Hiru urtez tarifak izoztuta mantendu ondoren, Txinzerrek tarifen igoera onartu du  2025erako

Txinzerrek tarifen igoera onartu du  2025erako, erronka berriei aurre egiteko proiektu garrantzitsuak finantzatu ahal izateko. Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzarrak 2025erako hondakinen eta uraren tarifak onartu ditu, birziklapena sustatzeko eta entitatearen inbertsio-gaitasuna berreskuratzeko helburuarekin.

Hiru urtez tarifak izoztuta mantendu ondoren, Mankomunitateak erronka berriei aurre egiteko konpromisoa hartu zuen iaz, eta tarifa-doikuntza honek proiektu garrantzitsuak finantzatzeko aukera emango du. Besteak beste, lehendik dauden azpiegiturak berrituko dira, hala nola Atalerrekako ur araztegia. Halaber, beharrezkoak diren azpiegitura hidraulikoak hobetuko dira, eta euri-ur deposituak eraikiko dira. Tarifetan egindako ahalegin honek beste proiektu gako batzuk finantzatzeko aukera ere emango du, esaterako, Txingudi Data Driven Bay proiektuaren bidez ur zikloaren digitalizazio. Era berean, Behobian bezalako mugaz gaindiko eremuetako kolektoreak berrituko dira, URAMUGA Europako proiektuaren baitan.

Jarduketa horiek klima-aldaketaren ondorioak minimizatuko dituzte, hala nola prezipitazio biziek denbora-tarte laburretan eragindako uholdeak, bai eta gure ibaietako ur-masen kutsadura murriztea ere.

Hondakinen tarifa

2025erako, Txingudiko Zerbitzuakek eutsi egingo dio materia organikoa bereizten duten familientzat tarifa bereiziak ezartzeko konpromisoari. Horrela, %5eko igoera onartu da “familia jasangarrientzat” (urtean 7 € gehiago), eta %12ko igoera aplikatuko zaie materia organikoa bereizten ez duten familiei. Ildo horretan, honela finkatu dira 2025erako tarifak honela ezarri dira:

  • Materia organikoa bereizten duten etxebizitzak: 147,84 € urtean.
  • Materia organikoa bereizten ez duten etxebizitzak: 272,88 € urtean.

Familia jasangarrientzat aurrezki ekonomikoa nabarmena da, izan ere, materia organikoa bereizten dutenen eta ez dutenen artean urtean 125,04 €-ko aldea baitago. Leire Zubiturrek, Txingudiko Zerbitzuaken gerenteak, familia guztiak animatu ditu praktika horrekin bat egitera, eta azpimarratu du “familia-ekonomiari laguntzeaz gain, Irungo eta Hondarribiko ingurumena zaintzen ari garela”. Zubiturren arabera, “familia guztientzat tasaren hazkunde lineala aukeratu izan balitz, igoera % 10,60koa izango litzateke”. Hala ere, Txingudiko Zerbitzuek tarifen bereizketari eustea erabaki dute edukiontzi marroiaren erabilera sustatzen jarraitzeko, funtsezkoa baita 2030erako % 70eko birziklatze-helburua lortzeko.

Tarifen egokitzapen hori, batez ere, zerbitzuari lotutako kostuen igoerari zor zaio, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan kudeatutako tratamendua, errausketaren gaineko zerga berria eta hondakinak bildu eta garraiatzeko zerbitzuen kontratuaren kostuen eguneratzea barne, 2024an onartutako Hitzarmen Sektorialean ezarritakoaren arabera.

“Egoera zaurgarrian dauden familientzako laguntzak aktibo jarraituko dutela gogoratzea funtsezkoa da, baliabide gutxien dituzten herritarrentzat babes soziala mantenduz. Horrela, baldintzak betetzen dituztenei uraren eta zaborren ordainagirian tarifa murriztua aplikatuko zaie. Horrek, tarifa arruntarekiko %50eko beherapena suposatzen du” nabarmendu du Zubiturrek.

Bestalde, etxekoak ez diren abonatuentzat eta sortzaile handientzat tarifa %12 igoko da, eta abonatuek establezimenduaren dimentsioen eta egiten duten jardueraren arabera ordainduko dute.

Uraren tarifa

Uraren zikloari dagokionez, 2025erako %5eko igoera onartu da. Igoera hau, iazkoa bezala, funtsezkoa da inbertsio estrategikoen jarraitutasuna bermatzeko, hiru urtez tarifa izoztuta mantendu ondoren. Denbora-tarte horretan, kontsumigarriak, energia eta kanpo-zerbitzuen kostuak nabarmen igo dira, eta ezinezko bihurtu da aurreko prezioak mantentzea. Doikuntza honek URAren kanonaren igoerari eta hornidura eta zerbitzuen kostuen igoerari erantzuten dio.

Mankomunitatearen kalkuluen arabera, batez besteko kontsumoa duen familia batek hilero euro bat baino zertxobait gehiago ordainduko du uraren ordainagiriaren igoera honekin. Zubiturrek azpimarratu du igoera handiagoak aztertzen aritu direla, %15 ingurukoak, pandemia aurreko inbertsio-gaitasuna azkarrago berreskuratzeko, baina %5eko igoera moderatua aukeratu dutela. “Igoera gradual honek inbertsio-gaitasuna pixkanaka berreskuratzen lagunduko digu, herritarrengan eragin handirik gabe” ziurtatu du.

Cristina Laborda, Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteak, tarifen doikuntzen garrantzia azpimarratu du: “Europako araudia betetzea, arau bat izateaz gain, eredu jasangarri baterantz aurrera egiteko aukera da. Tarifen %5eko igoera beharrezkoa da kostuen igoerari aurre egiteko eta zerbitzuaren kalitatea mantentzeko. Igoera ekonomiko oro sentikorra den arren, zentzuzkoa eta beharrezkoa dela uste dugu ingurumenaren babesa bermatzeko eta gure inbertsio-gaitasuna ziurtatzeko. Beste udalerri batzuek beren tarifak %25 edo gehiago igo dituzten bitartean, guk igoera neurritsuagoa egitea aukeratu dugu”. Uraren tarifaren %5eko igoerari dagokionez, Labordak gaineratu du doikuntza honek inbertsioa dakarrela, baliabide hidrikoen kudeaketa hobetuz eta herritarrekiko erantzukizuna erakutsiz: “Uraren zikloaren digitalizazioa eta azpiegituren hobekuntza ezinbestekoak dira klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko, eta tarifa eguneratze hau funtsezkoa da horretarako”.

Bestalde, Mankomunitateko presidenteorde Igor Enparanek adierazi du: “Tarifen eguneratzea beharrezko kostuak estaltzeko kalkulatua izan da, zama gehigarririk gehitu gabe. Eskualdearen iraunkortasun ekonomikoa babestea eta kalitatezko zerbitzuak mantentzea da helburua”. Enparanek adierazi du birziklatzen ez dutenek kostu handiagoak asumituko dituztela, baina faktura murrizteko bidea ere eskaintzen zaiela birziklapenaren bidez, eta hori ekarpena egiten duten herritarrekiko justizia-ekintza dela. Era berean, azpimarratu du “eskualdearen ongizatean egindako inbertsioa dela, eta herritarrek ulertuko dutela ahalegin partekatu hau ezinbestekoa dela erabiltzen ditugun zerbitzuak hobetzeko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude