Bihar eguerdian Irungo Emakumeen Etxearen irekiera ospatzeko ekitaldia egingo da

Irungo Emakumeen Etxea larunbat honetan zabalduko da ofizialki, Istillaga plazako 8 zenbakian. Irungo Emakumeen Etxeak erreferentziazko espazio feminista eta aurrez aurreko bileretarako topagunea izan nahi du.

Eguna, berezia eta luzaroan espero izandakoa, 12:00etan hasiko da, Kemen Dantza Taldearen agur batekin eta María Martín Campos kantari irundarraren emanaldi batekin, eta Irungo alkate José Antonio Santanok eta Irungo Emakumeen Etxeko Elkarteko ordezkariek ere parte hartuko dute ekitaldian. Ondoren, emakumeek eta erakunde eta elkarteetako ordezkariek bisita gidatu batean parte hartu ahalko dute, joan den irailetik Irungo emakume guztien eskura dauden instalazio eta zerbitzuak ezagutzeko. Ekitaldia 13:00etan amaituko da, Maider eta Leire biolin jotzaileen bikote baten emanaldiarekin, eta aperitibo bat ere izango da, jardunaldiari amaiera emateko.

Irungo Emakumeen Etxea sortzeko proiektua 2020an jaio zen, partaidetza prozesu baten bidez, eta Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak ekipamendua elkarrekin kudeatzeko hitzarmen bat sinatuta bukatu zen. Hain zuzen ere, Etxea sortzea Irungo IV. Berdintasun Planaren helburuetako bat zen.

Irungo Emakumeen Etxea hiriko emakume guztiak elkartu eta biltzeko eta elkarrekin hausnartzeko gune bihurtzea da helburua, emakumeen ahalduntzea sustatzen duten politika, programa eta proiektuetan eragiteko eta, horrela, gizarte bidezko eta berdinzaleago bat eraikitzeko bidean aurrera egiteko.

Inaugurazio ofizialaren esparruan, komunikazio kanpaina bat jarri da martxan, Etxea ezagutarazteko: Missbermi artistak irudi berri bat sortu du, jatorri, adin, lanbide… desberdinetako emakumeak ageri dituena eta laster hainbat euskarritan jarriko dena. Izan ere, hauxe da proiektuaren helburu nagusietako bat: Irungo Emakumeen Etxea emakume guztientzako gune gisa agerraraztea.

 

Zerbitzu eta baliabideak

Hona hemen Irungo Emakumeen Etxeak hiriko emakume guztien eskura jarriko dituen zerbitzu eta baliabideak:

 

  • Iguálate

Zerbitzu hau zaintzaren eta etxeko lanen sektorean lan egiten duten emakume migratzaile irundarrentzat da, eta ikasketen homologazioari eta prestakuntza ibilbideei buruzko informazioa eta aholkuak ematea du helburu. Hileko azken astearteetan emango da, 16:00etatik 20:00etara.

  • Emakumeei lege aholkuak emateko zerbitzua

Informazio eta lege aholku espezializatuak emango dizkie emakumeei, gai hauen inguruan: familia zuzenbidea; lan arloko zuzenbidea (lan arloko zuzenbidea bera eta gizarte segurantzaren inguruko gaiak); atzerritartasuna; zigor zuzenbidea (orokorra zein genero indarkeriaren inguruko gaiak); espetxe zuzenbidea; izapideak egiteko lege aholkuak, hala nola doako laguntza juridikoa eskatzekoak; eta genero arrazoiengatik bere esparrukotzat jotzen den beste edozein gairi buruzko lege aholkuak. Astelehenero egongo da martxan, 16:00etatik 18:00etara.

  • Sexu gaiei buruzko aholkuak emateko zerbitzua

25 urtetik gorako emakume irundarrei sexu gaiei buruzko orientazioa eta aholkuak emateko sortu da, eta hamabostean behin emango da, astelehenetan, 17:00etatik 18:00etara.

  • Garaitu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu publiko bat da; Irungo eta eskualde osoko emakumeei indarkeria matxistaren eta sexu erasoen aurkako laguntza psikosozial, sozioedukatibo eta soziojuridikoa emateko zerbitzu bat.

Ahalduntze Eskola

Antzerki tailer bat,  kantu ikastaro bat eta autoezagutza tailer bat, besteak beste: urritik 2024ko otsailera bitartean, Irungo emakumeek jarduera programa zabal eta erakargarri bat izango dute eskura, Emakumeen Etxearen sarrerako instalazioetan. Ikastaroetan izena emateko epea joan den irailean bukatu zen, baina, Berdintasun Arloko arduradunek adierazi dutenez, 2024ko lehen hilabeteetan ikastaro berriak argitaratzeko asmoa dute, 2024ko otsailetik ekainera artekoak.

Ordutegia

Irungo Emakumeen Etxea astelehenetik ostiralera dago zabalik, 09:30etik 12:30era eta 16:00etatik 20:00etara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude