Txingudiko Zerbitzuakek Uraren Ziklo Integrala Digitalizatzeko apustua egin nahi du

Txingudiko Zerbitzuak-ek “Txingudi Data Driven Bay” izeneko proiektua aurkeztu du Hiri Uraren Ziklo Integrala Digitalizatzeko PERTEra. Asmo handiko proiektua da, eta enpresak ezarritako ildo estrategikoari jarraituz, Irunen eta Hondarribian ura biltzeko, hornitzeko, saneatzeko, arazteko eta isurtzeko sistemak erabat digitalizatzea du helburu. Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren laguntzen deialdirako aurkeztutako proiektuaren aurrekontua 10.891.282 eurokoa da, eta horietatik % 75eko diru-laguntza eskatu zaio Ministerioari, 8 milioi euro baino zertxobait gehiago.

“Txingudi Data Driven Bay” proiektuan tresna teknologiko aurreratuak erabiliko dira, hala nola Adimen Artifiziala eta Machine Learning. Tresna horiei esker, datu-kopuru handiak aztertu eta ur-baliabideak hobeto ezagutuko dira. Horrek, aldi berean, uraren kudeaketa eraginkorragoa izatea eta Irungo eta Hondarribiko herritarrei kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzea ahalbidetuko du.

Herritarrei zerbitzuak ematerako garaian eraginkortasuna, jasangarritasuna eta ingurumen-kalitatea funtsezkoak direla jakinda, Txingudiko Zerbitzuak-ek Datuen Zientzian oinarritutako kultura antolaketa ezarri du 2010etik eta ordudanik, digitalizazioa funtsezko tresna bihurtu da enpresarentzat helburu hori lortzeko.

Trantsizio Ekologikoko Ministerioak abiarazitako laguntzen deialdira aurkeztutako proiektu honi esker, uraren ziklo integralaren kudeaketa nabarmen hobetuko da. Hori lortzeko, kudeaketa-adierazleen kopurua bikoiztuko da, eta funtsezko puntuetan sentsorika desberdina ezarriko da. Sentsorika horren bitartez, ahal bezain beste datu jasoko dira etengabe eta denbora errealean Eragiketa Adimendunen Zentroan, eta bertan aztertuko dira Adimen Artifizialeko teknologia eta Big Data erabiliz erabakiak ahalik eta azkarren hartzeko modua hobetu eta iragarpen-ereduak sortzea errazagoa izan dadin.

Bildutako datuei esker uraren ekoizpena herritarren eskarira egokituko da, kostu operatiboak murriztu eta ur-hornidura eraginkorragoa bermatuko dira. Gainera, uholdeen ondorioak minimizatzeko neurriak hartu ahal izango dira, bai eta eroanbideetan ur parasitoen sarrerak murrizteko ere. Horrela, azpiegituran kalteak saihestuko dira eta itsasora egiten diren isurketa kopurua txikiagotuko da. Era berean, modu eraginkorrean erantzun ahal izango zaio ur-eskasiari, neurriak hartu ahal izango dira eurite handiko aldietan gainezkatzeak murrizteko, uraren kalitatea denbora errealean ezagutuko da, ihesak detektatu ahal izango dira eta baita aurreikuspenak aztertu eta emariak kontrolatu ere. Horri guztiari eta kokapen-sistema geografiko hobetu bati esker, baliabideak benetan beharrezkoak diren lekuetan zehaztu eta mugatuko dira, haien eraginkortasuna maximizatuz eta hondakinak murriztuz. Laburbilduz, aurkeztutako proiektua funtsezkoa izango da uraren ziklo integralaren kudeaketa digitala eta jasangarria bermatzeko eta ingurumena babesten laguntzeko.

“Txingudi Data Driven Bay”-ren helburua kudeaketa jasangarriagoa eta seguruagoa lortzea da, datuengandik balioa atera eta informazioa adimen bihurtuz modu eraginkorragoan eta iraunkorragoan kudeatzeko. Kudeaketa hori erraztuko duten irtenbide teknologikoak sei jarduera nagusitan antolatu dira. Lehenengo jarduerak aktibo guztiak irudikatu eta digitalizatuko ditu, eta Irungo eta Hondarribiko ur-baliabideak biltzeko, hornitzeko, saneatzeko, isurtzeko eta arazteko sistemak ebaluatuko ditu. Gainera, uraren zikloaren lau fase horietan kudeaketaren eraginkortasuna handitzeko lau jarduera gauzatuko dira. Jarduera nagusi horiei esker, besteak beste, baliabide hidrikoen aurreikuspenean oinarrituta ur eskaria zehaztuko da eta, era horretan, ur-ekoizpena biztanleen eskarira egokituko da, erregistratu gabeko ur-bolumena % 33 murriztuko da (% 30etik % 20ra), ur bizkorren bolumena % 50 gutxituko da (marea-iragazketak, euri-ur hidraulikoak) saneamendu-sarean, edota arintzeetan hondakin lodi eta flotatzaileen % 100 ezabatzea lortuko da.

Era berean, proiektuaren ardatza izango da Eragiketa Adimendunen Zentroan sortzen den informazio guztia, herritarrei eta administrazio publikoei gardentasun osoz ematea, betiere eraginkortasun energetikoa kontuan hartuta. Irun eta Hondarribiko biztanleek kontsumo-datuak ikusi ahal izango dituzte, horien berri izan dezaten eta uraren erabilera eraginkorragoa eta iraunkorragoa egin ahal izan dezaten. Garatuko den energia-jardueraren hobekuntzaren ondorioz, Domikoko urtegian energia-ekoizpenaren efizientzia-galerak % 50 murriztea edo energia-kontsumo handieneko azpiegituran autokontsumoa sustatzeko hondakin-uren araztegiko instalaziorako eguzki-energia lortuko da. Txinzerrek herritarrekin duen konpromisoak berebiziko garrantzia du bere jarduera guztietan, eta egunez egun egiten da lan eskainitako zerbitzuen kalitatea hobetzeko. Zerbitzu publikoak kudeatzen dituen erakunde gisa, Txinzerrek bat egin du 2030 agendarekin, ingurumenarekin konprometitu eta herritarrekin batera mundu jasangarriagoa lortzeko aldaketak bultza daitezkeelakoan.

Ildo beretik, proiektu honek uraren hiri-zikloaren kudeaketaren premia nagusiei erantzungo die, Europar Batasunak, 2030 Agendak eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuek (trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, genero-berdintasuna eta gizarte- eta lurralde-kohesioa) ezarritakoarekin bat etorrita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude