Arte garaikidea ardatz duen Ribera azokaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute gaur Santiagoko bidegorrian. Azoka irailaren 21eko goizean egingo da, Bidasoa ibaiaren ertzean. Aurkezpenean izan da Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkaria, Ribera Beken Arkaitz Saiz eta Raquel Meyers irabazleekin batera.
Nuria Alzaga Kultura ordezkariak gogorarazi du Ribera Azoka aukera ezin hobea dela herritarrek «arteaz eta historiaz gozatzeko, Bidasoa ibaiaren inguru paregabean».Jaialdi horrek arte garaikidea memoria historikoarekin eta mugaren kontzeptuarekin lotzen ditu. Horretarako, hainbat proposamen egiten ditu, hala nola mural bat egitea –aurten Iñaki Martiarena artistak egingo du–, edo ekintza poetiko-literario bat egitea; azken hau Juan Aizpitarteren ekimena da, eta Grace Sandoval artista eta poetaren bidez egingo da. Ribera Beken emaitzen aurrerapen bat ere aurkeztu dute. Aurten, Arakitz Saiz eta Raquel Meyers “Arkameyers” artistek jasoko dute, “Relatos del Nuevo Hogar” proiektuagatik, eta Miren Tirapuk eta Ainhoa Resanok, “Urak Darama” proiektuagatik.
Lamia, muralaren protagonista
Iñaki Martiarena “Mattin” artistak “Milami” murala egingo du. Gaia izango da lamia eta hark Bidasoan gertatzen diren ahozko euskal tradizioko ipuin eta kondaira ugarirekin duen lotura. Izaki mitologiko hori irudikatzeaz gain, haren tresnarik esanguratsuenak ere irudikatuko ditu, hala nola, ispilua, orrazia, arropa garbitzeko pala edo lihoa egiteko txarrantxa. Aukeratutako paleta kromatikoak arrantza ontziak omenduko ditu: gorria, urdina, berdea, zuria eta beltza. Artista ostiral honetan (irailak 20) hasiko da lanean. Murala Santiagoko bidegorriko biaduktuan egingo dute.
Ribera bekak
Ribera beken emaitzen aurrerapen bat ere aurkeztu dute. Aurten, Arakitz Saiz eta Raquel Meyers “Arkameyers” artistek jasoko dute, “Relatos del Nuevo Hogar” proiektuagatik, eta Miren Tirapuk eta Ainhoa Resanok, “Urak Darama” proiektuagatik.
- “Relatos del nuevo hogar / Etxe berriko kontakizunak”
Egileak: Arkaitz Saiz eta Raquel Meyers “ARKAMEYERS”
Proiektuaren gaia da XX. mendearen bigarren erdiko Bidasoko migrazio nazionalaren memoria kolektibo eta emozionala.
Artistek La Palmera, Porcelanas, Bidasoa, Coches Cama, Aduanak, Montero, Elgorriaga, Sancheski, Recondo edo CAFeko fabrikak erabiliko dituzte elkarrizketak, artxiboa eta bestelako materialak oinarri hartuta sortutako kontakizun kolektibo eta korala kontatzeko. Formatu handiko piezak izango dira, eta aukera emango dute garai hura oroitzen parte hartu nahi duten Bidasoko bisitari eta biztanleekin elkarrizketa sortzeko (Grabagailu batean erregistratuta geratuko dira etorkizuneko erreferentzietarako, eta, gainera, opari bat jasoko dute parte hartzeagatik). Proiektua Santiagotik Recondorako bidegorrirako sarbidean aurkeztuko dute.
- “Urak darama”
Egileak: Miren Tirapu eta Ainhoa Resano
Proiektuaren asmoa da Bidasoa ibaiaren ertzetan bizi diren emakumeen istorioak berreskuratzea eta agerian jartzea. Laiak eskulturaren ondoan egingo dute proiektuaren aurkezpena.
Ekintza poetiko-literarioa
Tailer horretan parte hartzen dutenek Mediatekaren edukiak (fisikoki eta kontzeptualki) ezagutu ahal izango dituzte, Grace Sandoval artista eta poetaren bitartez. “Mediateka” gailu mugikor bat da, ezagutza partekatzen duena bere edukien interpretazio anitzen bidez (testuliburuak, saiakerak, poesia, komikia eta Dokufest mugako jaialdiko filmen aukeraketa bat). Edukiontzi mugikor horrek mugaren gaiari buruzko 100 izenburu inprimatu eta gaikako monografien formako 20 film eta dokumental biltzen ditu.
Edukiontzi mugikor horretatik abiatuta, parte-hartzaileek, beren mugikorren bidez, piezen edukia titular moduan ezagutarazten eta laburtzen duten esaldiak aterako dituzte, eta, gero, esaldi horiek mugako espazioetan islatuko dira, edukiekin harreman espezifiko bat bilatzeko.
Publikoarentzat irekitako mapa-gida interaktibo batean jasoko dira piezak. Ekintza Santiagoko bidegorrian egingo da, Santiagotarrak aldera.



