Hirugarren urtez Irun Maratoi Erdia eta 10 kilometrotako proben eszenatokia izango da

Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak III. Loiola – Irungo Maratoi Erdia + 10Km – NT2 lasterketak antolatuko ditu Irunen. Kirol probak otsailaren 16eko goizean egingo dira eta parte-hartzaileek otsailaren 15era arte izango dute lasterketetan izena emateko aukera. Irteera ordua 15 minutu aurreratuko den arren, irteera eta helmugako tokiak zein lasterketen ibilbideak bere horretan mantenduko ditu klub bidasotarreko antolakuntzak.

Ibon Muñoz Super Amara BAT-eko gerentearen hitzetan, “klubak momentura arte antolatu duen proba garran-tzitsuena da”. Izan ere, Super Amara BAT-eko gerenteak azaldu duenez, aldi berean parte-hartze handiena eta boluntario zein baliabide gehien eskatzen dituen probak dira. Probetan izena emateko aukera ohi baino beranduago ireki den arren, guztira, 1.000 lasterkarietatik gorako parte-hartzea espero dute antolakuntzatik.

Bi lasterketak otsailaren 16ko goizeko 9.45etan abiatuko dira Zabaltza plaza parean kokatuko den irteera postutik. Aurten, probaren irteera ordu laureden bat aurreratu da aurreko edizioekin alderatuta, egun berean Iñude eta Artzaien eguna ospatzen baita Irunen. Ondorioz, bi jardunaldiek haien ordutegiak egokitu behar izan dituzte elkar oztopatzea saihesteko. Helmuga, berriz, San Juan plazan kokatuko da aurreko urteetan bezala.

Egun berean antolatzen diren bi lasterketek aurreko urteko ibilbideak errepikatuko dituzte. Ibon Muñozek azaldu duenez, proben bigarren edizioan lasterketen ibilbidean zenbait aldaketa egitea adostu zen. Joan den urtean egindako hobekuntzek izandako arrakasta ikusita, aurtengo edizioan ibildea bere horretan mantentzea erabaki du antolakuntzak.

Hortaz gain, lasterketaren antolakuntzak bi kirol proba hauek are erakargarriago bihurtzeko bestelako zerbitzu osagarriak eskaintzen ditu. Besteak beste, kontsigna zerbitzua martxan jarriko da eta korrikalariek Artaleku kiroldegiko dutxa eta aldagelak erabiltzeko aukera izango dute. Irteeratik helmugaraino, ibilbideko bazter guztietara musika iritsiko da bozgorailuak eramango dituzten bizikletei esker. Hortaz gain, lasterkertariak 4 anoa-postuetatik igaroko dira indarrak berritzeko eta denbora ezberdinak markatuko dituzten erbien gidaritzapean proba egiteko aukera izango dute.

Azken izen-emateak
Irungo Maratoi Erdian zein 10 kilometrotako lasterketan parte hartzeko izen-emateak otsailaren 15ean itxiko dira. Klubak antolatutako beste kirol ekitaldietan ez bezala, probaren egunean bertan ezingo da lasterketetarako izen ematerik egin. Probek prezio ekonomikoak mantendu zituzten izen-emateak ireki eta lehenengo asteetan zehar. Orain, ordea, otsailaren 10etik aurrera Irungo III. Maratoi Erdian izena eman nahi duten korrikalariek 28 euro eta 10 kilometroko lasterketan parte hartzeko asmoa dutenek 16 euro ordaindu beharko dituzte.

Korrikalariaren Azoka
Probaren egunaren aurretik, otsailaren 15ean Korrikalariaren Azoka antolatuko da Palmera Montero eraikinean. Azokako ateak goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara zabalik egongo dira. Bertan korrikalarientzako poltsak eta dortsalak bana-tzeaz gainera, azken orduko lasterkariek probetan izena emateko azken aukera izango dute. Hortaz gain, lasterketaren antolakuntzan lagunduko duten boluntarioen lana koordinatuko da. Azokan, Brooks, Leire Sport eta Peugueot markako kotxeen postuak izango dira. Gainera, Brooks markaren eskutik zapatila berriak probatzeko aukera eskeiniko da, Leire Sport dendan egingo dena. Aurten, ordea, ez da korrikaren munduko adituen hitzaldirik antolatu.

Bolondresen ekarpena
Korrikalari eta antolakuntzaz gainera, proba antolatzeko 250 boluntarioen laguntza ezinbestekoa da. Horregatik, proban boluntario lanetan aritzeko prest dagoen edozein pertsona batatletismo@gmail.com edo batih@telefonica.net helbide elektronikoetara idaitziz probaren antolakuntzarekin harremanetan jartzeko aukera izango du. Boluntario guztiek lasterketan zehar egindako lanaren truke 20 euro jasoko dituzte, hamaiketakoa eta probako kamiseta etxera eramateaz gainera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude