Txapel handiak bueltan dira

Bidasoa aldeko kultur ondarea mantentzeko elkartea sortu dute

Chapelaundis del Bidasoa-Bidasoako Txapelaundiak elkartea eratu dute zenbait bidasoarrek, eskualdeko kultura biltzeko eta zabaltzeko helburuarekin. 1920ko eta 30eko hamarkadan izen bereko elkarteak egin zuen lana dute erreferente. Oraingoz, haien inguruko ikerketa egiten ari dira, eta argitaratu nahi lukete. 25 bazkide inguru dira momentu honetan, Hondarribia, Irun, Hendaia, Urruña eta Biriatukoak. Aurrerago, Bidasoa ibaian gora egiten jarraitu nahi lukete.

Azken urteetan konturatzen hasiak ziren hiriko jendea zenduz zihoala, testigantzarik utzi gabe. “Halako hil da, eta bitxikeria pila bat zekien kontrabandoaren inguruan”, pentsatzen zuen, adibidez, Eugenio Retuertok: “Artxiboan, azkenean, idatzita dagoena kontsulta dezakezu. Baina ahozko tradizioa galdu egiten da denborarekin”. Hori dela eta, elkarrizketak egitea, grabatzea eta ondoren argitalpen txikien bidez bildutakoa zabaltzea pentsatu zuten.

Elkarte bat eratzerako orduan, 1920-30 hamarkadetako Chapelaundis del Bidasoa haiek gogoan hartu zituzten. Pio Baroja idazlea Ohorezko Presidente eduki zuen elkarte hartako kideak herriz-herri ibili ziren, herri kultur adierazpide ezberdinak bilduz. Autoan ibiltzen ziren Bidasoaren ertzean gora eta behera. “Horrek adierazten digu maila ekonomiko handiko jendea zela, enpresariak, gehienak”, argitu du Rafa Gonzalezek. Elkarteko kideak nortzuk ziren eta zertan aritzen ziren ikertzen ibili dira, eta laster argitaratuko dute elkartearen ibilbidea.

“Egia da lotura handiagoa dugula Berarekin edo Lesakarekin, Lezorekin edo Errenteriarekin baino”
Eugenio Retuerto

Bidasoa herria

“Barojak aldarrikatzen zuen País del Bidasoa delakoaren maitaleak ziren txapelaundiak”, azpimarratu du Retuertok. Apaizik, eulirik eta karabinerorik gabeko herrialde baten inguruko utopia alde batera utzita, bat egiten dute Bidasoa ibaiaren inguruko harremanen ikuspegiarekin. Eugenio Retuertok onartu du: “Askotan ez dugu jakiten nola azaldu, baina egia da lotura handiagoa dugula Berarekin edo Lesakarekin, Lezorekin edo Errenteriarekin baino. Eta gertuago ditugu”.

“Guk argitaratzen duguna artxiboetara joango da”
Rafa Gonzalez Merino

Kontaktuak eduki dituzte Bortzirietan, Malerrekan, Bertizaranan eta Baztanen. Baina momentuz, Behe Bidasoan jarriko dute arreta eta ahalegin gehiena. “Badugu nahikoa lan”, aipatu du Merinok. Irungo eta Hondarribiko Udalekin harremana eduki dute, eta erantzuna baikorra izan da. Elkartearen jarduera haien interesekoa ere izan daitekeela uste du Gonzalezek: “Guk argitaratzen duguna, azkenean, artxiboetara joango da”.

Lehen asanbladan Pio Baroja Ohorezko Presidente izendatu dute, eta haren hiloba-biloba, Pio Caro Baroja, Ohorezko Bazkide. “Duela gutxi ezagutu dugu, Beran, barojatarren Itzea etxean. Zoragarria da hori ikustea, eta pena da museo gisa ez funtzionatzea”, azaldu du Retuertok. Aurrekontu txikia du elkarteak, eta momentuz, modu artisau batean plazaratuko du lehen argitalpena. Pixkanaka, pauso txikiak emanez joango dira Txapelaundiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude