Otsailaren 3tik Caser Residencialek Betharramen duen egoitzaren sarreran argazki erakusketa berria ikusgai dago. Erakusketa 2019. urteko urrian Hendaiako Belaunaldi Ezberdinen arteko Mugaz-gaindiko Aste Urdinaren barnean antolatutako ekintzetako baten emaitza da. Jardueraren helburua adineko pertsonak eta argazkilariak elkartzea zen, erretratuez osatutako argazki erakusketa baten bitartez pertsona helduekiko gizarteak duen pertzepzioa aldatzeko.
Caser Residencialek 2017. urtean sinatutako hitzarmenaren ostean, urtero Hendaian antolatzen den Aste Urdinaren prestaketan eta jardueren antolaketan era aktiboan parte hartzen du. Azken urteetan zehar aste bateko iraupena duten jardunaldiek belaunaldiarteko izaera hartu dute, gizarteko atal ezberdinak hurbiltzeko asmoz.
2019. urteko Aste Urdinaren barnean Hendaiako adineko pertsonen erretratuekin argazki erakusketa sortzeko proiektua martxan jarri zen. Horrela, argazkien bitartez gizarteari adineko pertsonen alderdi ezezaguna ikustaraztea lortu nahi zen, pertsona horien atzean ezkutatzen den jakinduria eta edertasuna erakusteko. Caser Residencialetik adierazi dutenez, ekintza oso aberasgarria izan da argazkilari, erretratuetan ageri diren adineko pertsona eta haien inguruko senide eta langileentzat.
Erakusketa osatzen duten erretratuetan Caser Residencialen Eguneko-zentroetako erabiltzaileak diren pertsonek eta Hendaiako zerbitzu sozialetako erabiltzaileak ageri dira. Erretratuetako protagonistek 65 urtetik gora dauzkate eta haien borondatez erabaki zuten erakusketan parte hartzea haien egunerokotasunean egiten dituzten ekintzak erakusteko. Bestetik, Serge Minguet eta Bertrand Bayle izan ziren protagonisten bizimodua irudietan islatzeko ardura izan zuten artistak, adineko per-sonen etxe zein egoitzetara hurbilduz haien aurpegi naturalena erakusteko.
Ibilbide luzeko erakusketa
Erakusketa Hendaiako Aste Urdinaren banrean inauguratu zen eta Liburutegi eta Haizpean zahar-etxetik igaro da jada. Horren ostean, erakusketa biziarazteko helburuarekin, argazkiak leku desberdinetan erakutsiko dira. Martxoaren 23ra arte erakusketa Caser Betharramen kokatuta egongo da eta, ondoren, apirilean Mendi Zola erakusketa aretora iritsiko da. Caser Residencialek egoitzako erabiltzaileen senide eta lagunak Betharrameko egoitzara hurbiltzera gonbidatzen ditu, erretratuak gertutik ikusi eta adineko pertsonen begiraden atzean ezkutatzen den errealitatea ezagutzeko.