1920. urteko aldizkaririk topatu ezean, 1918. urteko aldizkariak aukera aproposa izan daitezke duela mende bat Irunen albiste ziren gertaerak errepasatzeko. 1918ko irailaren 15ean argitaratutako “El Bidasoa” aldizkaria Stefaniai piano-joleak Irunen eskainitako azken kontzertuaren inguruko kronika zabal batekin hasten du “RE-LA-MI-DO”-k. Ostean, aldizkariaren sorreratik 3 urte bete direla gogoratzen duen artikulua irakur daiteke. Titok olerki itsurako testu baten bitartez alaba bat izan berri duen lagunari bere burua eskaintzen dio etorkizunean alabarekin ezkondu eta alaba bat izateak eragin ditzakeen “buruhausteak” saihesteko asmoz. Do Mayorrek, berriz, El Bidasoa aldizkaria musika banden inguruan gehiegi luzatzen ari dela salatzeko idatzia argitaratzen du.
“X.” izenordea erabiltzen duen aldizkariko kolaboratzaileak Hondarribiko hondartzan eguna pasa ostean, etxerako itzuleran poliziarekin izandako topaketaren anekdota kontatzen du. Jarraian, Ballesterok Irunen egindako egonaldiaren inguruan ezagutzen diren xehetasun guztiak argitaratzen dira. Aldizkariaren hurrengo idatzian Cástor Gonzalez hiriko maisuaren heriotzaren berri ematen da. Satarka kolaboratzaileak “Maitasun Naya” olerkia publikatzen du irailaren erdialdeko zenbaki honetan. Ostean, udaletxearen eraikinean hobekuntza lanak egiteko adostutako akordioaren detaileak azaltzen dira.
B. Urtizek sinatutako idatzian fruta-arbolak zaintzeko zenbait gomendio ematen dira hiriko arbolen itsura eta osasuna hobetzeko baliagarriak izango direlakoan. Kriol kronikan, berriz, Gipuzkoako Futbol Txapelketaren inguruko datu nagusiak ezagutarazten dira. Hortaz gain, azkenaurreko orrialdearen gripearen epidemiaren lehen aipamen bat egiten da aldizkarian, nahiz eta momentu hartan Irunen egoera oraindik nahiko kontrolatuta zegoela aipatu. Azkenik, “Hace años …”, “Notas Municipales” eta “Ecos de sociedad” atal finkoekin amaitzen da “El Bidasoa” aldizkariaren 159. zenbakia publizitatez betetako azken orrialdearen aurretik.