Martxan daude bigarren Euskaraldia antolatzeko prestaketak

Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4era egingo da. Aurtengo edizioan, Ahobizi eta Belarriprest rolak ez ezik, hiriko entitateek Ariguneak sortuko dituzte. Irungo Udalaren Euskara arloak hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketan parte hartzeko izen-emate epeen berri eman du.

Irun hiri gisa Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko izena eman du. Mónica Martínez Euskara ordezkariak azaldu duenez. Osasun krisialdia dela eta, antolatzaile nagusiek markatutako irizpideak jarraituz bideratuko da ekimena. “Irundarren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala indartu nahi da bigarren edizio honetan”, Mónica Martínezek adierazi duenez.

“Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” lelopean antolatuko da Euskaraldiaren bigarren edizioa. 2018ko Euskaraldiaren edizioak norbanakoei hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala proposatu zien. Lan horretan sakontzeko, aurtengo edizioaren helburua, norbanakoen ariketa ez ezik, talde ariketa ere izatea da. Helburu hori betetzeko, Eusko Jaurlaritza eta Topagunea dira ariketa sozialaren bigarren edizioaren antolatzaile nagusiak.

“Irundarren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala indartu nahi da bigarren edizio honetan”
Mónica Martínez, Euskara ordezkaria

Ariketak talde izaera izan dezan, aurreko edizioan erabilitako Ahobizi eta Belarriprest rolez gainera, Ariguneak ere izango dira aurten. Ariguneak entitate publiko nahiz pribatuetan euskaraz lasai aritzeko sortuko diren guneak izango dira. Gune horiek barne-funtzionamenduan (barne-ariguneak) nahiz herritarrekiko harremanetan (kanpo-ariguneak) sortuko dira. Arigunea osatzen dutenek gutxienez euskaraz ulertzen dutela bermatu beharko dute, hau da, Belarriprest rolean aritzeko.

Hirian Ariguneak sortuko dituzten entitateek irailaren 27ra arte izango dute Euskaraldian izena emateko aukera. Langintza honetan ez dira bakarrik arituko, izan ere, Mónica Martínez Euskara ordezkariak azaldu duenez, “udalaren erabateko laguntza izango dute prozesuan”.

Uvesco eta Bidasoa Euskaraldian
Irunen, Bidasoa Eskubaloi Taldeak eta Uvesco taldeak Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartuko dute, besteak beste. Euskadiko BM eta Super Amara supermerkatuak kudeatzen dituen UVESCO taldearen ordezkariak azaldu duenez ahalik eta Barne eta Kanpo Arigune gehien sortu nahi dituzte, horretarako aukera dagoenean. Uvesco Taldeko Pedro Galdosek, BM eta Super Amarako Supermerkatuetako matrizearen ordezkariak, adierazi duenez, “kalitatezko zerbitzuarekin dugun erantzukizunean beste urrats bat da, bertan funtsezkoa baita euskara integratzea, bai langileen artean beren lantokian, bai bezeroentzako zerbitzuan, gero eta arreta gehiago eskatzen baitute euskaraz gure supermerkatuetan erosketak egiterakoan”.

“Irailaren 17an izango da lehen Euskaraldia Batzordearen eraketa bilera”
Lide Redondo, Euskaraldiko Irungo koordinatzailea

Bidasoa eskubaloi taldearen presidenteak bide beretik joko dutela adierazi du . Gurutz Aginagaldek, gaineratu duenez: “Gutxinaka bada ere, gure inguruan euskarak gero eta erabilpen maila handiagoa du zorionez eta bide hori jorratuz, Bidasoan ere, eskualdeko eta Gipuzkoako erakundea den heinean, aurrerapausoak eman behar ditugu”. Bidasoako presidentearen hitzetan, oinarriak etxean edukita, kazetari eta beste hamaika eragileri euskaraz erantzun eta honen balioa azpimarratu nahi dute. Hortaz gain, presidenteak azaldu duenez, jokalarien artean oso ohikoa da batzuen artean euskaraz aritzea.

Gurutz Aginagaldek Irungo elkarte guztiak Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzera gonbidatu ditu azalduz, “bide horretan, Euskaraldiaren leihoaz balia- tzeko dei egiten diegu irundar, bidasotar eta gipuzkoar orori, gure artean oso ohikoa den euskaraz hanka sar- tzearen beldurraren aurrean, beldur gabe ibil daitezela, elkar ulertuko garelako”.

Ahobizi eta Belarriprestak aurrerago
Ariguneekin batera, norbanakoen hizkuntza-ohiturak aldatzeari ere eutsiko die 2020ko Euskaraldiak; Ahobizi eta Belarriprest rolen bidez egingo da oraingoan ere. Bigarren ariketa sozialean parte hartu nahi dutenek, irailaren 24tik aurrera izango dute ariketan izena emateko aukera. Lide Redondo Euskaraldiko Irungo koordinatzaileak gogoratu duenez, “aurreko edizioan 3.600 irundarrek parte hartu zuten”. Horietatik, 2.550 Ahobizi izan ziren eta Belarriprest 1.050. Norbanakoen izen-ematearen xehetasun gehiago aurrerago eskainiko dira.

Euskaraldia Batzordea irailaren 17an
Lehen ariketa sozialean bezala, Irunen gizarteko eragile ezberdinetako ordezkariek osatutako lantaldearen eta Udalaren artean lankidetzan Euskaraldia antolatu nahi da. Horretarako prozesua hastera doa Euskaraldiko Irungo koordinatzailea den Lide Redondok adierazi duenez, “irailaren 17an izango da lehen Euskaraldia Batzordearen eraketa bilera”. Bilera arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Palmera Montero Guneko 2. aretoan. Batzar irekia izango da, interesa duen hiritar orori zuzendua. Bertan, aurtengo edizioaren aurkezpena egingo da, baita antolatzeko nondik norakoak azaldu ere; gainera, Talde Eragilean parte hartzeko gonbitea luzatuko da.

Bilera irekia bada ere, COVID-19arengatik ezarri beharreko segurtasun neurriak direla eta, bileran parte hartzeko aurrez izena eman beharko da 647975885 telefono-zenbakira deituta edo irun@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatzita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude