak eta kronikoak dituzten pazienteek arreta berezia jaso dezaten.

Bestetik, pandemiarekin loturik, COVID-19arekin lotutako patologiak diagnostikatu eta tratatzeko ibilbideak indartzeko neurriak hartu behar direla salatu dute. Azken eskaera test azkarrekin lotuta dago, testak baldintza egokietan egiteko aukera bermatzeaz gain, baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonen testen kostua diruz lagundu dadin edo doakotasuna aztertu dadin.

Elkarretaratzeen salaketek eta hainbat arlotatik egin diren eskakizunek agerian utzi dute osasungintzak Bidasoa eskualdean ez duela bere garai onena bizi. Bien bitartean, merezi dituzten osasun arreta eta baliabideak jaso ahal izateko esperoan jarraituko dute, alde batera utzitako galderentzako erantzunen bila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude