Autorik gabeko hiriaz gozatzeko gonbidapena luzatu nahi da Europako Mugikortasun Astearen bitartez

Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, eta irailaren 22ko “Autorik Gabeko Eguna”ri begira, Borja Olazabal Garapen Iraunkorreko ordezkariak datozen egunetan hirian aurreikusita dauden ekimen batzuen berri eman du Zabaltza plazatik.

“Pandemiak eraginda bizi dugun egoeragatik, aurten, ezin dira egin antolatu ohi diren jarduera guztiak. Halere, ekimen batzuen berri eman nahi dugu, eta batez ere mugikortasun iraunkorraren inguruko mezuak berritu, zeren, urte osoan gogoratzea gustatzen bazaigu ere, aste honetan inoiz baino egokiagoa baita”, adierazi du Borja Olazabalek.

Aurten, irailaren 16tik 23ra, eta edizio bakoitzean bezala, Irungo Udalak aprobetxatu egiten du ekimen hau, hirian egiten ditugun joan-etorrietan bitarteko iraunkorragoak erabiltzea lehenetsi beharraz sentsibilizatzeko. “Hiriak, eta batez ere hiriguneak, gero eta gune gehiago ari dira sortzen, oinezkoek eta bizikletariek autoei lekua irabazte aldera. Irunen, urratsak egin ditugu alde horretatik, eta oinezkoentzako guneen edo autobus elektrikoen aldeko apustua egin du. Ondo prestatuta gaude aldaketa horri aurre egiten joateko, egunerokoan eta etorkizunari begira onura asko ekartzen baititu”, adierazi du Olazabalek.

“Autorik Gabeko Eguna” dela eta, komunikazio-kanpaina bat abian jarri da, asteazken honetatik, mugikortasun iraunkorrago baten abantailen inguruan sentsibilizatzeko. Kanpainako irudi batzuk -sare sozialetan partekatuko dira- mezu horiekin batera joango dira, ibilbideak eta jarduerak autorik gabe egitera gonbidatuz. Era berean, jakinarazten da datorren asteko astelehen eta astearte gauetan berdez argiztatuko dela udaletxeko fatxada, jardunaldi hori dela eta.

Bigarren eskuko azoka
Beste urteetan bezala mantendu ahal izan den jardueren artean, Merka2dasoa dago, Txingudiko Zerbitzuena, mugikortasunari eskainia. Igandean da hitzordua, irailaren 20an, 13:00etatik 19:00etara, Zabaltza plazan. Jarduerak aukera ematen du bizikletak nahiz patineteak saltzeko eta erosteko. Covid-19aren krisia dela eta, aurreko edizioetan ez bezala, aurretik hitzordua egin beharko da saldu nahi diren bizikletak jasotzera joateko. Interesdunek irailaren 18ko ostiraleko 14:00ak baino lehen deitu beharko dute 900 119 384 telefonora.

Merka2dasoa honekin batera, igandero bezala, Colon ibilbideko erdigunea oinezkoentzat (11etatik 19etara), bizikletarientzat eta patinatzaileentzat erreserbatuko da egun osoan.


Argitu tailerrak ere egingo dira Mugikortasunaren Europako Aste honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Energia Argitu programaren esparruan eta Irungo Udalarekin elkarlanean, tailer bat antolatu du irailaren 22an, 18:30ean, Palmera Montero gunean, ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun iraunkorreko alternatibei buruzko informazioa emateko. Tailerrean parte hartu nahi izanez gero, irailaren 21eko 12:00ak baino lehen eman behar da izena, beharrezkoa baita aurretik jakitea zenbatek parte hartuko duten saioak behar bezala garatzeko. Honela izena eman daiteke:

  • Posta elektronikoa idatziz helbide honetara: argitu@gipuzkoa.eus
  •  Telefono honetara deituz: 628 532 303 (astelehenetik ostiralera : 9:00etatik 17:00etara)
  • Informazio osagarria: www.argitu.eus

Derrigorrez bete beharko dira indarrean dauden baldintza higieniko sanitarioak, eta, horrenbestez, 10 lagunentzako tokia izango da, gutxienez 2 metroko tartea egongo da parte-hartzaileen artean eta ezinbestean erabili beharko da maskara.

Energia Argitu programaren esparruan antolatzen dira tailer horiek, eta helburua dute kontsumo energetikoak murriztu daitezen lortzea, efizientzia gehiagotzea eta energia berriztagarriak sustatzea, modu sinplean, Gipuzkoako zenbait sektoretan (egoitzetan, dendetan, enpresa txikietan, etab.). Gainera, Irunen, beste 3 tailer egingo dira urrian eta azaroaren hasieran.

Oharra: Tailer horiei buruzko informazioa datorren ostiralean osatuko da Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin emango duten prentsaurrekoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude