Ekoetxea Txingudik hegazti migratzaileak behatzeko bisita gidatua antolatu du urriaren 10erako

Ekoetxea Txingudik jarduera berezia antolatu du datorren urriaren 10erako, Hegazti Migratzaileen Mundu Eguna ospatzeko asmoz. “Hegazti Migratzaileen Mundu Eguna: Migrazioa Plaiaundin” izenburupean, Plaiaundiko Parke Ekologikoan zehar ibilbide gidatua egingo da Gorka Gorospe ornitologo ezagunaren eskutik. Goizeko 10:30etik 12:30era bitartean egingo den bi orduko saio honetan, parte-hartzaileek urte sasoi honetan eskualdetik igarotzen diren espezie migratzaileak behatu, haien portaerak interpretatu eta Txingudiko padurek hegaztien babesleku gisa duten garrantzia bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

Jarduera publiko guztiari zuzenduta dago (8 urtetik gorakoentzat gomendatua) eta modu elebidunean eskainiko da, 2 euroko sarrera-prezioarekin. Bisitan parte hartzeko, aurretik izen-ematea egitea beharrezkoa da.

Bisitaren helburu nagusia da naturarekin konektatzea eta herritarrak hegaztiak babesteko garrantziaz kontzientziatzea, behatzea ezagutzeko lehen urratsa dela nabarmenduz. Horrez gain, ikaskuntza aktiboa bultzatuko da hegazti migratzaileak errespetatuko dituzten hiri-espazioak nola eraiki daitezkeen aztertzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude