Ekoetxea Txingudik jarduera oparoz itxiko du ASTEKLIMA igande honetan

Irungo Ekoetxea Txingudik igande honetan, urriak 25, emango dio amaiera Euskadiko Klima eta Energiaren Asteari (ASTEKLIMA), egun osoko egitarau bereziarekin. “Zure aztarna keinu bakoitzean hasten da” goiburuari eutsiz, ingurumen-zentroak adin guztietako herritarrei zuzendutako doako esperientziak antolatu ditu, eguneroko erabaki txikiek planetaren etorkizunean duten eragina irudikatu eta aztarna ekologikoa murrizteko tresnak eskaintzeko.

Igandeko egitaraua goizeko 10:30ean abiatuko da, San Lorentzo aintzirara egingo den ‘Eta naturari lekua itzultzen badiogu?’ ibilbide gidatuarekin (16 urtetik gorakoentzat). Saio horretan, ekosistemaren oreka berrezartzeak dituen gizarte- eta ingurumen-onurak bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da. 11:00etatik aurrera, berriz, Klima Azokak irekiko ditu ateak (14:30era arte goizez, eta 15:30etik 18:00etara arratsaldez). Sei urtetik gorako haurrei eta familiei zuzendutako gune berezi honek zazpi karpa ezberdin izango ditu, eta jolas, dinamika eta erronka-pasaporte baten bidez, energia, mugikortasuna edota kontsumo ohiturak modu dibertigarrian landuko dituzte.

Eguerdian, 12:00etan, umorea izango da nagusi ‘Naturwoman’ ikuskizunarekin (6 urtetik aurrera). Superheroi baten eskutik, familiak klima-aldaketaz sentsibilizatuko dira, arreta berezia jarriz 3R komandoaren mezuan: murriztu, berrerabili eta birziklatu. Azkenik, arratsaldeko 16:30etik 18:30era, “Zerekin jokatuko duzu gaur?” izeneko tailerra egingo da “Ruth eta Laida” taldearekin elkarlanean. Bertan, osagai naturalak baliatuz jolas-materialak (plastilina, besteak beste) sortzen ikasiko dute, ekintza klimatikoa etxeko jolasetan ere hasten dela erakusteko.

Ekoetxeak herritarrak gonbidatu ditu igandeko egun handian parte hartzera. Jarduera guztiak doakoak badira ere, edukiera mugatua denez, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea Ekoetxea Txingudiren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude