Dunboa auzo elkarteko liburutegiak Liburuaren Eguna ospatzeko inoiz baino ekintza gehiago antolatu ditu. Batetik, apirilaren 23an hasita, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera, liburuaren inguruko kultur jardunaldiei hasiera emango diete. Jardunaldi horiek apirilaren 30era arte luzatuko dira. Aurten ordea, garrantzi berezia izango du apirilaren 28an, igandean, egingo den Bidasotarren I. Liburu Azokaren lehen edizioak.
Dunboako liburutegiko kultur jardunaldiak
Dunboako liburutegiko kultur jardunaldiak apirilaren 23an, asteartean, hasiko dira. Arratsaldeko 19:00etan Koldo Salinasek “Comandos en la comandancia militar del Bidasoa. 1937” hitzaldia emango du. Apirilaren 24an, asteazkenean, 19:00etan genealogiaren hastapenak ezagutzeko ekintza egingo da.
Asteburuan zehar ere ekintzez beterik dataz kultur jardunaldiak. Apirilaren 27an, larunbatean, 11:00etatik 13:00etara Xake goiza antolatu dute xake erraldoiarekin, adin guztietako parte-hartzaileentzat. Apirilaren 28an, igandean, Bidasotarren I. Liburu Azoka barnean, hainbat ekintza egingo dira auzo elkartearen inguruan goiz osoan zehar. Azkenik, apirilaren 30ean, bi literatur hitzaldi egingo dira programari amaiera emateko; 18:00etan Miren Olascoagaren txanda izango da eta 19:00etan Roman Huarterena.
Bidasotarren I. Liburu Azoka
Dunboako liburutegia, urtero antolatzen duen aste kulturalaz gain, aurten erronka handiago baten aurrean jarri da: Bidasoko idazleak elkartuko zituen liburu azoka antolatzea. Auzo elkarteko Kike Gorrotxategik azaldu duenez, auzoko liburutegi bat izan arren, asko eta asko dira beren lanak aurkezteko bertara hurbiltzen diren idazleak. Idazleekin hitz egiterakoan askok aipatu diete zaila egiten zaiela hirian beren sorkuntzez hitz egiteko espazioa topatzea. Horrela, Dunboako liburutegiko arduradunei Bidasoako idazleak bilduko dituen ekitaldi bat antolatzea bururatu zitzaien.
Hitzordua apirilaren 28an, igandean, izango da, goizeko 10:00etatik 14:00etara. Ekintzak Martxoak 8 kaleko 4. zenbakiko behean Dunboa auzo elkarteak dituen lokalen inguruan egingo dira. Kike Gorrotxategik onartu du ekitaldia antolatzen hasi zirenean ez zutela hainbesteko parte hartzea espero. Izan ere, azkenean 22 idazle bidasotarrek parte hartuko baitute goizean zehar egingo diren ekitaldi ezberdinetan. Hasiera batean ekitaldia soilik eskualdeko idazleentzat antolatzeko asmoa zuten, baina jendearen prestutasuna ikusita, Bidasoa ibaiaren inguruko idazleen guztiei luzatu diete gonbidapena. Gainera, Kike Gorrotxategik gogoratu duenez, liburutegiak aspaldi idazle bidasotarren liburuak erakusteko apalategi berezi bat sortu zuen, irakurleen bertan idatzitako lanak aurkitzeko erraztasuna izan dezaten.
Azken xehetasunak lotzeko daudela, hauexek izango dira apirilaren 28an Dunboan egingo diren ekintzak:
- 10:00etan Aurkezpena eta irekiera. Musika emanaldia Irungo Kontserbatorioko ganbera talde baten eskutik.
- 11:00etan Poesia errezitaldia.
- 12:00etan Mahai-ingurua. Edizioa eta autoedizioa. Streaming bidez emango da Youtuben
- 13:00 Literatur solasaldia Bakarne Atxukarrorekin. Bere azken lana aurkeztuko du: “Herri Inauteriak. Haurrentzako ipuinak “
- 14:00 Agurra eta itxiera
Hortaz gain, elkartearen aurreko plazan ere beste hainbat ekintza egingo dira goizean zehar:
- Idazleentzako erakusketa gunea.
- Bigarren eskuko libururako gunea.
- 11:30ean Ondareko erraldoiak aterako dira txaranga batek lagunduta.
Hortaz gain, liburutegiko gela haurrentzako jarduerak egiteko erabiliko da, eta horiek komunikatzen joango gara.