Ama Xantalen ermitako ateak doan irekiko dira abuztuaren 18an

Datorren igandean, abuztuaren 18an, Ama Xantalen egunaren baitan, izen bereko ermita eta hiriko ondare arkeologikoaren aztarnategi garrantzitsuenetako bat doan irekiko da jendearentzat. 10:00etatik 20:00etara doan bisitatu ahal izango dira ermitako nekropolia eta erakusketa-gunea. Ermitaren irekieraz arduratzen da urteko Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea, Xantalen jaiaren barruan. Horrez gain, abuztuaren 17an, larunbatarekin, ermitan beste jarduera batzuk ere egingo dira, hala nola ohikoa den meza eta Txapelaundi Sarien banaketa.

Ermitak erakusketa bat dauka barruan, eta, horri esker, bisitariek Oiasso erromatar hiriko nekropolia ikusi ahal izango dute 3Dn berreraikita, bai eta haren aztarna arkeologikoak ere aldarea eta sarrera nagusia lotzen dituen pasabidetik.

Gogorarazi behar da ezen, horrekin batera, urteko igande guztietan, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz, Oiasso Museoak ermita barruan bisita gidatuak eskaintzen dituela Irun Erromatarraren Tourra ibilbidea eginez. Tourra dohainik dago mugikorretan.  Jarduera hori egiteko, ordua eskatu behar da, 943 639 353 telefono-zenbakira deituta, eta ordaindu egin behar da: helduek, 5,75 euro, eta 6-14 urteko umeek, 4,00 euro; 6 urtetik beherakoek, doan.

Ama Xantalen ermitaren historia

Erabilera erlijiosoek 2.000 urte iraun dute Ama Xantalen ermitan. Hasiera batean, nekropoli edo hilerri bat zen, eta Oiassoko asentamendu erromatarreko biztanleen hiletetarako erabiltzen zen. Geroago, X. mendean, eliza txiki bat egin zuten, eraikin pagano bat baliatuz. Eliza txiki horren ordez tenplu kristau bat eraiki zuten XIV. mendean, eta XVI. mendean hartu zituen egungo neurriak tenplu horrek. Ermita Konstantino enperadorearen ama Elenari eskainia dago. Konstantino enperadoreak baimendu zuen kristautasuna, 313. urtean. Elena, berriz, santutu egin zuten, Jesus Nazaretekoa gurutziltzatu zuten gurutzearen hondarrak aurkitzeagatik.

Ama Xantalen ermita euskal kultur ondarearen barruko babes bereziko kultur ondasun bat da, eta Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue bidearen zatiko monumentu multzoaren barruan dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude