Txingudiko Zerbitzuek uraren tarifa eta etxe jasangarrien hondakin-tasa izoztuko ditu 2027an 

Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko Batzarrak 2027rako uraren eta hondakinen tarifak onartu ditu gaur, azaroak 17. Erabaki horren arabera, uraren tarifa izoztuta geratuko da kontsumo-tarte guztietan, bai etxebizitzetarako bai jarduera ekonomikoetarako, 2026an ezarritako tartekako fakturazio-sistemari eutsiz kontsumo arduratsua sustatzeko. Hondakinei dagokienez, edukiontzi marroia modu eraginkorrean erabiltzen duten etxeek urtean 151,60 euro ordaintzen jarraituko dute, baina gainerako etxebizitzek 285,36 euro ordaindu beharko dituzte —aurten baino 4 euro inguru gehiago—, bilketa- eta garraio-kostuak garestitu direlako.

Bi tarifen arteko aldeari esker, etxe jasangarriek 130 euro baino gehiago aurreztuko dituzte urtean. Hori dela eta, Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuak-eko gerenteak janari-hondarrak edukiontzi marroira botatzera eta papera, ontziak zein beira bereiztera animatu ditu familiak, «etxeko ekonomiari mesede egiteaz gain, eskualdeko ingurumena zaintzen laguntzen» dutelako. Bestalde, jarduera ekonomikoen hondakin-tasa % 1,6 igoko da, eta Arasoko zein Akartegiko garbiguneetako tarifak ere eguneratuko dira.

Eskualdearen biziklapena datuetan 

Eskualdeko birziklapen-datuei erreparatuta, 2026an Irungo eta Hondarribiko 24.848 etxebizitzak zuten izena emanda hondakin organikoen gaikako bilketan —bi udalerrietako 36.485 etxeen % 68k, hain zuzen—. Jasotako joera onari esker, erakundeak aurreikusten du 2027an 3.600 tona organiko inguru bilduko direla eta errefusa 19.600 tonara murriztuko dela (2026rako aurreikusitako 19.840 tonen aldean).

Uraren arloan, berriz, 2025ean 4,47 milioi metro kubiko kontsumitu ziren Bidasoa Beherean, aurreko urteetako 4,38 milioien gainetik. Uraren tarifetatik bildutako diruarekin eta maileguei aurre egin ostean, Txingudiko Zerbitzuak-ek 1.832.391 euro bideratuko ditu inbertsioetara 2027an. Diru-kopuru horrekin San Migel-Anakako saneamendu-sarea berrituko da, Endarako urtegian obrak egingo dira, Irungo erdialdeko eta Olaberria landa-eremuko ur-hornidura hobetuko da, ur-sareak digitalizatzen jarraituko da eta Behobia-Gal eremuko kolektoreak birgaituko dira Uramuga mugaz gaindiko proiektuaren barruan.

Babes sozialerako neurriei eutsiz

Azkenik, 2027ko tarifek babes sozialerako neurriei eutsiko diete. Zailtasun ekonomikoak dituzten etxeek —bereziki Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek— % 50eko murrizketa izango dute ohiko etxebizitzaren tarifan, baldin eta hondakin organikoen bilketan izena emanda badaude (edukiontzi marroia edo autokonpostajea erabiliz) eta ura modu jasangarrian kontsumitzen badute. Era berean, familia ugariek uraren tarifa berezia izaten jarraituko dute, eta etxeko tarifa orokorraren kontsumo-tarte bakoitzeko mugak halako bi aplikatuko zaizkie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude