Irune Muguruza, Bidasoa Altetiko Taldeko kirolaria: “Denboraldi ezohikoa izan arren, txapelketetan marka onak lortzen ari naizelako pozik nago”

Irune Muguruza Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutuan hesidun 400 metrotan lehiatu da, sailkapenean 15. postua lortuz. Txapelketa irailaren 12 eta 13aren artean egin zen Madrilen, Covid-19aren krisialdiaren aurrean neurri bereziak hartuz. Lehen erronka hau gaindituta, Irune Muguruzak bere kategoriako Espainiako Txapelketa prestatzeari ekingo dio denboraldia emaitza on batekin borobiltzeko asmoz.

Nola murgildu zinen atletismoaren munduan?
Txikitan balleta praktikatzen hasi nintzen, egun batean aitarekin Bidasoa Atletismo klubean nola entrenatzen zuten ikustera etorri nintzen arte. Azkenean, atletismoa gustuko nuela ikusi eta kirola probatu ostean, klubean sartu nintzen eta hemen jarraitzen dut.

Azkenaldian txapelketa asko izan dituzu denbora gutxian?
Denboraldi zaila izan dela esango nuke, pandemia eta itxialdiaren ondorioz etxean ohiko entrenamendu errutina mantentzea zaila izan delako. Etxean eta garajean ahal zen moduan entrenatzen ibili ostean, erritmoa berreskuratzeko ahalegin berezia egiten ari naiz eta momentuz gauzak erritmo onean doaz.

“Goi mailako kirolariekin batera lehiatzeko aukera izatea esperientzia oso aberasgarria da niretzat”

Konfinamenduak zure errendimendu fisikoan eraginik izan du?
Bai, izan ere, aurreko urtearekin alderatuta lehen sasoi hobean nengoela uste dut. Azken finean, konfinamendua kirolarientzako geldialdi bat suposatu du eta ondorioak nabariak dira.

Euskadiko Txapelketan lortutako emaitzekin pozik zaude?
Bai, denboraldi ezohikoa izan arren, txapelketetan marka onak lortzen ari naizelako pozik nago. Emaitza horiei esker Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutuan parte hartzeko aukera lortu dut, beraz, oso pozgarria da. Hain zuzen ere, joan den urtean ez nuen Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukerarik izan, beraz, gogo handiekin hartuko dut txapelketan nire burua neurtzeko aukera.

Atleta batentzat estatu mailako txapelketara iristea lorpen garrantzitsua da?
Bai, maila oso altuko kirolariekin elkartzen zara bertan eta goi mailako kirolariekin batera lehiatzeko aukera izatea esperientzia oso aberasgarria da niretzat.

Txapelketaren aurretik, nola ikusten zenuen zure burua txapelketara begira?
Emaitzak duzun egunaren araberakoak izan ohi dira kasu askotan. Agian lehengo urteko marka lortzea zaila izan zitekeen, baina, marka on bat egiteko aukerekin ikusten nuen nire burua.

Nola ikusi duzu zure burua Espainiako Altetismo Txapelketa Absolutuan?
Egia esateko pozik nago, denboraldi arraro honetako bigarren lasterketa izan delako eta denbora nahiko ona lortu dudalako. 15. postua lortu dut Madrilgo txapelketan. Orain hurrengo hilabetean daukadan nire kategoriako Espainiako Txapelketa prestatzea eta emaitza hobeago bat lortzea da nire helburua.

Estatu mailako txapelketa batean parte hartu duzun lehen aldia izan da?
Ez, hainbat urte daramatzat nire kategoriako Espainia mailako txapelketetan parte hartzen. Aurtengoa, ordea, atletismo txapelketa absolutuan parte hartu dudan lehen aldia izan da.

Aurreko txapelketetako esperientzia lagungarria izan zaizu?
Bai, lehenengo txapelketetatik hona lasaiago nabilela nabaritzen dut. Dena dela, zaila da txapelketa batean urduritasunak guztiz baztertzea.

Konfinamendua amaitu ostean, txapelketak prestatzeko denbora nahikorik izan duzu?
Bai, konfinamendua amaitu zenetik orain arte etenik gabe entrenatu dugu. Denbora apur bat falta izan zaigun arren, nire helburua nire kategoriako Espainiako lehiaketa da eta hori prestatzeko hilabeteko epea dut oraindik.

Erraza da uda osoa entrenatzen ematea?
Ez, uda denez askotan lagun eta familiarekin denbora aprobetxatzeko gogoak dituzu, beraz, alferkeria nabariagoa da. Hala ere, uda azkar pasatu zait eta nire helburuak lortzeko ahal bezain beste ahalegindu naiz.

“Zaila da txapelketa batean urduritasunak guztiz baztertzea”

Txapelketetan zein entrenamenduetan segurtasun neurri bereziak hartzen dira?
Bai, noski. Txapelketetan takoak erabili ostean desinfektatzen dituzte eta maskararekin ibili behar gara lehiatzen ari ez garen uneetan. Txapelketa absolutuan, adibidez, harmailetan ez da publikorik egon lasterketak egiten ziren bitartean. Entrenamenduetan gure entrenatzaileek ezarritako neurri guztiak gure aurretik probatu dituzte eta materiala erabili ostean ukitutako guztia desinfektatzen dugu.

Txapelketa absolutuaren ostean atseden hartzeko tarterik hartuko duzu?
Lehen txapelketa hau pasa ostean eta Espainiako nire kategoriako txapelketa egin ondoren, bi asteko atsedenaldia hartuko dut, hurrengo denboraldia prestatzen hasi aurretik.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude